INDIGENEN KONTRAKO ERASOAK. ANDONI LEDESMA. MISIOLARIA

«Bihar alde egin beharko duten beldurrez bizi dira»

arantxa elizegi egilegor
DONOSTIA
2004ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Kristoren Odolaren Misiolariak kongregazioko misiolaria da Andoni Ledesma hernaniarra. Hamabi urte daramatza Brasilen, herri indigenetan lanean. Egun, Altamira herrian bizi da, Para eskualdean. Arara indigenen egoera zein den kontatu digu berak.

Brasilgo legeak aitortzen al dio arara herriari eskubiderik?



Brasilgo Konstituzioko 231. artikuluak gizarte antolakuntza, ohiturak, hizkuntzak, sinesmenak, usadioa eta lurrak gordetzeko eskubidea onartzen die. Hala ere, Gobernu Federalaren esku uzten du eskubide horiek betetzen direla bermatzea. Haren lana da, esaterako, indigenen lurrak zedarritzea eta zaintzea. Indigenen ongizaterakoeta haien beharretarako ezinbesteko diren baliabide naturalak zaintzea ere, Gobernu Federalari dagokio. Artikulu horrek dio, era berean, debekatuta dagoela indigenak haien lurretatik atera eta beste leku batzuetara eramatea. Garbi dago, baina, legea ez dela betetzen. Kolonizazio garaitik, indigenek tratu txarrak baino ez dituzte jaso.

Zenbat lagun bizi dira eremu horretan?



Brasilgo Gobernuak 1986. urtean kontaktatu zuen noraezean zebilen araren azken taldearekin. Dois Irmaos eta Cachoeira Seca errekastoak jaiotzen diren inguru horretan aurkitu zituzten. Guztira, 33 indigena aurkitu zituzten. FUNAI Indioen Fundazio Nazionaleko beharginen arabera, talde hura osoahulduta zegoen, lastozedo palmondo adarrez egindako txabolatan ezkutatuta. Ziurrenik, zuriek egindako presioen ondorioz zeuden hala haiek. Gaur 73 pertsonek osatzen dute herria.

Zeintzuk dira, gaur, indigenen etsairik handienak?



Brasilgo Gobernuak indigenen lur eremua 1.060.400 hektareakoa zela zehaztu zuen egun berean, zerratoki handi bat eraiki zuten lur horietan, Bannach zerratokia hain zuzen ere. Jabeak errepide bat ireki zuen basoan eta jabetza dokumetu faltsuak baliatuta, bere egin zituen indigenen lurrak. Enpresa horrek babes osoa eskaini zien, hasieratik, lehenengo kolono familiei, eta haiek indigenen lurretan barrura egin zuten, oihana deuseztuz.

FUNAI Herri Indigenen Gaietarako Departamenduak ezer egin al du?



Zenbait ikerketa antropologiko egin zituen eta Arara herriaren aldeko laudo bat ere lortu zuen. Baina, CIMI Indigenen aldeko Misiolarien Batzordeak indigenen lurrak zedarritzeko kanpaina hasi zuen arte, ez zuen deus esan.

Dirudienez, Arara indigenei dagokien lur eremua murriztu asmoz dabil Gobernua. Zertarako erabiliko ditu lur horiek Gobernuak?



Indigenek ez dute bozkatzeko aukerarik, adingabetzat dituztelako. Politikariak dira inbasio horien errudunak. Kolore guztietako politikariak, baita egungo Gobernukoak ere. Medicilandia, Uruara, Placas eta Ruropolis udalerriek, esaterako, bat egin dute haiekin, eta erraztasun guztiak ematen dizkiete zura ustiatzen duten enpresei. Bide berriak egin dituzte indigenen lurretan, eta oihana deusezten ari dira.

Ikusten al duzu aukerarik nazioarteak auzi honetan esku hartu, eta indigenen alde egiteko?



Bai, noski. Larrituta, izututa, eta ahulduta bizi diren indigenen alde egin behar du nazioarteak. Horretarako, nahitaezkoa da haien lurrak zedarritzea. Brasilgo Gobernuari presioa eginda lor daiteke hori. Brasilgo Gobernuari Konstituzioa betearaztea exijitu behar dio nazioarteak.

Zeintzuk dira indigenen eskaerak?



Bakea bermatzea eta euren lurrak zedarritzea.

Bannach enpresak 80. hamarkadan eraiki zuen errepide hark zer ondorio izan ditu?



Legez kanpo zura ateratzeko egin zuten bidea. Gaur ere zura atera eta atera ari dira handik, legez kontra. Transamazonia autobidea, Iriri Ibaia eta Terra do Meio arteko eremua soiltzen ari dira lur jabe handiak. Abeltzantzarako prestatu nahi dituzte lur horiek. Era berean, baina, nekazari txikiei ere gauza bera egitea gomendatzen diete. Hala, herriaren alde egiten dutela esango dute gero.

Nazioarteko erakunde askok salatu dute zura ustiatzen duten enpresak Amazonian egiten ari direna. Presio horrek izan al du eraginik?



Eskertzekoa da hori, baina, hemengo errealitatea beste bat da. Zerrategia asko zabaldu dituzte.

Ba al dute ararek bizitzeko toki egonkor bat?



Herrian bizi dira, baina izututa. Segurtasunik gabe bizi den herri baten moduan jokatzen dute. Ez dute etxeak eraikitzen ikasi, esaterako, bihar alde egin beharko duten beldurrez bizi direlako. Behin-behineko etxeak dituzte, txabolak. Ez dute euren errituak egiteko lekurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.