Marte? Titan? Ez, Enceladus! Eguzki sisteman bizitza estralurtarra izateko aukerak dituzten lekuen artean lehen hautagaia bihurtu da Saturnoko ilargia. Zientzialariak harriturik daude, Cassini zundak eginiko argazkiak aztertuta, Enceladusen azaletik gertu ur likidoa dagoela ondorioztatu dute. Are gehiago, ura geiser erraldoien bidez ateratzen da, ilargiaren barrenetik. Halako tximinia hidrotermaletan bakterioak eta bestelako bizidunak aurkitu dituzte ozeanoen sakonean, Lurrean, bestela bizitzarentzat batere egokiak ez diren leku hotz, argirik gabeko, eta presio handikoetan. Enceladusen halakorik egongo ote den galdetu dute hainbat zientzialarik.
«Konturatzen gara, izugarria da halako gorputz txiki eta hotzean ur likidoa dagoen frogak ditugula esatea», adierazi du Carolyn Porcok, Cassini egitasmoko irudi taldeko buruak. «Edonola ere, zuzen bagabiltza, asko handitu dugu bizidunentzat egokiak diren eguzki sistemako giroen aniztasuna», gaineratu du.
Geiser hotzak
Cassini zundak harturiko doitasun handiko irudietan, lurrin iturri erraldoiak ikusten dira Enceladuseko azaletik ateratzen. Ilargi hila eta hotza zela uste zuten zientzialariek orain arte. Hainbat eredu eratu dituzte fenomenoa azaltzeko. Lurrazpian baina azaletik gertu ur poltsak daudela iradoki dute ereduetako batean. Lurrazpiko beroak bultzatzen du ur hori azalera, tximinia hidrotermalen bidez. Lurreko geiserren bertsio hotzak dira.
«Gutxienez beste hiru tokitan daude sumendi biziak eguzki sisteman: Jupiterren Io ilargian, Lurrean eta, agian, Tritonen, Neptunoren ilargian», esan du John Spencer astrofisikariak. «Cassiniren aurkikuntzak dena aldatu du, eta Enceladus eguzki sistemako lekurik interesgarrienetakoa bihurtu da bizi estralurtarra ote dagoen ikertzeko», gaineratu du.Badira izotzez estaliriko itsasoak dituzten beste planeta eta ilargiak eguzki sisteman, baina horietan bizidunak aurkitzeko aukerak urriak direla uste dute zientzialariek. Enceladusen kasua bereziki interesgarria da, ur likidoa azaletik metro gutxira dagoelako eta bero iturri iraunkorra duelako azpian.Iazko ekainean, itsasoaren hondoan, eguzkiaren argi izpirik ez dagoen lekuan, fotosintesia egiten duen bakterio bat aurkitu du Kanadako ikertzaile talde batek. Bakterioak tximinia hidrotermalek isurtzen duten erradiazioa erabiltzen du erreakzioa egiteko. Zientzialariek orduan esan zutenez, aurkikuntzak areagotzen ditu beste planetetan bizia aurkitzeko itxaropenak.2008ko udaberrian beste aukera bat izango du Cassini zundak Enceladusi argazkiak egiteko, ilargitik 350 kilometrora igaroko baita. «Ez dago zalantzarik, Titan ilargiarekin batera, Enceladusek lehentasun handia izan beharko luke guretzat», esan du Jonathan Lunine Cassini egitasmoko zientzialariak. «Saturnok bi mundu zirraragarri eman dizkigu esploratzeko».
«Bizitzarako giro egokia», Saturnoren ilargi batean
Enceladus satelitean ur likidozko geyser erraldoiak daudela adierazi dute zientzialariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu