Bortxazko lana «mundu modernoan lekurik ez duen gizarte gaitza» dela esan zuen atzo Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT). Moralki lekurik izan ez arren, bortxazko lana errealitate ekonomiko indartsua da egun munduan. Erakundeak atzo zabaldu zuen txostenaren arabera, 12,3 milioi pertsona daude munduan esklabotasun berri baten atzaparretan harrapatuta. Gizon, emakume eta haur horien esplotazioak 32.000 milioi dolarreko etekinak sortzen ditu urtean.
Aliantza globala bortxazko lanaren aurka izenburua dauka OITko adituek egin duten txostenak. Erakundearen arabera, gaia horren inguruan inoiz eginiko ikerketarik sakonena da. Ondorio nagusia honako hau da: bortxazko lana arazo global handia da, eta herrialde zein ekonomia mota orori eragiten dio.
«Bortxazko lana globalizazioaren ezkutuko aurpegia da, eta oinarrizko eskubideak zein duintasuna ukatzen zaizkie milioika pertsonari», esan zuen atzo gobernu arteko erakundeko zuzendari Juan Somaviak Suitzan. «Esklabotasun forma modernotzat» jo dute bortxazko lana. Izan ere, biktima ez da esplotatzailearen jabegotzat hartzen kasu gehienetan. Edonola ere, giza-trafikoa tartean dagoenean, garai bateko esklabotasunetik hurbil egon daiteke beharturiko langile baten egoera.
Herrialde garatuetan
Giza trafikoaren eta bortxazko lanaren arteko harremana inon baino gordinago agertzen da herrialde industrializatuetan. Garatzeko bidean diren estatuetan, legez kanpoko etorkinen %20 ari dira bortxazko lanetan. Herrialde aberatsenetan, ordea, giza trafikatzaileen bidez helduriko pertsonen %75 daude nolabaiteko esklabotasun egoeran. Horietako gehienak emakumezkoak dira, eta prostituzio sareen biktima dira.
Garapen bidean diren herrialdetan, ordea, nekazaritza, eraikuntza, adreilugintza eta ehungintza dira pertsonak bortxazko lanetan erabiltzen dituzten alorrak. Kasu honetan nabarmentzekoa da haurren kopuru handia. Biktima guztien %40-50 dira 18 urtetik beherakoak garatzeko bidean diren herrialdeetan.Konpainia multinazionalek horretan daukaten erantzukizunaz galdetu zioten atzo OITko aditu Roger Plenti. Gehiegikeria gehienak ezkutuko ekonomian gertatzen direla erantzun zuen. Edonola ere, multinazionalen azpikontratetan ere halako kasuak gertatzen direla gaineratu zuen.Egungo politika ekonomikoaren joerak arazoa areagotu duela iritzi dio OITk. Txostenean nabarmentzen dute lan merkatuak liberalizatzeko mundu osoan eginiko presioa. «Bortxazko lanaren aurkako estrategia eraginkorrak asmatzeko behar handia dago egun», esan zuen atzo OITko buru Somaviak. Erakundearen arabera, «borondate politikoa» ezinbestekoa da, bortxazko lana desagertuko bada. Legeak indarrean jartzeko eta betearazteko mekanismoak eskatu zituen OITk. Brasil eredutzat daukate, egungo gobernuak ustez halako egoerandiren 25.000 herritarren alde hartu dituen neurriak direla eta.
Laneko oinarrizko printzipioen eta eskubideen deklarazioa onartu zuen OITk 1998an. Atzo aurkezturiko txostena haren jarraipentzat jo du erakundeak. Ekainean txostena aztertuko dute, nazioarteko konferentzian. «Bidezko mundializazioa lortzeko, ezinbestekoa da bortxazko lana desagertzea», adierazi zuen Somaviak atzo.
Bortxazko lanetan dabiltza 12 milioi pertsona munduan
Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, leku eta ekonomia mota guztietan dago esklabotasun berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu