«Huygens zunda askatu eta minutu gutxira, seinale bat bidali digu Cassinik, eta hala jakin dugu arazo barik bete duela gaurko bere egitekoa», jakinarazi zuen atzo ESAk, prentsa ohar baten bidez. Huygens zunda askatzeko unean, Cassinik bizkarra eman zion Lurrari, eta, horregatik, nahi baino geroago jakin genuen Huygens askatu zuela. Antenak Lur planetara zuzendu zituenean bidali zuen Cassinik seinale hori, eta ordubete eta zortzi minutu geroago jaso zuten ESAren egoitzan.
Orain, bakoitzak bere bidea egingo du. Huygensek Titanerako bidea hartu du, eta Cassinik, bestalde, Saturno, eguzki sistemako planetarik ederrenetakoa bide dena, orbitatzen jarraituko du, beste lau urtez. Saturnoren eraztunak eta biraka ari zaizkion 31 sateliteak aztertu beharko ditu, besteak beste. Era berean, Huygens zundaren eta Lurraren arteko bitartekari lanak ere egin beharko ditu.Ikertzaileek, baina, Huygensen jarri dituzte begiak, Saturnoren Titan ilargi gorrixkan lurreratuko den lehen zunda delako. Edozelan ere, Titanen atmosferan sartu aurreko bidea lo egingo du Huygensek, ESAren arabera.Urtarrilaren 14an iratzarriko dute Huygens, Titanen atmosferan sartu aurretxoan. Abiada bizian zeharkatuko du zundak Titanen atmosfera iluna, baina behera egin ahala, abiadura motelduz joango da. ESAren arabera, inoiz egin den kontrolatutako jaitsierarik luzeena egingo du Huygensek, bi ordu eta erdikoa. Tarte horretan, Titanen atmosferaren konposizio kimikoa aztertuko dute haren gailuek, eta datu horiek Cassiniri bidaliko dizkio gero zundak. Cassiniren ardura izango da gero datu horiek NASAri eta ESAri bidaltzea. Orain, Huygensen lurreratzea ondo aterako den kezkatuta daude zientzialariak. Izan ere, edozer gauza gerta daiteke. Gerta daiteke, adibidez, Huygens hidrokarburozko itsaso batean jaustea. Eta inork ez daki zer gertatuko litzatekeen hala balitz, adituek ez baitakite robotak zenbat iraungo lukeen. Hala ere, hainbat simulazio egin dituzte, ozeano bat aurkituz gero zer espero dezaketen jakiteko.
Zazpi urte luzeko bidea elkarrekin
1997ko urriaren 15an jaurti zuen NASAk Titan IV/Centaur kohetea, Floridako Canaveral Lurmuturretik. Barruan, ordura arte eraikitako ontzi handienetako bat zeraman espaziorantz: Cassini, bost tona eta erdikoa. Hark, berriz, ESAk diseinatutako Huygens zunda zeraman. Ikusmin handia sortu zuen misio hark, eta ez alferrik. Izan ere, erronka oso zen handia: Saturnora iritsi eta haren Titan ilargian lurreratzea. Eguzkitik 1.500 milioi kilometrora dago Saturno, eguzki sistemako seigarren planeta.
Zazpi urteko bide luzea egin du Cassinik Saturnora iristeko. Bide luzea eta zaila. Orain dagoen leku horretara iritsi ahal izateko, plutonio erradioaktiboa darabilten generadoreak erabili behar izan ditu. Alde horretatik ere berezia izan da, orain arteko ontzi gehienek eguzki xaflak erabili dituztelako espaziora bidaiatzeko.Denbora honetan guztian Saturnoren orbitatik lan egin du Cassinik. Izan ere, hidrogeno eta heliozko gas bola erraldoia da Saturno, eta, ondorioz, presio izugarria dago han. Cassinik jasan ahal izateko, handiegia. Planetaren beheko aldetik sartu zen haren orbitara, eta handik irudi ikuskagarriak bidali dizkigu. Ekainaren 13an, esate baterako, Phoeberen irudia bidali zuen, Saturnoren ilargi txikienarena. Era berean, Saturnoren eraztunei egindako argazkiak ere bidali ditu, eta baita Titan ilargiari berari egindakoak ere. Bidaia luze eta gaitz honen zati handiena egin du dagoeneko: Saturnora arte iritsi eta Huygens zunda askatzea. Orain, Huygensek zer egin zain daude NASAko eta ESAko zientzialariak.
-
SATURNOREN ILARGI HANDIENA
Titan, sekretu harrigarriak gordetzen dituen ilargia
Saturnoren ilargirik handiena da Titan, eta, ikertzaileen esanetan, sekretu harrigarriak gordetzen ditu. Batetik, hidrokarburozko ozeanoak ditu, eta, bestetik, karbono atomoz osatutako atmosfera gorrixka bat. Atmosfera horrek ez du uzten Titanen azalera ikusten, ezta teleskopio handienarekin ere. Ingurutik pasatuta ere, ezin da ikusi Titanen lurrazalean zer dagoen. Horregatik, han zer dagoen jakiteko, nahitaezkoa da bertan lurreratzea. Horixe izango da ESAren Huygens zundaren egitekoa. Titanen lortuko dituen datuak oso lagungarriak izan daitezke Lur planetaren inguruko gauza asko jakiteko. Izan ere, zientzialariek uste dute Lur planeta egungo Titanen «oso antzekoa» zela bizia sortu zen unean. Hala ere, Huygensen helburua ez da bizia bilatzea, satelitearen ezaugarri kimikoak ezagutzea baizik.Horretaz gain, kontuan hartu behar da Titanen zero azpitik 179 gradu egiten dituela normalean. Beraz, adituek ez dute bertan bizirik aurkitzeko itxaropenik.
Bestalde, Titanen atmosferan berotegi efektuaren antzeko fenomeno bat gertatzen dela ere ondorioztatu dute ikertzaileek, Voyager i zundak egindako behaketetatik.