Espainiako Gobernuak Prestige ontzian geratzen den fuel-olioa ateratzea erabaki du. Eduardo Zaplana Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzo goizean eman zuen aditzera hartutako erabakia. Lan ministroak adierazi zuenez, grabitate bidezko erauzketa egitea erabaki du Gobernuak. Horretarako aluminiozko anezka zurrunak erabiliko dituzte.
2002ko azaroaren 13an hondoratu zen Prestige ontzia. Geroztik, milaka tona fuel-olio isuri ditu. Baina, gaur egun, oraindik, beste 13.700 tona geratzen dira barruan. Gobernuko bozeramailearen esanetan, Repsol YPF enpresa arduratuko da 4.000 metro inguruko sakoneran dagoen itsasontzian geratzen den fuel-olioa ateratzeaz. Repsolek 70 zentimetroko zuloak egingo ditu hondoratutako ontzian eta balbula bikoitzak jarriko ditu. Balbula horien bitartez, fuel-olioaren irteera kontrolatu ahal izango dute.Aluminioz eginiko anezka zurrunak 300 metro kubiko erregai jaso dezakete. Ondoren, ur- azalera abiatuko da azaletik 40 metrora geratzen den arte. Hara iritsi ostean, anezka hodi malgu batera lotuko dute eta erregaia ur-azalean egongo den ontzi bateraino eramango dute.Eduardo Zaplana Espainiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, datorren udaberrian hasiko dira fuel-olioa ateratzen eta uda amaieran amaituko dute. Lan ministroak atzo azaldu zuenez, 99,3 milioi euro ordainduko ditu Gobernuak fuel-olioa ateratzeko lanengatik. Javier Arenas Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordearen arabera, Gobernuak «errespontsabilitate handiz» jardun du Prestigeren hondamendiari erantzuteko garaian. «Hartutako erabakia erronka teknologiko handia da guretzat», nabarmendu zuen Arenasek.Greenpeace erakunde ekologistaren arabera, ordea, «beranduegi» iritsi da Madrilen erabakia. «Gu hasieratik egon gara erregaia ateratzearen alde. Iazko abenduan, Rainbow Warrior ontziarekin han izan ginenean argi utzi genuen zein zen gure jarrera. Gobernuak berak martxan jarritako batzorde zientifikoaren arabera, bestalde, aurtengo uda baino lehen atera behar zen fuel-olioa eta udazkenean gaude jadanik», esan zion atzo Berriari Juan Lopez de Uralde Greenpeacek Espainian duen delegazioko buruak.
Beste sistemak
Ministroen Kontseiluak Zientzia, Teknologia eta Sustapen Ministeritzen eta Repsolen esku utzi zuen Prestigetik erregaia ateratzeko sistemaren aukeraketa. Espainiako Gobernuaren asmoa, hasieran, ontziaren gainean markesina bat jartzea zen arren, azkenean, grabitate bidezko sistema hautatzea erabaki dute.
Greenpeacek, bere aldetik, nahiago zuen ponpaketa sistema erabiltzea. «Markesina baztertu izana aurrerapauso handia da guretzako. Guk beti esan izan dugu egokiena erregaia hortik ateratzea zela eta ez bertan pilatzen uztea. Egia da, ordea, grabitate bidezko erauzketa baino hobeagoak badirela, adibidez, ponpaketarena», nabarmendu zuen Lopez de Uraldek. «Ponpaketa sistemak baditu aurrekariak. Lehen ere erabili izan da antzeko kasuetan. Baina ez hain sakon zeuden ontziekin. Hori da desberdintasun nagusia», esan zuen Greenpeaceko buruak.Erakunde ekologistako zuzendariaren esanetan, bestalde, erregaia grabitate sistemaren bidez atera nahi izana Kantabrikoan, Atlantikoan eta Mediterraneoan egiten ari diren petrolio ustiaketekin lotuta egon daiteke.Lopez de Uraldek kazeta honi adierazi zionez, Gobernuak Prestigen geratzen den fuel-olioa ateratzea erabaki izana gizarteak eta erakunde ekologistek egindako presioaren ondorio izan da. «Duela urtebete inguru Galizian egon ginenean erregaia atera behar zela esan genuen. Baina denek aurka egin ziguten hori astakeria bat zela esanez. Orain, ordea, hamabi hilabete geroago Gobernua izan da fuel-olioa ateratzea erabaki duena», esan zuen Greenpeaceko buruak.Iazko azaroan Prestige ontzia hondoratu zenean, 77.000 tona fuel-olio eta 27 tripulatzaile zeramatzan. Galiziako sorospen zerbitzuek berehala atera zituzten ontzian zeuden pertsonak, baina ezin izan zuten ezer egin itsasoan zabaltzen ari zen erregaia geldiarazteko. Azaroaren 14ko gauean, 3.000 tona zeuden itsasoan. Geroztik etengabe atera da erregaia ur-azaletik 4.000 metrora dagoen ontzitik. «Aurtengo udaberriaren amaieran, Gobernuak ontzian 37.000 tona geratzen zirela esan zuen. Orain, berriz, 13.000 daudela dio», salatu zuen Juan Lopez de Uraldek.Otsaileko datuen arabera, kostaldean kutsatuta agertu ziren 130.000 hegaztietatik %10 geratu zen bizirik.
Datorren udaberrian hasiko dira 'Prestige' ontzia husteko lanak
Repsol YPF eta Espainiako Gobernuak grabitate bidezko erauzketa egitea erabaki dute duela hamahiru hilabete hondoratu zen ontzian geratzen den erregaia ateratzeko; ontzian 13.700 tona geratzen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu