Derrigortutako migrazioa

Itsasontziek egunero 3.000 espezie inguru garraiatzen dituzte ontziaren orekari eusteko erabiltzen den urarekin batera

arantxa elizegi egilegor
2004ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Adituen arabera, atzerritik egunero 3.000 animalia eta landare espezie iristen dira portuetara, itsasontzien tankeetan. Nazioarteko Itsas Erakundeak (IMO) azaldu duenez, ontziak portura iritsi eta merkantzia husten dutenean tankeak itsasoko urarekin betetzen dituzte. Baina urarekin batera bertako espezieak ere ontziratzen dituzte. Ondorioz, hurrengo portuan, tankeetako ura hustzen dutenean, kanpotik ekarritako animalia eta landare espezieak ere itsasora isurtzen dituzte. IMOren arabera, animalia eta landare horiek herrialde batetik bestera mugitu izanak «ondorio larriak» izan ditu ingurumenean.

Itsasoko ingurumena zaintzeaz arduratzen den erakunde horrek dioenez, gizartea eta komunikabideak petrolio isuriez kezkatzen diren arren, migratzera behartutako espezieak «arriskutsuagoak» izan daitezke epe luzera. Horregatik, joan zen astean Erresuma Batuko hiriburuan, Londresen, egindako nazioarteko bilkuran, «migrazio» mota hori mugatze aldera, «neurriak hartzearen garrantzia» nabarmendu zuten. IMOk hamar urte daramatza nazioarteko neurriak bultzatu nahian, mugimendu horiek galarazteko. Efthimios E. Mitropoulos erakundeko idazkari nagusiaren esanetan, ontziek ura hartu eta husteko erabiltzen duten sistema da «arazo nagusia». «Itsasontzi horietan milaka tona ur garraiatzen dira munduaren alde batetik bestera. Askotan, ordea, uretan patogenoak, mikroorganismoak, animaliak edo landareak egon ohi dira. Horiek beste herrialdeetara eramaten direnean kalte handia eragiten dute», azaldu zuen Mitropoulosek.IMOren arabera, arazo larrienak atzerritik ekarritako espezieak ugaldu eta bertako animalia eta landareak desagerrarazten dituztenean sortzen dira. Zarbo biribila, esaterako, Kaspiar Itsasoan eta Itsaso Beltzean hazten da, baina azken urteetan AEB Ameriketako Estatu Batuetan ere ugaldu da. Espezie horrek gogor babesten du bere ingurunea, eta eraso egiten dio hara sartzen den beste edozein espezieri. Ondorioz, lehen ingurune horretan bizi ziren espezieak gutxitu egin dira.«Animalia eta landare espezieak ezin dira garbitu, petrolio isuriekin egiten den bezala», gogoratu zuen Mitropoulosek Londresen egindako bilkuran. IMOko idazkari nagusiaren arabera, urtero 10.000 milioi tona ur inguru garraiatzen dituzte ontziek, eta ur horrekin batera herrialde batetik bestera milaka animalia eta mikrorganismo ere eramaten dituzte.

Hartu beharreko neurriak

Joan zen astean Erresuma Batuko hiriburuan egindako nazioarteko bileran, ontziek garraiatzen duten espezie kopurua gutxitzeko neurriak proposatu zituen Nazioarteko Itsas Erakundeak. Haien arabera, garraiatu ahal izango den ur kopurua mugatu egingo da, eta urarekin batera jasotzen den espezie kopurua gutxitzeko neurriak hartuko dira. Horretaz gain, IMOk portuetan kontrol bereziak ezartzea ere proposatu zuen.

Londresen egindako bileran, adituek espezieen leku-aldaketak eragindako zenbait ondorio aipatu zituzten. Dreissena espezieko muskuilua Europatik AEB Ameriketako Estatu Batuetara eraman dute eta, ondorioz, AEBetako Gobernuak milioika dolar gastatu behar izan ditu muskuilu hori desagerrarazteko. Gauza bera gertatu da, adituen esanetan, Orrazi marmokarekin ere. Hori AEBetako ekialdetik Itsaso Beltzera eraman dute eta, ondorioz, antxoa eta ijito-sardina desagertu egin dira itsaso horietatik.IMOk dioenez, atzerritik ekarritako itsas animalia eta landareen arazoa ez da berria, eta urtero handituz doa garraiatutako espezie kopurua. «Leku batzuetan etengabe iritsten dira kanpoko espezieak, eta, hala, lehendik larria den arazoa okertu egiten da», dio Nazioarteko Itsas Erakundeak.Iazko irailaren amaieran, bestalde, Australiako Queensland ikerketa zentroko zientzialariek ontzietako tankeetan garraiatzen den espezie kopurua gutxitzeko sistema berri bat aurkeztu zuten. Sistema hark ura tankeetara sartu aurretik iragazteko aukera eskaintzen zuen.Steve Hillman Australiako James Cook Unibertsitateko irakasleak hartu zuen parte sistema berriaren diseinuan. Haren esanetan, sistema hori ontzi guztietan jarriko balitz, ingurumenari eragindako kaltea asko murriztuko litzateke.

Egun indarrean dagoen legedia

1992an Brasilen, Rio de Janeiron, egin zen NBE Nazio Batuen Erakundeko Ingurumena eta Garapenari buruzko Konferentzia. Bertan Itsasoko Ingurumena Babesteko Batzordea osatu zen.

Bost urte geroago, berriz, batzorde horrek, egun indarrean dagoen, Lekualdatutako Espezie Kopurua Gutxitzeko Araudia onartu zuen. Hor diotenez, ontziek, nazioarteko legediaz gain, herrialde bakoitzak bertako portuak babesteko hartutako neurri bereziak bete beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.