ARKEOLOGIA

Duela 40.000 urte inguruko giza oinatzak aurkitu dituzte Mexikon

Lehen amerikarren oinatzak direla zabaldu du Erresuma Batuko arkeologo talde batek; haien esanetan, uste baino 30.000 urte lehenago iritsi zen gizakia Ameriketara, itsasoz, eta ez Beringo itsasartetik uste zen bezala

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gizakia uste baino 30.000 urte lehenago iritsi zen Amerikako kontinentera. Hala dio behintzat Liverpoolgo (Erresuma Batua) John Moore unibertsitateko arkeologo talde batek. Ustez, lehenengo amerikarren oinatzak bide direnak aurkitu ditu ikertzaile talde horrek, Mexikon, Mexiko Hiritik 130 kilometro hego-ekialdera, Puebla hiritik gertu. Aurkikun-tza horrek oihartzun handia izan du arkeologoen artean, baina askok zalantzan jarri dute. Egia dela baieztatuko balitz, hankaz gora jarriko luke Amerikako kolonizazioaren inguruko historia.

2003. urtean izan zuten arkeologoek oinatz horien berri. Puebla inguruko lurretan lanean ari zen behargin talde batek aurkitu zituen, ezustean. Lurra irauli zuten beharginek eta oinatzetako batzuk agerian gelditu ziren. Haiek eman zuten abisua. Edozelan ere, arkeologoek atzo jakinarazi zuten berria, Londresko Royal Societyren udako erakusketan.Silvia Gonzalez John Moore unibertsitateko geoarkeologoak zuzendu du ikerketa. Haren esanetan, oinatzak gizakiarenak dira, eta haietako asko adingabeenak. Guztira, 269 oinatz aurkitu dituzte, denak Puebla hiritik gertu. Oinatz horiek guztiak aurkitu dituzten lekuan antzina aintzira bat egon zela uste dute arkeologoek. Hala, aintzira ertzeko lur bustian utzi bide zuten arrastoa lehenengo amerikarrek. Gero, Tolukuilla sumendiak botatako errautsak eta sedimentuek estali egin zituen arrasto haiek eta betiko gorde. Aintzira haztean, urak gogortu egin zituen oinatzak, eta horregatik iraun dute horrenbeste eta horren egoera onean. «Zalantza barik gizaki oinatzak dira. Oinatzen tamainari erreparatuz gero, berriz, argi esan dezakegu hirutik bat umeenak direla», esan zuen atzo horren harira Matthew Bennett Bournemouth Unibertsitateko Erresuma Batuko arkeologoak.Oinatzak noizkoak diren jakiteko, berriz, azken-azkeneko teknologia baliatu dute arkeologoek. Tom Highamen arabera, gutxienez duela 38.000 urte ingurukoak dira oinatzak. Tom Higham Oxford Unibertsitateko arkeologia departamentuko burua da, eta gertutik jarraitu du ikerketa hau. Radiokarbono bidezko datazioaren teknika baliatu dute arkeologoek oinatzak noizkoak diren jakiteko. Era berean, baina, argon eta uranio serieak ere egin dituzte, eta elektroi-spinaren erresonantziak ere bai, lur geruzen datazioa egiteko. Argona kolore eta usainik gabeko gasa da eta atmosfera geldoak sortzeko erabiltzen da. Aurkikuntza honek hankaz gora jar dezake Amerikako kolonizazioaren inguruko teoria, baldin eta radiokarbono bidezko datazioan huts egin ez bada. Orain arteko teoriaren arabera, gizakiak duela 12.000 urte inguru kolonizatu zuen Amerika. Horren arabera, gizakia Siberia eta Alaska lotzen zituen izotz bloketik barrena gaur egun Beringo itsasartea dena sartu zen Amerikara. Amerikan garai horretako gailu asko antzeman dituzte arkeologoek, asko eta asko lehen gizakiak ehizarako erabiltzen zituena, ustez. Aurkitutako gailurik zaharrenak duela 12.000 urte ingurukoak dira. Erresuma Batuko ikertzaileek, baina, beste hipotesi bat aireratu dute. Hipotesi horrek dio gizakia itsasoz iritsi zela Mundu Berrira, Izotz Aroaren azkenaldera izan zen aldi epelago batean. Edozelan ere, ez dute hipotesi hori arrazoitu. Hala, zenbait arkeologok ez diote sinesgarritasunik eman. «Lehenengo begiratuan, aurkikuntza interesgarria ematen du, baina ez dute behar bezala egiaztatu. Halako aurkikuntza askoren berri izaten dugu, baina, azkenean, asko hutsaren hurrengo izaten dira», esan zuen atzo Michael Faught Erresuma Batuko arkeologo ezagunak.

- SILVIA GONZALEZ LIVERPOOLGO JOHN MOORE UNIBERTSITATEKO ARKEOLOGOA ETA IKERKETA BURUA

«Australiara itsasoz iritsi ziren duela 60.000 urte; beraz, zergatik ez Ameriketara?»





Antropologo eta arkeologo gehienak bat datoz eta gizakia Amerikara Beringo itsasartetik iritsi zela diote. Silvia Gonzalezen taldearen hipotesia, baina, beste bat da. Gonzalezek dio gizakia kanoetan iritsi zela pentsatzeko arrazoiak daudela. Hipotesi horrek zalaparta handia sortuko duela jakin badaki, baina frogak argiak direla dio, eta ziur dago denborak arrazoia emango diola. «Badakigu arkeologo askok ez digutela sinesten eta zalantzan jartzen dutela gure hipotesia. Izan ere, gai hau oso polarizatuta dago. Amerikaren kolonizazioa auzi politikoa bihurtu da», esan du horren inguruan. Gonzalezen arabera, hegoaldetik sartu zen gizakia Amerikara eta handik gora egin zuen, kostaldetik.

«Jakin badakigu duela 60.000 urte inguru Australian gizakia bizi zela. Eta haiek nahitaez itsasoz iritsi zirela hara. Duela 60.000 urte kanoa antzekoak egiteko gai izan baziren, zergatik ez duela 40.000 urte? Australiara itsasoz iritsi baziren zergatik ez ziren Amerikara itsasoz iritsi behar?», esan du Gonzalezek, zenbait arkeologoren zalantzak uxatzeko. Erresuma Batuko antropologo eta arkeologo taldea migrazio bide berri bat aztertzen ari da. Uste dute Australian abiatu zuela lehen gizakiak Amerikarako bidea. Australiatik Japoniako kostaldera iritsi bide zen gizakia, Melanesian barrena. Handik, eta uhartez uharte, Aleutiana uharteetara iritsi zen, hipotesi horren arabera. Aleutiana uharteetatik iritsi zen Amerikako Pazifikoko kostaldera, hegoaldera. Hipotesi hori aztertzeko, genetika azterketak egiten ari dira orain Liverpoolgo John Moore unibertsitateko ikertzaileak. Mexikon aurkitutako duela 13.000 urteko hezurdura zati baten DNA laginak erabiliko dituzte horretarako. «Froga erabakigarria izan daiteke», aurreratu du Gonzalezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.