Itsas zabaleko arrantza aldatzen. Nola erabiltzen dira komenientziako banderak legez kanpoko, araurik gabeko eta ezkutuko arrantza zuritzeko. Hala du izenburua ikerketak. Matthew Gianni eta Walt Simpson adituek egin dute. Urtero mila milioi euro mugitzen dituen merkatu beltza agerian utzi dute.Komenientziako banderek aukera ematen diete ontzi-jabe edo kudeatzaileei negozio beltz horretan parte hartzeko. Izan ere, nazioarteko legedia aintzat hartzen ez duten herrialdeetan erregistratzen dituzte ontziok, mila euro baino gutxiago ordainduta. Ontziei komenientziako bandera eman ohi dieten herrialdeen artean badira itsasorik ere ez dutenak, Bolivia esaterako.Nongoak dira, benetan, komenientziazko banderapean dabiltzan ontziak? 20 herrialdeko zerrenda baten bidez erantzun dute galdera adituek. Taiwan da lehena, eta Espainia laugarren postuan dago. «Herrialde prestuek kudeaketa iraunkorra eta legea betetzeko ahalegina ordaintzen duten bitartean, komenientziako banderak erabiltzen dituzten herrialdeek eta arrantzaleek onurak eskuratzen dituzte eta kontserbazioaren aldeko nazioarteko arauei azpia jaten diete», esan zuen Ian Macdonald Australiako Arrantza ministroak, joan zen hilean han eginiko nazioarteko bilkuran.Kontrolik gabeko harrapaketok arrain espezieei eginiko kalteez gain, aferak badu langileei eragiten dien alderdi bat. Komenientziako banderapeko ontzietan giza eta lan eskubideen bortxaketak gertatzen ari direla esan du Nazioarteko Garraio Langileen Federazioko eledunak, David Cockroftek. «Kasu askotan, babesik gabeko arrantzaleekin funtzionatzen dute ontziok. Jipoitu ditzakete, goseak eduki eta ordaindu gabe lanean izan», esan zuen.
matthew gianni -Legez kanpoko arrantzan aditua
«EBk merkatua itxi behar dio legez kanpo harrapatutakoari»
E. L. - DONOSTIA
FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen aholkularia izan zen Matthew Gianni aditua legez kanpoko arrantzaren inguruko Nazioarteko Ekintza Plana eratu zenean. Hamar urtez arrantza industrian egin zuen lan Giannik, eta beste 16 NBE eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak aholkatzen itsasoen ustiaketaren inguruan. Itsas zabaleko arrantzaren aldatzen. Nola erabiltzen dira komenientziako banderak legez kanpoko, araurik gabeko eta ezkutuko arrantza zuritzeko txostenaren egilea da.
Nola egin zenuten komenientziako banderapean legez kanpoko arrantzan dabiltzan ontzien jarraipena egiteko?
Ahalik eta datu base gehienetara jo genuen, arazoaren tamaina hautemateko. Lloyd's aseguru etxearen datutegia izan zen garrantzitsuena ikerketan. Datuak parekatu genituen: ontziak, banderak, jabeak, kudeatzaileak. Susmoa genuen lehenagotik komenientziazko banderak erabiltzen duten ontziekin. FAOrentzat 2002an eginiko ikerketa batek erakutsi zuen legez kanpoko arrantzan dabiltzan ontzi gehienak halako banderekin ibiltzen direla.
Ustekabea izan da ikustea komenientziako banderapeko ontzien jabe gehienak Europako Batasunean bizi direla?
Bai. Ustekabea izan da, Europako Batasuna izan delako legez kanpoko arrantza galaraztearen alde presio handiena egin duena. Konpromiso politikoak hartu ditu EBk, nazioarteko foroetan. Bistan denez, beste urrats bat egin behar dute herrialdeek: komenientziako banderak erabiltzea debekatu behar diete euren lurraldean dabiltzan konpainiei. Ez da aski zera esatea: «Ez da legez kanpoko arrantzarik egiten gure banderapean, beraz ezin dugu ezer egin arazoa konpontzeko». Askoz harantzago doa EBren, Ameriketako Estatu Batuen edo Japoniaren erantzukizuna.
Zer-nolako neurriak proposatzen dituzue Europako Batasunera begira?
Euren herritarrek eta konpainiek legez kanpoko arrantzan ez dabiltzala ziurtatu beharko dute, eta legeak onartu horretarako. Horrez gain, EBko herrialdeek askoz gehiago egin beharko lukete euren merkatuak ixteko legez kanpo, kontrolik gabe edo ezkutuan harrapaturiko arrainari. Erostea edo saltzea ere legez kanpokoa izan beharko litzateke, herrialdearen barnean. Inportatzaileek eta saltzaileek ere erantzukizuna hartu beharko lukete, eta ziurtatu eurek ere ez dabiltzala legez kanpoko arrantzan. Bistan da estu hartu beharko dituztela negozioan dabiltzan beste konpainiak.
Halere, EBko hainbat agintarik esan dute oso zaila dela une oro kontrolatzea ontziak zein banderarekin dabiltzan. Zaila da benetan?
Zaila da, eta horregatik da halako arazo larria. Patagoniako itsasoan komenientziako banderapean dabiltzan ontzi gehienen jabeak edo kudeatzaileak Espainiako konpainiak dira.Gure txosteneko datuek erakusten dute Espainiako agintariek askoz gehiago egin behar dutela egoera kontrolpean jartzeko, eta euren herritarrek edo konpainiek komenientziako banderak erabiltzen ez dituztela ziurtatzeko. Ezin dute esan ezin dela ezer egin. Euren ontziak dira, euren konpainientzat ari dira lanean eta euren merkatuarentzat. Hasteko barneko merkatua itxi beharko liokete legez kanpo harrapaturiko arrainei.