Women on Waves (Emakumeak Uhinetan) Herbehereetako elkarteko kidea da Joanette Kruseman, eta egunotan Polonian dago. Erakundeak abortuaren inguruko informazioa zabaltzeko kanpaina bat prestatu du.
Zer da Women on Waves elkartea?
Gurea emakumeek eta emakumeentzat sortutako elkarte bat da. Gure zerbitzuak doakoak dira, eta abortuaren inguruko informazioa eskaintzen dugu. Ez da horrelako zerbait egiten dugun lehen aldia, lehendik ere antzeko proiekturik bultzatu izan dugu. Herbehereetako Gobernuak haurdunaldiko lehen asteetan abortatzeko pilula emateko baimena eman zigun. Baina ez gara horretarako bakarrik etorri Poloniara.
Zertarako eraman duzue Langenort itsasontzia Wladislawowoko portura?
Gure helburua emakume poloniarrei behar duten informazioa eskaintzea da. Hori da gure helburu nagusia, eta horretarako etorri gara hona. Itsasontzian erizain bat, ginekologo bat eta abortuetan aditua den mediku bat etorri dira gurekin. Bestalde, azterketa medikoak egiteko prestatutako leku bat ere badugu itsasontzian.
Komunikabide askotan, abortatzeko klinika dagoela esan dute.
Ez. Hau ez da abortatzeko klinika; egia da badugula haurdunaldia hasi eta aste batzuetara abortatzeko aukera eskaintzen duen pilula. Baina Polonian kasu jakin batzuetan soilik har daiteke hori, eta, beraz, hemen gauden bitartean ezin diegu aukera hori eman emakumeei.
Zein da zuen bidaia honen helburua?
Poloniako emakumeen elkarteek eta beste zenbait erakundek gonbidatu gintuzten hona etortzera. Euren helburua abortatzeko aukera zabaltzea da. Hemen kasu jakin batzuetan soilik onartzen da abortua, baina urtero ehunka izaten dira inolako kontrolik gabe egiten direnak. Gure helburua jendearen arreta erakarri eta lege horiek aldatzeko deia egitea da.
Poloniako presidenteak eta Eliza katolikoak zuen ekintza kritikatu dute, eta ez dela «onargarria» esan dute.
Poloniako agintariak beldur dira guk hemen zer eskainiko dugun,baina ez dute zertan. Gure asmoa ez da legez kanpo abortatzeko pilula eskaintzea, emakumeek izan ditzaketen zalantzak argitzea baizik. Egia da badugula lehen aipatutako pilula, baina hori hartu nahi duten emakumeek itxaron egin beharko dute Poloniatik irten eta nazioarteko eremuetara joaten garen arte. Bestalde, hona ez gara etorri agintarien eta elizaren nahia betetzera, emakumeei laguntzera baizik.
Zenbat denbora egongo zarete han?
Uztailaren hasieran itzultzeko asmoa dugu. Baina ikusi egin beharko da zer gertatzen den hurrengo egunetan.
Izan al duzue bisitaririk egunotan?
Ez, orain arte ez. Gaur [atzo] ireki ditugu ateak.
ABORTUA
«Emakumeei laguntzera gatoz, ez Elizaren nahia betetzera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu