Munduko bigarren kutsatzailerik handiena energia berdearen alorreko lider bihur daiteke aurki, Txinako Gobernuak asteartean iragarritakoa betetzen baldin bada. Datozen 15 urteetan energia iturri berriztagarrien erabilera bikoiztu nahi du Pekinek. Horretarako, 150.000 milioi euroko inbertsioa egingo dute, haize errotetan, eguzki plaketan, biomasan zein uraren indarrean.
Dragoia esnatu dela erakusten du Txinako hiriak itotzen dituen ke beltzak. Ekonomiak azken hamarkadotan izan duen hazkuntza izugarriak alde iluna duela ikusi dute Pekingo agintariek. «Barne Produktu Gordinaren gurtza» bukatzearen eta horren ordez «BPG berdea» ezartzearen inguruan mintzatu ziren Alderdi Komunistako ordezkariak maiatzeko kongresu nazionalaren aurretik. Egungo hazkuntza ereduaren puntu ahula argindarraren ekoizpenean dagoela diote Pekinen azterketek.«Energia berriztagarriek, Eguzkiarenak, haizearenak eta urarenak, tartean, Txinan energia segurtasuna hobetzen lagunduko dute», esan zuen Hu Jintao presidenteak asteartean, Zhang Guobao Garapen eta erreforma ministrordeak nazioarteko bileran irakurritako agiri baten bidez. Pekingo konferentzian 80 herrialdetako ordezkariek hartu zuten parte, tartean Europako Batasunekoak zein Ameriketako Estatu Batuetakoak. Behar duen energiaren %15 erregai fosilak ez diren iturrietatik lortu nahi du Txinak 2020. urterako (egun, %7 baino ez du lortzen). Orain arte, %10eko helburua zuen Pekinek urte horretarako.
«Ezinbestekoa»
«Energia berriztagarrien garapena eta erabilera indartzea ezinbestekoa da guretzat, energia eta ingurumen arazo gero eta larriagoei aurre egiteko», esan zuen presidenteak. Txinako argindarraren %73 ikatza erreta lortzen dute egun. Milaka meatzari hiltzen dira urtero ikatza ateratzeko ahaleginetan, eta ekoizpen prozesuaren kostuak gero eta handiagoak dira. Alderik ikusgarriena, ordea, hirietan sumatzen da. «Ingurumen egoera penagarria da, eta karbono dioxido, sufre dioxido eta berotegi efektua eragiten duten beste gasen isurketak oso handiak dira», esan du Txinako argindar enpresa nagusiko presidente Zhou Dabingek. Kalkuluen arabera, kutsadurak 400.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero. Horrez gain, hirietan argindar mozketak gertatzen dira askotan, ekoizpena eskaera baino txikiagoa delako.
300 metro kubiko eguzki plaketan
«Pekingo konferentzia honekin, munduan hazten ari den eskualde batek keinu garrantzitsua egin du garapen iraunkorra mundu osoan bultzatzeko», esan zuen Alemaniako Ingurumen ministro Juergen Trittinek. Izan ere, energia berriztagarrien alorrean garatzeko bidean dauden herrialdeetan Txinak izan dezakeen itzala nabarmendu dute erakunde ekologistek.
Teknologia emateko agindua betetzeko eskatu zien garaturiko herrialdeei Txinako presidenteorde Zeng Peianek konferentzian. Bonnen (Alemania) 2004. urtean eginiko goi bilera ekarri zien gogora EBko eta AEBetako ordezkariei. Energia berriztagarriak bultzatu nahi dituzten herrialdeei finantzaketa, teknologia eta laguntza teknikoa agindu zieten orduan.Biomasa ere garatzeko asmoa du Txinak 2020. urterako. Lanean jarriko dituen eguzki plakek 300 metro kubiko hartuko dituzte, pilatuz gero. Edonola ere, energia hidroelektrikoa izango da gehien bultzatuko dutena, eta horrek kalte handia eragiten dio ingurumenari, urtegiak direla eta. Horrez gain, argindarra ekoizteko dozenaka zentral eraikitzen ari da Txina. 2020rako 31 zentral nuklear eraiki nahi ditu gobernuak.
Energia berriztagarrietan buru izan nahi du Txinak
Eguzkia, ibaiak, haizea eta biomasa baliatuz lortutako argindarra datozen 15 urteetan bikoiztu egingo duela iragarri du Pekingo gobernuak, eta 150.000 milioi euro inbertituko ditu horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu