Hodeiek uzten badute, eguzki eklipse partziala ikusiko da bihar goizean Euskal Herritik. Fenomenoa are interesgarriagoa izango da Galiziako, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Afrikako hainbat lekutan. Izan ere, eraztun eklipsea ikusi ahalko dute iparretik hegoalderako eta mendebaldetik ekialderako zerrenda estu batean. Ilargiak Eguzkia estaliko du, baina agerian utziko du izarraren koroa. Eraztun itxura hartuko du.
Goizeko 9:30 aldera hasiko da ikusten fenomenoa Euskal Herrian, 11:00 aldera puntu gorenera helduko da, eta 12:30 aldera amaituko da. Ilargiak Eguzkiaren diskoaren zati handi bat estaliko du. Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa da, eta Eguzkia satelitea baino 400 urrutiago dago Lurretik. Ondorioz, ortzian ia tamaina bera dutela ematen du. Eklipsea ez da inon izango erabatekoa, Ilargiaren itxurazko tamaina izarrarena baino txikiagoa delako egunotan. Izan ere, Lurrarekiko orbita eliptikoaren puntu urrun batean dago satelitea eta besteetan baino txikiago ematen du. Horrez gain, Lurra eta Ilargia Eguzkiarekiko orbitaren puntu hurbil batean daude, eta, horregatik, Eguzkiak ohi baino handiagoa ematen du.
Galiziatik Asiara
Vigo (Galizia) eta Braga (Portugal) izango dira eraztun eklipsea ikusiko duten lehen hiriak. Ondoren hego-ekialderantz egingo du itzalak. Madrildik (Espainia) pasatuko da eta Alcoyn (Herrialde Katalanak) aterako da Iberiako Penintsulatik. Ondoren, Aljerian sartuko da Afrikan, eta Sudango erdialdean izango du puntu gorena eraztun eklipseak: Ilargiaren diskoak Eguzkiarena baino %4,2 txikiagoa emango du. Asian ere ikusi ahalko dute fenomenoa. Bi eta lau minutu artean iraungo du eraztun eklipseak Europan. Izan ere, Ilargiaren abiada eta Lurraren errotazioa gehitu egingo dira, eta, ondorioz, itzala 1.700 kilometro orduko abiadan mugituko da planetaren azalaren gainetik.
Euskal Herrian eta Europaren zatirik handienean, Eguzkiaren %80 inguru estaliko du Ilargiak. Lainotuta egonda ere, asko ilundu duela igarriko da, eta ilunabarra emango du.Eraztun eklipsea aski maiz gertatzen da: mende hasieratik, laugarrena izango da biharkoa. Edonola ere, oso leku gutxitan izaten dute aukera ikusteko. Euskal Herrian 2026. urtera arte ez da beste eklipserik ikusteko aukerarik izango. Zientziaren ikuspegitik fenomenoak ez du aparteko garrantzirik. Duela 2.500 urte dagoeneko egin zituzten eklipseen lehen behaketa zientifikoak, Babilonian. Ptolomeo astronomoak lehen kalkuluak egin zituen Kristo ondorengo 150. urtean.Euskal Herriko hainbat zientzia elkartek ekitaldiak antolatu dituzte fenomenoa behatzeko. Hala nola Iruñeko planetariumak eta Donostiako Zientziaren KutxaGuneak.Osasun erakundeek eguzkiari zuzenean begiratzea oso arriskutsua dela gogoratu dute. Izpiek erretina erre dezakete denbora laburrean, minik sortu gabe, hau da, ohartu gabe. Kalteak betirako dira. Eklipsea behatzeko, tresna eta iragazki homologatuak gomendatu dituzte. Betaurreko ilunak edo argazki negatiboak erabiltzea arriskutsua dela esan dute.
Eraztun eklipsea astelehen goizaldean
Eklipse partziala ikusiko da Euskal Herritik; Galizia eta Espainiako hainbat lekutan zorte hobea izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu