Espezie berri eta galduak, agerian

Giza aztarnarik gabeko oihana bisitatu zuten Papuan hainbat zientzialarik abenduan, eta aurkikuntza txundigarriak egin zituzten

Erredakzioa
2006ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Lehengo hilean Papuara bisita egin zuten Conservation International elkarteko zientzialariek. Ameriketako Estatu Batuetako, Indonesiako eta Austra- liako ikertzaileak batera joan ziren. Foja mendietako oihanetara jo zuten, Indonesiaren menpeko Papuaren eta Papua Ginea Berriaren arteko mugara. Lilurarekin egin zuten topo. Inoiz ikusi gabeko animalia eta landare espezieak aurkitu zituzten. Hamarnaka. Oraingoz. Izan ere, askoz ere gehiago daudela pentsatzen dute.

Atzo egin zuten publiko aurkikuntza. «Oihan zoragarria da, ukitu gabea, eta ez da gizakirik bizi han; gizakiaren presentziaren ondoriorik ere ez da ageri bertan», jakinarazi zuen Bruce Beeheler Conservation International elkarteko arduradunak. Orain arte inoiz inon ikusi gabeko hegazti, tximeleta, igel eta landare espezie berriak aurkitu dituzte. Ustez aspaldi desagertutako ugaztun, hegazti eta tximeleta espezieak ere bai. Eta askoz ere gehiago aurkitzeko bidean daudela uste dute. «Hor dagoen guztia urratzen baino ez gara hasi».Leku isolatua da oihana. Oso. «Inguru horietan bizi diren bi lagun, esaterako, gurekin joan ziren, eta beraiek ezagutzen zuten inor ez zela inoiz han ibili esan zuten, ezta beraien arbasoak ere», jakinarazi zuen atzo Bruce Beehler ikertzaileak. 2.000 metrotik gora daude Foja mendiak, eta inguru horretako etnietako gizon eta emakumeak beheragoko lurraldetan bizi dira.

Espezie bitxiak, zerrenda luzea

Zur eta lur daude zientzialariak egin dituzten aurkikuntzekin. Espezie bitxienen artean eztia jaten duen hegazti bat zerrendatu dute. 1939. urtetik ez zuten bertan era honetako espezie bat aurkitzen. Ustez desagertutako espezieak ere aurkitu dituzte. Parotia berlepshi paradisuko hegaztia aspaldi desagertua zela uste zuten. XIX. gizaldiko erreferentzietatik ezagutzen zuten ikertzaileek, liburuetatik, eta orain berriro ikusi dute Papuako oihanean. Eta Ptylogonys cinereus hegaztiari lehen aldiz egin dizkiote argazkiak, bere arbolan.

Desagertuta edo desagertzear dauden ugaztunak ere aurkitu dituzte, esaterako Indonesiako urre koloreko kanguru bat, arboletan ibili ohi dena. Beste leku askotan urriak diren animalia espezie asko ugariak dira Foja mendietan. Animalia hauek guztiak itxura guztien arabera ez dira inoiz gizakiarekin harremanetan egon, baina zientzialariek aditzera eman dutenez, beraien aurrean ez ziren izutu. Horrek ere harritu egin ditu.Igel espezie berriak ere pila bat aurkitu dituzte, 20tik gora. Horietako bat oso txikia da, 14 milimetro baino gutxiago ditu luze. Tximeleta espezie berriak ere asko aurkitu dituzte. Lau espezie berri-berri aurkitu dituzte, eta hainbat azpiespezie. Eurite garaiaren ostean berriro bisitan joan eta gehiago aurkituko dituztela pentsatzen dute. Urte honetan beste bisitaldi bat egiteko asmoa dute, eta askoz ere aurkikuntza gehiago espero dituzte. Inoiz inon ikusi gabeko landareak ere aurkitu dituzte, besteak beste, bost palmera espezie berri eta errododendro klase berri bat. Aski bitxia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.