HIESAREN ZABALKUNTZA. KAREN STANECKI

«Ez dago hies izurrite bakarra, baizik eta tokian tokiko izurriteak»

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2004ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen Errolda Bulegoko osasun ikerketen buru gisa jorratu zuen Karen Staneckik, lehen aldiz, izurritea. Egun, Nazio Batuen Erakundearen hies programako (UNAIDS) epidemiologoa da. Era sinple eta laburrean laburbildu digu izurriteak azken urteotan izan duen garapena: «Goraka joan da kutsatu kopurua, urtez urte, eta aurten heldu da kopururik handienera, ia 40 milioi kutsatu». Berehala zehaztu du, ordea, ezin dela esan hiesa izurrite bakarra denik. «Herrialde eta eskualde askok pairaturiko hainbat izurritek osaturiko konplexu osoa da egun hiesa munduan». Izurriteotako batzuk oraindik hasierako urratsetan daude, epidemiologoaren arabera. Droga injektatuta hartzeko joerak gora egiten ari da leku askotan eta horrek lagundu du infekzioa zabaltzen, bereziki izurritea abiatzen ari den herrialdeetan. «Afrikan, esaterako, izurrite mota bat dago herrialde bakoitzean eta baita hainbat mota ezberdinak herrialdeen barnean ere», dio.

Zergatik daude izurrite ezberdinak, ordea, birusa eta honek sorturiko gaixotasuna bera izanda? Hainbat arrazoi aipatzen ditu Staneckik: herrialde bakoitzeko arrisku populazio kopurua eta, batez ere, populazio horren portaera. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen hiesa gizonezko homosexualen gaixotasun bezala. Gero, Afrikan, batez ere emakumeak zigorturiko gaixotasunera izatera heldu da, hor transmisioa sexu harreman heterosexualen bidez egiten delako. «Arrazoi biologikoak ere badaude emakumea birusaren biktima nagusia bihurtzeko. Emakumeen ernalkuntza organoak bereziki erasogarriak zaizkio birusari», dio adituak.Jada munduan 23 milioi pertsona hil ditu gaixotasunak. Etorkizunean izango duen garapena aurreratzerik ez dago, Staneckiren arabera: «Eragile asko daude jokoan. Egun errazagoa da jendeak tratamendua eskuratzea, eta estatuek gaitza saihesteko kanpainak eratu dituzte. Horrek zer nolako eragina izango duen ezin da esan. Ez dago iragarpenak egiterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.