Aireratu baino bi ordu aurretik, transbordadorearen erregai hornidurako neurgailu batean atzemandako arazo batengatik ez zuten bota Discovery, joan zen uztailaren 13an. NASAk onartu du ez dakiela oraindik arazo hura zerk eragin zuen, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki du. Hala, eta azken orduko okerrik ezean, gaur, Euskal Herriko 16:39an jaurtiko dute transbordadorea Canaveral lurmuturretik (Florida, AEB).
Lerro hauek idazteko unean, teknikariak lanean ari ziren oraindik, baina NASAk dena prest zuela esan zuen. Hala, Columbia transbordadorearen ezbeharraren ostean hartutako segurtasun neurriak bertan behera utz ditzake gaur NASAk. Izan ere, uztailaren 13ko akatsa errepikatzen bada ere, aurrera egingo duela esan zuen atzo. Guztira, lau neurgailu ditu transbordadoreak, erregai tankearen hondoan. NASAk dio, baina, hiruk lana eginda nahikoa dela. Hiru tanke horietan 1, 8 milioi litro oxigeno eta hidrogeno likido daude, guztira, «sistemak funtzionatzeko nahikoa». Zazpi lagunek osatzen dute Discovery transbordadorearen eskifaia, eta bi dira haien egiteko nagusiak: Nazioarteko Espazio Estazioa hornitzea eta Columbia-ren istripuaren ondotik hartutako segurtasun neurriak orbitan probatzea.
ESPAZIOA
Gaur bota nahi dute 'Discovery', azkeneko arazoa zerk eragin zuen ez dakiten arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu