GENESI MISIOA

'Genesis'-en paraxutek huts egin dute, eta ontzia lurrera erori da

Eguzki haizeak barreiatutako partikulak jasotzea zen NASAren espaziontziaren helburua, baina kolpeak kalte handia egin dio kapsulari eta, ondorioz, ontziak zeramatzan partikulak babesik gabe geratu dira

Erredakzioa
2004ko irailaren 9a
00:00
Entzun
NASA Estatu Batuetako Espazio Agentziaren Genesis kapsula Utahko desertura (AEB) erori zen atzo, paraxutek huts egin ostean. Arratsaldeko 17:55etan igaro zuen kapsulak Lurreko atmosfera. Lurzorutik 33 kilometrora zegoenean ireki behar zuen lehenengo paraxutak. Handik sei minutura, lurretik bi kilometro eta erdira, ireki behar zuen bigarrenak. NASAren esanetan, baina, biek huts egin dute. Ondorioz, kapsula harrapatzeko prestatuta zeuden helikopteroek ezin izan dute hura atzeman eta Genesis lurrera erori da, 161 kilometro orduko abiaduran.

Kapsula 2001ean bidali zuten espaziora. Eguzki haizeak barreiatutako partikulak jaso eta Lurrera ekartzea zen haren helburua. Horiek aztertuz eguzki sistemaren sorrerari buruzko informazioa eskuratu nahi zuten zientzialariek. Orain, baina, itxaron egin beharko dute kapsula berreskuratu ahal izateko, paraxutak irekitzeko jarritako lehergailua piztuta egon daitekeelako.

Istripuaren arrazoiak

NASAk ez du argitu zergatik ez diren paraxutak ireki. Chris Jones eguzki sistemaren ikerketarako proiektuko arduraduna da. Bere esanetan, gerta liteke lehen paraxuta azkarregi ireki izana eta, kapsularen abiadura azkarregia zenez, hura hondatu izana. Paraxutak ireki ez direnez, ontzia oso azkar erori da eta ondorioz, Utahko desertuan erdi lurperatuta geratu da. Adituen esanetan, kolpeak kalte handia eragin dio kapsulari.

«Honek ez zuen gertatu behar. Orain ontziaren zatiak jaso eta istripuaren zergatia ikertuko dugu», esan zuen Roger Wiens ontziaren diseinatzaileetako batek. Wiensek azaldu zuenez, istripuaren eraginez eguzki partikulak gordetzeko diseinatutako edukiontzia apurtu egin da eta materiala inolako babesik gabe geratu da.Collin Pillinger Erresuma Batuko Unibertsitate Irekiko zientzialariak Genesis-ek ekarritako partikuletako batzuk aztertu behar zituen. Pillingerren esanetan, agian, partikularen bat edo beste edukiontziaren barruan geratu da eta horietatik informazioa eskuratu daiteke oraindik. Desertura erori direnak, baina, kutsatu egingo direla eta ez dutela ezertarako baliokoesan zuen ikertzaileak. Ian Franchi Pillingerren lankideak azaldu zuenez, bestalde, oso zaila izango da partikulak biltzea, mota askotakoak eta Eguzkiko alderdi desberdinetakoak direlako: «Partikula bakoitza nongoa den eta zer den jakin behar dugu, ikertzen hasi aurretik».

Hiru urteko lana

1970an AEBetako Apollo ontziak Ilargiko harkaitzak ekarri zituenetik, ontzi batek espazioko materia Lurrera ekarriko zuen lehen aldiz zen hau. NASAk 218 milioi euro bideratu zituen proiektu honetara.

Horretaz gain, NASAk AEBetako piloturik onenetariko batzuk kontratatu zituen Clliff Fleming eta Dan Rudert kapsula jasoko zuten helikopteroak gidatzeko. Baina dena alferrik izan da, pilotuek ezin izan baitute ontzia geldiarazi.Kapsulak silikonaz, urrez, zafiroz eta diamantez egindako kolektoreak zituen. Material horiek garbiagoak direlako erabili zituzten zientzialariek. Kolektore horiek 20 mikrogramo atomo jaso zituzten, milaka milioi partikula, alegia. Atomo horien bitartez Eguzkiaren historiari buruzko informazioa jaso ahal izango zuten zientzialariek.NASAren arabera, atomo horiek eguzkia sortu aurreko nebulosaren konposaketa gordetzen dute. Horretaz gain, atomo horiek Eguzkiaren egungo konposaketari buruzko datuak ere badituzte. «Oso garrantzitsua da guretzat proiektu hau, gure unibertsoari buruzko datuak jaso ahal izango ditugulako», esan zuen Franchik herenegun. Zientzialariak azaldu zuenez, Eguzkiaren konposaketa orokorra ez da aldatu duela 4.500 milioi urte eguzki sistema sortu zenetik.NASAk, bestalde, galgatzeko sistema berri bat ere ezarri zion ontziari. Nylonez egindako parapente bat jarri zioten. Parapenteak hamar metroko luzera eta hiru metroko zabalera zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.