«Gizateriak etorkizunerako jauzia egiteko behar duen baliabidea da hau», esan zuen atzo Spencer Wells-ek, egitasmoaren zuzendariak. «Inoiz sorturiko gene fitxategirik handiena bihur daiteke», gaineratu zuen. National Geographic elkarteak eta IBM konpainiak babesten dute egitasmoa. Bost urte eta 40 milioi dolar erabiliko dituzte, 100.000 gizaki baino gehiagoren DNA lortzeko. Soilik gizonezkoen laginak hartuko dituzte, nonbait informazio genetikorik aberatsena ematen dutelako. Kode genetikoan gertaturiko mutazioak, amarengandik jasotzen den mitokondriotako DNA eta aitak utzitako Y kromosomak aztertuta, gizateriak Lurra nola kolonizatu zuen argitzea posible dela erakutsi dute lehenagotik eginiko ikerketek. «Badakigu nola egin, baina orain arte ez dugu izan ezagutza hori erabiltzeko behar beste lagin», esan zuen Wellsek.Egitasmo «irekia» izango da. Edonork izango du parte hartzeko aukera, lagina jasotzeko tresneria 100 dolarretan erosita. Tresnak postaz bidaliko dizkiete, eta haiekin aho barneko azalaren lagina hartuko du boluntarioak. Lagina ontzi batean gordeko du hark, eta ontzia gutunazal batean sartu eta Genographic Projectek munduan ezarri dituen 10 bilketa lekuetako batera bidali beharko du gero. Trukean, norbere geneen nondik norakoak jasoko ditu.
Indigenak jomugan
Ehun dolarreko parte-hartzea egitasmorako dirua biltzeko modua dela onartu dute antolatzaileek. Lortutako diruarekin herri indigenen aldeko egitasmoak abiatuko dituztela agindu dute. Izan ere, bultzatzaileek ez dute ezkutatzen herri indigenen DNA lortzea dela helburu nagusia. Talde txikiak eta, askotan, bakartuak izanda, antzinako mutazio genetiko interesgarriak gordetzen dituzte indigenek.
Genographic Projecten bultzatzaileek ez dituzte errepikatu nahi iraganean egindako akatsak. Berez, Luigi L. Cavalli-Sforza genetistak 1990eko hamarkadan abiatu zuen Giza Genomaren Aniztasun Egitasmoaren bertsio diplomatikoa dirudi plan berriak. Cavalli-Sforzaren egitasmoa bertan behera gelditu zen, herri indigenek uko egin ziotelako laguntzeari. Indigenen ustez, Mendebaldeko konpainiek beraien geneak patentatu eta haietatik dirua atera nahi zuten. «Indar ez-indigenen asmoa beti izan da ordena naturalaz jabetzea, etekina, boterea eta kontrola eskuratzeko», esan zuten Amerikako iparraldeko zein hegoaldeko 17 erakunde indioek 1995ean, aldarrikapen idatzi batean.
Bazituzten mesfidati izateko arrazoiak. Bi urte lehenago, Italiako Limone herri bakartuan, bihotzeko gaitzen aurkako gene bat aurkitu zieten 30 herritarrei. Suediako eta Suitzako botika konpainiek eta Milango Unibertsitateak berehala eskatu zuten genea patentatzea.Euskal Herrian ere nabarmen gelditu da herrien ondare genetikoak etorkizunean izan dezakeen garrantzia. Parkinson hereditarioaren Park8 aldaera eragiten duen gene bat identifikatu zuen ikertzaile talde batek iaz, Gipuzkoako lau familiatan. Gene horri dardarina izena jarri diote, eta informazio garrantzitsua eman dezake gaitzaren aurkako borrokan.Genographic Projectekin garden jokatuko dutela zin egin dute: «Ez dago inongo medikuntza ikerketarik gure egitasmoan. Ez ditugu patentatuko lortutako datuak. Informazio guztia publikoa izango da, eta denen eskura egongo da». Era berean, botika konpainiek eta aseguru etxeek ez dutela parte hartuko nabarmendu dute. Soilik National Geographic eta IBMren babesa dutela esan dute.
Aurpegi sinpatikoagoa agertu nahi izan diete oraingoan herri indigenei. Baina haiek badituzte adi egoteko arrazoiak. Informazioa kudeatuz eta horretarako sistemak sortuz aberasten da IBM. Telebistarako dokumental ikusgarriak eta mundu osoan eginiko erreportaiak eta argazkiak argitaratzen ditu National Geographicen aldizkariak. William S. Burroughs idazle estatubatuarrak «CIAren mozorro perfektua» esaten zion National Geographici.
Herri indigenek argudiatzen dutenez, beraiek ez dituzte Mendebaldeko zientzialarien tramankuluak behar, nortzuk diren, nondik datozen edo azken 60.000 urtean zer egin duten jakiteko. Beren ahozko tradizioan dituzte erantzun guztiak.
-
Itxaropenak eta kezkak
Genographic Project egitasmoaren bultzatzaileek, ustez, honako galdera hauei erantzun nahi diete, besteak beste. Herri indigenek, ordea, kezkaz ikusten dituzte beren geneak jaso nahi dituzten egitasmoak.
Genographic Project
Gizakirik zaharrenak: Nortzuk dira Afrikako eta, beraz, munduko gizakirik zaharrenen ondorengoak?
Indiaren kolonizatzaileak: Zein da India kolonizatu zuen lehen herria?
Nahasketak: Nahastu al ziren gizaki modernoak homo erectus-arekin eta galdu diren beste hominidoekin?
Desberdintasunak: Nola sortu ziren giza taldeen arteko desberdintasunak?
herri indigenak
Jatorria: Herrion kondairetan argi ezartzen ohi da taldea nola sortu zen eta nola ezarri zen bere lurraldean. Ikerketaren emaitzek beste zerbait badiote, baina, indioei lurraren gaineko eskubideak ukatzeko erabiliko dute al dute hori?
Kontrolik eza: Herri indigenek ez dute beren gene laginen gaineko inongo kontrolik izango.
Patenteak: Bioteknologia eta botikagintza konpainiak ahalmena izango dute indigenen DNAren sekuentziak patentatzeko. Haiek jasoko lituzkete mozkinak, botikak edo tratamenduak sortuz gero.