Gero eta idorragoa

Lurraren basamortutzeak 25 milioi lagun beren bizilekua uztera derrigortu dituela salatu du NBEk

arantxa iraola
DONOSTIA
2006ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Errealitate gordina biluztu dute aste honetan Genevan (Suitza) desertifikazioaz mintzatzeko elkartu diren adituek. Lurren idortzearen ondorioz, 25 milioi lagun beren bizilekuak laga beharrean aurkitu direla gaitzetsi dute. «Errefuxiatu ekologikoak dira», azaldu du Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Elikadurarako Eskubidearen arduradun Jean Zieglerrek, «baina beraien egoera nazioarte mailan ez da onartzen». Inork ez ditu errefuxiatu gisara hartzen, eta haieiharrera egiteko lekurik ez dago inon.

Lurren idortzeak gosea, pobrezia eta gatazkak dakartzala nabarmendu dute, eta aurreikuspen ezkorra egin dute: desertifikazioa mugatzeko neurri zorrotzik hartu ezean, 100 milioi lagunek gosete latzak pasako dituzte. Egoera onartezina dela esan dute, baina, hala ere, desertifikazioak agintarien agendetan oso leku txikia duela. «Arazoa konpontzeko konponbide teknikoak badaude, baina borondate politikoa falta da», gaitzetsi du Nazio Batuen Erakundeko Desertizazioaren Kontrako Konbentzioko buru Hama Arba Diallok. Genevako bilera Lur Idorren Garapenerako Zentroak (DDC, ingelesez) atondu du, Nazio Batuen Erakundeak ere bultzatuta. Izan ere, aurtengoa, propio, Desertifikazioaren Kontrako Urte izendatu du NBEk. Eta motibo ugari daude desertifikazioaren kontra egiteko, mundu zabalean. Planetako lurren %41 lur idorrak dira, eta 2.000 milioi lagun bizi dira eremu horietan. Aurreikuspenen arabera, erdiak desertifikazioaren ondoriorik gordinenak jasateko arriskuan daude. Gizaldi honetako arazorik latzenetakoa izango dela diote.

Klima aldaketa, kausa eta ondorioa

Basamortutzearen kausa, kasurik gehienetan, klimaren berotzea da, atmosferaren berotze ezohikoa, eta arrunt eragin gaiztoa dute uraren kudeaketa txarrak, basoen neurririk gabeko soiltzeak, eta kontrol egokirik gabe egindako nekazaritzak eta abeltzaintzak ere. Basamortutzea, bide batez, ingurumenean kalte latza eragiten ari da. Kalte ekologikoak dakar, eta kalte ekologikoa eragiten du.

«Lurren desertifikazioak oreka ekologikoa hausten du, eta horrek, hori gertatzen den lekuetan, ondorio larriak ekar ditzake», adierazi du Diallok Genevako biltzarrean. Eta basamortutzeak, halaber, pobrezia areagotu egiten duela gogorarazi du. «Pobreziaren kontrako borroka, ezinbestean, ingurumenaren aurkako erasoen kontrako borrokarekin batera egin behar da».Nazio Batuen Erakundearen bidez hainbat ekimen abiatu dira mundu zabalean basamortutzearen kontra egiteko. Eragozpenak handiak dira, ordea.Genevako biltzarrean Kenyan Etiopian eta Somalian egoera oso zaila dela gogorarazi dute, eta 12 milioi lagun gosete latzaren mehatxupean daudela. Sahel erregioan (Mauritania, Niger, Burkina Faso eta Mali), halaber, desnutrizio kasuak ohikoak direla nabarmendu dute, eta milioika lagun han nazioarteko erakundeen laguntzari esker bizi direla. Aurreikuspenen arabera, aurten 300.000 ume hilko ditu goseak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.