Botika orori aurre egiten dion eta hies gaitza askoz azkarrago zabaltzen duen GIB birusaren aldaera bat aurkitu dutela esan dute New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) osasun agintariek. 40 urteko gizon bati aurkitu diote Giza Immuno-eskasiaren Birus mota berria. Babesik gabeko sexu harremanik ez izateko dei egin dute hiriko agintariek, bereziki homosexualei zuzenduta. Hainbat adituk, ordea, zalantzan jarri dute aurkikuntzaren larritasuna.
Munduan beste inon ez dute aurkitu 3-DCR deitu duten GIB birusaren aldaera hau. Adituen arabera, «tratatzeko zaila edo ezinezkoa da». Beste kasu batzuen bila dabiltza osasun agintariak.
Sendagileen arabera, gaixoa duela gutxi kutsatu zen eta bi eta 20 hilabete arteko tartean garatu du hiesa. Normalean 10 urte inguru behar izaten dira gaitza garatzeko. «Botikekiko erresistentziak eta abiada honek ez du parerik», esan du Ronald Valdiserri AEBetako Hiesaren aurkako egitasmoaren zuzendariak, «oso konbinaketa arriskutsua da».Hiriko osasun buru Thomas Friedenek aurkikuntza baliatu zuen homosexualei zuzentzeko: «Gizonekin sexu harremanak dituzten beste gizonentzako larrialdi deia da hau, bereziki metaanfetamina kristalak erabiltzen ari direnei». Kutsaturiko gizonak ez zuen kondoirik jartzen, eta, gainera, gai hori erabiltzen zuen sexu pizgarri gisa.
«Gehiegizko erantzuna»
Agintarien larrialdia gehiegizkotzat jo du, berriz, Robert Gallo sendagileak. GIB birusa identifikatzen lehenetako bat izan zen Gallo 1980ko hamarkadan. «Zarata handia egiten ari dira arrazoirik gabe», esan du. Galloren arabera, gaitza azkarrago garatu izana, gaixoaren immunitate sistema ahularekin dago lotuta; ez,birusa indartsuagoa delako.
HIESA
GIB birusaren aldaera «erresistente» bat aurkitu dute New Yorken
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu