PLANETAREN EGOERA

Gizateria zenbaki gorritan dago

Lurreko baliabide naturalen bi herenak xahutu ditu gizakiak dagoeneko, ustez inoiz egin den ikerketa sakonenaren arabera

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Zenbat zor dio gizakiak naturari? Teknokratek ulertzeko moduko hizkera erabili dute oraingoan adituek horri erantzuteko. Ia 100 herrialdetako milatik gora zientzialarik ekonomiaren hizkeran adierazi dute aspalditik jakina zena: etorkizuna kolokan jartzeko moduan ustiatzen du gizakiak egun natura. Kalkuluak egin eta kalteak zehaztu dituzte. Lurrak dituen baliabideen bi heren erabili ditu dagoeneko gizakiak, eta ondorengoei utzi beharreko ondasuna jaten ari da etengabe.

Milurtekoaren Ekosistemen Balorazioa deitutako txosten hori egiteko, lau urte behar izan dituzte eta 20 milioi dolar. Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Bankuak jarri dute dirua. Eta hauxe da ondorioetako bat: «Gizakiaren jarduerak sekulako estutasuna eragiten die Lurraren mekanismo naturalei, eta ezin da dagoeneko ziurtatu planetako ekosistemek etorkizuneko belaunaldiei eusteko ahalmena izango dutela». Gizakiak, epe motzean, erabat eraldatu ditu ekosistema gehienak. Azken 50 urteotan elikagaiak, ura, egurra eta erregaiak lortzeko lanek zenbaki gorritara eraman dute gizakiaren eta Lurraren arteko harremana.

Kontu ikuskatze globala

«Txosten hau naturaren ekonomiari eginiko kontu ikuskatzea da azken finean, eta ikuskatze horrek erakusten du zor handiak ditugula», esan zuen atzo Munduko Baliabideen Institutuko Jonathan Lashek. Izan ere, 1997. urtean biologo eta ekonomista talde batek abiaturiko ildoa azken ondorioetaraino eraman dute atzo aurkezturiko txostenaren egileek. Naturak gizakiari ematen dizkion «negozio zerbitzuak» kalkulatu zituzten 1997an. Hau da, polinizazio naturalak, landare basatiek tenperatura erregulatzeko egiten duten lana edo itsasoek elikagaiak birziklatzeko prozesuak, esaterako, dirutan zer balio duten kalkulatu zuten: 33 bilioi dolar inguru, urte hartako mundu osoko barne produktu gordinaren bikoitza.

Naturak «zerbitzu» horiek doan ematen zituela uste izan du gizaki modernoak, nahiz eta zibilizazio zaharrek eta egungo herri «primitiboek» ongi jakin naturari bere zatia itzuli behar zaiola.Mende luzeko ikuspegia aldatzen ari da, antza, zientzialarien artean. «Oraindik egongo dira zorra ukatzen dutenak, baina lurra laua dela eta tabakoak minbizirik sortzen ez duela uste dutenen artean sailkatu behar ditugu», esan zuen atzo John Lawton zientzialariak, txostenaz mintzatzean.Agiriaren arabera, baliabideak ustiatu nahi horren ondorioz Lurreko bioaniztasuna asko murriztu da, atzera biderik gabe askotan. Ugaztunen, hegaztien eta anfibioen espezieen %10-30 galtzeko zorian dira egun.Lurrak emandako lau «zerbitzu» soilik handitu dira azken 50 urteotan: uzta gehiago jasotzen dira, abere gehiago hazten dira, uretako nekazaritza areagotu egin da eta gero eta landare gehiago landatzen dira, karbono dioxidoa xurgatzeko.Haatik, egungo arrantza eta ur geza erretserbak ez dira eskaera handiari erantzuteko nahikoa, eta etorkizuneko hornikuntza zalantzan dago. «Luzapen denboran ari gara jokatzen kasu askotan. Esaterako, lur azpiko ura berriz sortu baino azkarrago ateratzen ari garenez, gure haurren lepotik ari gara erretserbak husten», ohartarazi dute txostenean.Zientzialarien arabera, natura suntsitzeak, batez ere Afrikan, zalantzan jartzen du Nazio Batuen Erakundeak 2.000 urtean milurtekorako ezarritako helburua lortzeko itxaropena: 2015erako pobrezian bizi diren pertsonen kopurua erdira murriztea. Datozen 50 urteetan ondorioak asko larriagotzeko arriskua dagoela gaineratu dute.Larrialdi deien doinu apokaliptikoaz landa, egoerari aurre egiteko neurriak proposatzen dituzte: kontsumo moldeak aldatzea, hezkuntza zabaltzea, teknologia berriak garatzea eta ekosistemak ustiatzeko zerga handiagoak ezartzea.

-

Kezkatzeko arrazoiak





Lau urte egin dute lan Lurraren ekosistemen egoeraren inguruko txostena egiteko. Hona hemen nabarmendu dituzten arazo nagusiak.Gero eta lur gehiago: Jana, ura, egurra, zuntza eta erregaiak ekoizteko lur gehiago erabili du gizakiak azken 60 urteotan, XVIII. eta XIX. mendeetan batera baino. Lurraren %24 nekazaritzarako erabiltzen da egun, basoen kaltean.

Gero eta ur gehiago: Aintzirei eta ibaiei kenduriko ur kopurua bikoiztu egin da azken 40 urteotan. Lurreko ur geza guztiaren %40-50 erabiltzen dugu egun.

Gero eta arrain gutxiago: Jatekoak diren arrain espezieen laurdenak behar baino gehiago arrantzatzen dituzte. Hainbat gunetan, arrantza industriala hasi aurretik jasotzen zenarekin alderatuta, ehun aldiz gutxiago harrapatzen da egun lan berdina eginda.

Kostalde natural gutxiago: Itsasoko uretako zuhaiztienmangladien %35 galdu egin dira 1980tik. Kostaldea babesten duten koral hesien %20 suntsitu dituzte eta beste horrenbeste kaltetu.

Gero eta baso gutxiago: Basoak galtzeak eta beste fenomenoek malaria eta kolera arriskua zabal ditzakete. Gaitz berriak ere ager daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.