LEHORTEA

Gosetea hedatzen ari da Afrikan

Nigerko presidenteak goseterik ez dagoela dio eta oposizioaren eta NBEren asmakizuna dela gaineratu du

DONOSTIA
2005eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Afrikan gosetea etengabe ari da hedatzen Gosetea Goiz Antzemateko Erakundeak aditzera eman duenez. 20 milioi lagun daude gosete arriskuan, egindako azken txostenaren arabera. Afrikako zazpi herrialdek bizi dute gosete egoerarik larriena: Niger, Txad, Sudan, Etiopia, Somalia, Zimbawe eta Eritrea.

Nigerren gosetearen ondorioak oso larriak izaten ari dira aurten. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du 3,8 milioi herritar daudela hil ala biziko egoeran gosetearen ondorioz. Horrela, NBEk maiatzean 16 milioi dolarreko dirulaguntzak eskatu bazituen ere, orain 81 milioi eskatzen ditu larrialdi egoerari aurre egiteko. Bestalde, Mamadou Tanja Nigerko presidenteak Nigerren goseterik ez dagoela eta gosetearena oposizioko alderdien eta NBEren kontua dela berretsi du.Saharako desertua etengabe ari da zabaltzen lehortearen eraginez. Etiopia aspaldidanik ari da gosetearen ondorioak jasaten eta egun 10 milioi lagun daude elikadura urritasunaren arriskuan. Alabaina, Etiopiako Gobernuak gosetearen aurka abiatutako egitasmo handi bat hasi da bere emaitzak ematen. Sudan hegoaldeko gerraren ondorioak oso latzak izaten ari dira, errefuxiatuak etxera itzultzean lurra gehiegi ustiatu baitute. Zinbaweko arazo nagusiena ur eskasia da eta ondorioz herritarrek ezin dituzte lurrak ureztatu. Eritrea, Somalia eta Txad herrialdeetan ere antzeko egoera bizi dute.Zazpi lurralde hauetaz gain, Mali, Burkina Faso eta Mauritanian ere gosete egoera larria da. Malin 1,1 milioi lagun daude gosez hiltzeko arriskuan eta horietatik 5.000 inguru haurrak dira. Burkina Fason 500.000 biztanle inguru daude gosete egoeran eta Mauritanian ere antzeko egoera dute.Lehortearekin eta gosetearekin amaitzeko Niger eta Nilo ibaietan urtegiak eta ubideak eraikitzea ezinbestekotzat jo dute Gosetea Goiz Atzemateko erakundekoek.

ERNESTO PAREDES -Maradiko (Niger) elikadurarako zentroko burua

«Unerik larrienean gaude orain, eta berandu dator nazioarteko laguntza»





M. A. - DONOSTIA

Ernesto Paredes (Peru, 1976) Mugarik Gabeko Sendagileak taldeko kidea da eta 2001. urtetik Nigerren hasitako programa batean ari da lanean. Maradi eskualdeko elikadura terapeutikorako zentroko burua eta erizaina da. Nigerren dagoen goseteari buruz galdetu dio berriak, Nigerko presidente Mamadou Tanjak goseterik ez dagoela berretsi ondoren.

Nigerko presidenteak Nigerren goseterik ez dagoela adierazi berri du. Nola bizi duzue egoera han zaudeten Mugarik Gabeko Sendagileak?

Egia esan, nik ez daukat gosete egoeraren ikuspegi orokorrik eta ez naiz gosetea dagoen ala ez eztabaidatzen hasiko. Egia denazera da, azken bi asteetan ohi baino haur gaixo gehiago artatzen ari garela. Artatzen ditugun gaixo gehienak desnutrizio arazo larriak eta digeritze sistemako infekzioak dituzte. Paludismo kasuak ere asko eta asko dira. Eta noski, elikadura gabeziak gaixotasun guzti hauek areagotu egiten ditu.

Mugarik Gabeko Sendagileen txosten baten arabera, astean 1.000 ume inguru artatzen dituzue Maradi eta Tahoua eskualdeetan. Hauetatik zenbatdituzue Maradiko elikadura terapeutikorako zentroan?

Batez beste, egunean 60 edo 70 haur gaixo etortzen dira gure zentrora. Guk malnutrizio kasu larriak bakarrik artatzen ditugu eta elikadura terapeutikorako zentroan 320 ume artatzeko lekua dugu. Une honetan, malnutrizioz gaixoturiko 280 ume ditugu.

Eta nola artatzen dituzue egoitzara malnutrizioak jota iristen umeak?

Malnutrizioak larri kalteturiko umeek etengabeko gainbeherapairatzen dute. Elikadura eskasiagatik gaixotu egiten dira, eta gaixotasunaren ondorioz jateko gogoa galtzen dute, malnutrizioak erabat eragin arte. Malnutrizio larria duten haurrak ezin dira ohiko moduan elikatu. Horrelako kasuetan umeak gutxika-gutxika elikatu behar ditugu berriz, elikagai eta sendagai bereziekin.

Nigerko gosetearen arrazoi nagusiak lehortea eta iazko uzta hondatu zuen oti izurria omen dira. Baina Nigerko oinarrizko elikagaia den artatxikiaren prezioaren igoerak ere izan du eraginik, ezta?

Nigerko jendea jadanik jateko baliabide gabe dago kaleetan. Aurreko urteetan ere antzekoegoera jasan genuen baina aurten gosetea areagotu egin da, uzta galdu delako. Bestalde, egia da azoketan janaria badagoela baina prezioen espekulazioaren eraginez, salneurriak hiru aldiz garestitu dira eta jendeari ezinezkoa zaio dagoen janari urria erostea. Osasun zerbitzuak ordaindu behar izateak ere gosetearen ondorioak okertu egiten ditu. Ikusten den bezala, faktore askok eragin dute egungo egoera.

Iragan maiatzean Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 16 milioi dolarreko diru laguntza eskatu zuen larrialdi egoerari aurre egiteko. Orain berriz, 81 milioi dolar eskatu ditu egoerak etengabe okerrera egin duelako. Nola ikusten duzue dirulaguntzen auzia?

Guk urtearen hasieratik ikusi genuen gure zentrora gaixotutako haur gehiegi iristen ari zirela. Saiatu ginen egoera horren berri ematen eta gosete arriskua zegoela ezagutarazten. Baina tamalez, nazioartean ez da larrialdi deirik egin oraintsu arte. Nazioarteko larrialdi deia berandu iritsi da, baina egia esan, oraintxe ari gara unerik larriena pairatzen eta une honetan bertan dira ezinbestekoak dirulaguntza horiek.

Afrikako beste herrialdeetara ere ari da gosetea hedatzen. Beste herrialdetako egoeraren berririk baduzu?

Egia esan, ni Nigerren bakarrik ari naiz lanean eta ez dut beste herrialdetako egoera ezagutzeko aukerarik izan. Dena den, Nigerian ere gosetea hedatzen ari dela badakit, eta elikadura arazoak nabarmenak dira. Mugarik Gabeko Sendagileek ere badute beste programa bat Nigeriako gosetearen ondorioei aurre egiteko.

Etorkizunerako zein helburu dituzue?


2001ean programa abiarazi genuenetik gosearen ondorioei aurre egiten ari gara. Mugarik gabeko Sendagileen erakundetik arazorik gabe iritsi izan zaizkigu elikagaiak eta sendagaiak. Baina azken aldian arazo logistikoak izaten ari gara gaixotutako umeak etengabe ari baitira iristen. Horregatik da ezinbestekoa dirulaguntzak iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.