Petrolioaren handiak itsasoko handien kontra. Munduko petrolio alorreko konpainiarik handienetako hiruk egitasmo bat gauzatu nahi dute Ozeano Bareko iparraldeko Sakhalin uhartean (Errusia). Egitasmoak galtzeko zorian jarriko ditu mendebaldeko gray baleak, nazioarteko aditu talde batek berriki plazaraturiko txosten baten arabera. Espezie horretako 100 balea baino ez da gelditzen, eta soilik 23 dira emeak.
Shell Erresuma Batuko eta Herbehereetako konpainiak, Japoniako Mitsubishik eta Mitsuik osatzen dute Sakhalin Energy partzuergoa, munduko energia alorreko egitasmo pribaturik handiena izango dena. Talde hori sortu dute uhartearen inguruko Okhost itsasoan dagoen petrolio eta gasa ustiatzeko. Besteak beste, petroliobide bat eraiki nahi dute baleen bazkalekua den gunearen azpian. «Hodi hori gune horren erditik eraikitzen badute, baleak galbidean jarriko dituzte», esan zuen asteazkenean WWF Naturarentzako Mundu Funtsak.
Zarata, isurketak eta jana
Egitasmoak Errusian eta munduan sortu duen ika-mika ikusita, kalteen inguruko txostena egiteko eskatu zioten konpainiek IUCN Munduko Kontserbaziorako Batasunari. Asteazkenean plazaratu zituzten ikerketaren emaitzak. Zientzialarien arabera, plataformak eta petrolioarentzako zein gasarentzako hodiak eraikitzeko lanek eta ondorengo ustiaketak galbidean jarriko dituzte dagoeneko galtzeko arriskuan diren mendebaldeko gray baleak (Eschrictius robustus).
Kalterik handienak zaratak eragingo lituzke. Horretaz gain, itsasontziek baleak jotzeko arriskua dago, eta petrolio zein gas isurketak gertatzeko. Animalion bizilekuak eta bazkalekuak suntsituko lituzke egitasmoak, ikertzaileen arabera. Kalteok gutxitzeko neurriak hartzeko eskatu diete txostenean konpainiei, eta alternatibak proposatu dituzte.
Etekinak eta printzipioak leloa erabiltzen ari da Shell konpainia azken propaganda kanpainan. Biak bateragarriak direla da zabaldu nahi duen mezua. WWFk nabarmendu duenez, zientzialarien txostenean egiten zaizkion oharpenak aintzat hartu beharko ditu konpainiak, «bere ospea galdu nahi ez badu». Konpainiek egitasmoa aldatuko duten itxaropena agertu dute erakunde ekologistek. Erregaiaren erraldoientzat petrolioa eta baleak bateragarriak ote diren ikusteko dago.
ESPEZIEAK ARRISKUAN
Gray baleak galbidean jarri ditu Shell konpainiak, petrolio gosez
Sakhalin uhartean (Errusia) dituen egitasmoen kalteak kontuan har ditzala eskatu diote talde ekologistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu