Gripearen aldaera gaitzena da azken heriotzen kausa

Kurdistanen hegazti gripeak jota sendiko beste kide bat hil da; kezka handia zabaltzen ari da

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batzordearentzat ari diren (EB) adituek aditzera eman dutenez Turkiaren menpeko Kurdistanen egunotan zabaldu den hegazti gripea birusaren H5N1 aldaerak eragindakoa izan da. Lehendik zeuden susmoak egiaztatu dituzte ikertzaileok baieztapen horrekin, eta kezka eragin dute. Izan ere, birusaren 15 aldaeretan gaitzena da hori. Erasokorrena. Atzo arratsaldean, gainera, hegazti gripeak jota beste pertsona bat hil dela baieztatu zuten Turkiako agintariek, laugarrena. Aste honetan hildako beste hiru lagunen neba-arrebak, mutikoa eta neska bifamilia bereko kidea zela esan zuten. Gaitzaren inguruko kezka areagotu egin dute albisteok.

Van probintzian zendu dira lau hildakoak, Dogubeyazit herrian gaixotu ondoren. Inguru horretan gaitzaren gaineko kezka handitzen ari da. Nabarmen. Informazio agentziek atzo aditzera eman zutenez, egunotan 105 lagun joan dira Vango Erietxe Unibertsitariora gaitzarekin arduratuta, eta 23 ingresatu egin dituzte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bi ume H5N1 birusarekin kutsatuta daudela baieztatu du, eta eriak artatzen ari diren medikuek hiru lagun larri daudela esan dute. Tamiflu botika egun gaitzari aurre egiteko ezagutzen den bakarra ematen diete eriei, baina ez dagoargi zenbateko eraginkortasuna duen.

Istanbulen ere, balizko kasuak

Gaitzaren gaineko kezka zabaldu da inguruko beste probintzia batzuetara, bai eta Turkia mendebaldera ere. Istanbulen, esaterako, familia bateko zazpi lagun erietxera eraman zituzten atzo Ekialdeko Irgit probintzian oporretan egon zirela esan zuten, eta oilategi batean bat-batean hildako oilasko bat jan zutela.Medikuek ez dute uste H5 N1 birusarekin kutsatuta daudenik, baina, hala eta guztiz ere, kezka da nagusi.

Neurriak hartu dituzte Turkiako agintariek egoerari aurre egiten saiatzeko. Armeniarekin, Iranekin eta Irakekin muga egiten duten bost probintziak, esaterako, berrogeialdian daude. Iranek, berriz, muga itxi egin du. Soilik merkantzia kamioiei uzten diete pasatzen.Hegaztiak akabatzeko ere neurri zorrotzak hartzen ari dira egun hauetan. Baina ez da erraza. Inguru pobrea da hori guztia, eta etxean hazten dituzten hegaztiak bizirik irauteko oinarrizkoak dira familia askorentzat. Ez dituzte galdu nahi, eta ezkutatu egiten dituzte. Inork aurkitu ez ditzan. Hegaztiak askotan etxean bertan izaten dituzte, eta horrek kutsatzeko arriskua handitu egiten du.Egoeraren larritasunaz jabetuta Turkiako lehen ministro Recep Tayep Erdogam inguru horietako herritarrei mintzatu zaie, eta hegaztiak akabatzeko ahaleginetan Nekazaritza sailak bidali dituen albaitariei laguntzeko eskatu die: «Jendearen galerek izango dute kalte-ordaina. Ez dugu inork galtzea onartuko. Ez beldurrik izan, ez ezkutatu ahate, oilasko, oilo eta antzarak». Hegaztiak hazten dituztenen arabera, ordea, merkatuan lor dezaketen irabaziaren herena baino ez die ematen Gobernuak.

OMEko adituak

Europako Batasunean ere kezka zabaldu da. Kurdistanen hil diren lau lagunak Asia ekialdetik kanpo hegazti gripeak hil dituen lehenengoak dira, eta eritasuna mendebaldera indartsu hurbiltzen ari dela erakutsi dute. Egoera zorrotz aztertzeko eskatu dute Europako Batasuneko agintariek. Hainbat aditu Turkian daude dagoeneko, eta Osasunaren Mundu Erakundeko sei aditu atzo Van probintziara joatekoak ziren. Kurdistanen gertatu diren kutsatzeak pertsonen artean gertatu diren argitu nahi dute. Hori da dudarik handiena.

Adituen arabera, orain arte kutsatutako pertsonak gaixotutako animaliekin izandako kontaktuen ondorioz eritu dira. Ez da pertsonen arteko kutsatzerik baieztatu. Pertsonen arteko harremanen bidez ere birusa kutsatzen hasten bada, eritasuna beste fase batean sartuko dela diote eta izurrite handia saihestea zailagoa izango dela orduan. Turkiako agintariek OMEk orain Kurdistanen egingo dituen ikerketen antzekoak beste zenbait lekutan ere egin direla esan dute, eta ez dagoela kezkarako aparteko motiborik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.