Gutxienez 200 dira dagoeneko entzefalitis japoniarrak Indianhildako pertsonak, eta gehienak haurrak dira. Datu ofizialak gorabehera, hildakoak askoz gehiago izatea litekeena dela esan dute tokian tokiko sendagileek, hirietako erietxeetan hildakoak ari baitira zenbatzen, kontuan hartu gabe landa eremuetan gertaturiko heriotzak. Montzoi garaiko euriteek eta uholdeek lagundu dute gaitza zabaltzen, baina sendagileen arabera, txerto aski ez izateak eragin du horrenbeste heriotza.
Uttar Pradesh eskualdean izan dira kasu guztiak. Gorakhpur herriko erietxean 295 pertsona daude ospitaleraturik. Gutxienez 182 haur daude hainbat ospitaletan, eta ehun bat oso larri. «Gobernua erietxe publikoetan hiltzen ari diren haurrez ari da hitz egiten. Zer gertatzen da, ordea, zentro pribatuetan edo botikarik gabeko herrixketan hil direnekin?», galdetu du Radha Mohan Agarwal sendagileak eta oposizioko legebiltzarkideak. Datu ofizialen arabera, 200 dira hildakoak, gehienak sei hilabetetik 15 urtera arteko haurrak.
Zerriak eta eltxoak
Burmuinari erasaten dio Japoniako entzefalitisaren birusak. Burmuinaren sukarra ere esaten zaio gaitzari. Eltxoen bidez kutsatzen da, eta birusak batez ere zerriak erabiltzen ditu hasieran ugaltzeko. Gizakiek gaitza garatzen dutenean, kutsaturikoen hiltze indizea %30 da. Horrez gain, bizirik irauten dutenen erdiak kalteak izaten dituzte burmuinean. Denbora asko aire librean igarotzen dutenek arrisku handiagoa dute kutsatzeko, baita gizonezkoek ere. Sukar handi batez abiatzen da gaitza. Gero botaka hasten dira gaixoak, eta giharretan karranpak dituzte. Azkenean, odola botatzen dute eta koman sartzen dira. Eldarnioak ere gertatzen dira.
Haur txiroak dira Uttar Pradeshko izurriaren biktima nagusiak. «Erietxe publikoak entzefalitisak jotako haurrez beteta daude. Gurasoak txiroak dira, eta ez dute tratamendua ordaintzeko dirurik», esan du Lalit Saxena Gorakhpurko erietxeko sendagileak. Ospitale horretan 197 pertsona hil direla esan zuen zuzendariak, Sudan Singhek, ostiralean.Entzefalitisa endemikoa da Indiako Uttar Pradesh Estatuan. Kalkuluen arabera, 3.500 pertsona inguru hil ditu gaitzak han, azken 25 urteotan. Asia osoan horrelako 50.000 kasu izaten dira urtero.Aurtengo eurite eta uholdeek, ordea, gaitza izurri bihurtu dute. Eltxoek ugaltzeko aukera oparoa izan dute, landa eremuak putzuz beterik daudelako.Txerto eraginkorrak daude gaitzari aurre egiteko, baina osasun agintariek diotenez, ez dago diru nahikorik haur guztiak babesteko. «Aurten 10 urtetik beherako zazpi milioi haurri txertoa jartzeko helburua genuen, baina 200.000 baino ezin izan ditugu txertatu», esan zuen joan zen astean O. P. Singhek Uttar Pradeshko osasun arduradunak.
IZURRIAK
Gutxienez 200 pertsona hil ditu dagoeneko entzefalitisak Indian
Agintariek zazpi milioi haur txertatu nahi zituzten, baina soilik 200.000 txertatzeko dirua izan dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu