HEGAZTI GRIPEA.

H5N1 birusa Afrikan da

Nigeriako oilo etxalde batean aurkitu dute gizakiak kutsatzen dituen hegazti gripearen aldaera

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2006ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hegazti gripearen H5N1 birusaren aldaera «oso patogenikoa» hauteman dute Nigerian, Animalien Osasunerako Mundu Erakundeak (OIE) atzo baieztatu zuenez. Afrikan agerturiko lehen kasua da, erakundearen arabera. Afrikara ere heltzea espero bazuten ere, bereziki larritzat jo dute gizakiei eragiten dien birusa han agertzea, izurriari aurre egiteko azpiegiturarik ez dagoelako. Gizakien artean zabaltzeko baldintzak ezin egokiagoak dira Afrikan, nabarmendu dutenez.

«Beste kontinente bat dugu orain zaintzeko», esan zuen atzo OIEko aditu Alex Thiermannek. Nigeria iparraldeko Kaduna estatuko Jaji herrian agertu da birusa, arrautzetarako oiloak kaioletan zituzten etxalde batean. Paduako (Italia) laborategi batean aztertu zituzten laginak, eta atzo baieztatu zuten H5N1 birusa zela. Mikrobioaren azterketa genetikoa egiten ari dira orain, «egun ezagutzen den H5N1 birusaren aldaerarekin duen lotura zehazteko», atzo OIEko eledun Maria Zampaglionek esan zuenez.Nigeriako agintariek etxaldea desinfektatzeko agindu dute, berrogeialdia ezarri dute eskualdean eta herrialdean abereen mugimenduak kontrolatzeko neurriak hartu dituzte, Adamu Bello Afrikako herrialdeko Nekazaritza ministroak atzo esan zuenez.Izurriaren azken agerpenaren kontrako borroka koordinatzeko, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearekin (FAO) batera lanean ari dela esan zuen atzo OIEk. Lehen neurri gisa, adituak bidali dituzte eskualdera.

Neurriak, berehala

«Birusa kontrolatzeko ezinbestekoa da berehala esku hartzea», esan zuen atzo FAOk. Afrikako beste herrialdeek kutsatzeko arrisku handia dutela nabarmendu zuen erakundeak. «Nigeriako kasuak erakusten du nazioarteko larrialdi handi baten aurrean gaudela», esan zuen Samuel Jutzi eledunak. Nigeriakoa ez bada kontrolatzen, «hondamendia gertatuko da eskualdeko hegaztien artean, milioika pertsonen bizibidea kaltetuko da eta gizakiak kutsatzeko aukerak areagotuko dira», gaineratu zuen Jutzik.

FAOko albaitari zerbitzuko burua, Joseph Domenech, birusak Afrikara heltzeko jarraitu duen bidearen inguruan mintzatu zen: «Ez dago argi hegazti migratzailen bidez iritsi den, edo hegaztien salerosketa eta garraioaren bidez».Nigeriako albaitari zerbitzuek nazioarteko laguntza beharko dutela nabarmendu zuen Domenechek: «Erronka handiari egin behar diote aurre, eta kanpoko sostengua beharko dute».Gutxienez 40.000 hegazti hil ditu gaitzak Nigeriako Kaduna eskualdeko etxaldean. Denera 46.000 abere zituzten, gehienak oiloak, baina baita ostrukak eta antzarak ere. Atza denez, urtarrilaren 10ean hasi zen izurria etxaldean.Kadunarekin muga duen Kano eskualdean ere milaka hegazti hil dira egunotan, eta Nigeriako Nekazaritza Ministerioak dioenez, oraindik ikertzen ari dira H5N1 birusa ote den izurriaren erantzulea edo, ostera, hegazti gripe arrunta eragiten duen aldaeraren bat.Asia hego-ekialdetik, Europara eta, orain, Afrikara zabaldu da H5N1 birusa. Oraingoz, nagusiki hegaztiei eragiten die, baina munduan denera 88 pertsona hil ditu. Gehienak Asian, baina sei Kurdistanen, Europako ateetan. Gero eta gizaki gehiago kutsatu, orduan eta aukera gehiago du birusak mutatzeko eta pertsonetik pertsonera erraz kutsatzeko ahalmena garatzeko. Pandemia gertatuz gero, milioika pertsona hiltzea litekeena dela ohartarazi du OMEk.Txinan beste pertsona bat kutsatu dela zabaldu zuten atzo Pekingo agintariek. Fujian eskualdeko 26 urteko emakume bat da H5N1 birusak gaixotu duena. Txinan gertaturiko hamaikagarren kasua da.

GAITZA EUROPAN



 

Kasu gehiagoErrumanian, Bulgariako mugan





Errumania hegoaldeko Cetate herrian hegazti gripe kasu gehiago hauteman zituzten atzo osasun zerbitzuek. Bulgariako mugatik gertu gertatu dira kasuak, eta etxeko oiloak dira biktimak. Danubioko ibaiaren bazterrean dago Cetate. Ibaia horren bokalean agertu ziren iazko urrian Europako lehen kasuak. Denera 26 gune kutsatu dira Errumanian, eta giza kasurik ez dela izan diote agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.