HEGAZTI GRIPEA.

H5N1 birusa aurkitu dute lehen aldiz EBko basa hegaztietan

Grezian eta Italian azken egunotan hilik topatutako hainbat hegaztik gaitza dutela baieztatu du Europako Batzordeak

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2006ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aurreikusitako etapak urratsez urrats betetzen ari da izurria. Aste honetan Afrikan agertu ondoren, hegazti gripearen H5N1 birusa Europako Batasunera heldu dela baieztatu zuen atzo Europako Batzordeak. Grezian eta Italian azken egunotan aurkituriko hainbat basa hegaztiri eginiko azterketetan aurkitu dute birusa. Gogoratu bhar da Asian 90 pertsona inguru hil dituela birus horrek. Lehen aldia da birusa Europako Batasunean aurkitzen dutela basa hegaztietan. Bulgarian beste kasu bat agertu da, eta Indonesian H5N1ek beste emakume bat hil duela baieztatu dute.

Erresuma Batuko laborategiek aztertu dituzte Greziako Salonika eta Pieria eskualdeetan aste hasieran hilik aurkituriko hiru beltxargen laginak. Paduako laborategietan ikusi dituzte Sizilia eta Puglia zein Calabria Italiako hegoaldeko eskualdeetan jasotako beltxargak. Denetan H5N1 birusaren zantzuak topatu dituztela baieztatu zuen atzo.Gizakiak kutsatzeko arriskurik ez dagoela esan zuten Italiako agintariek. Oilaskoa jatearen inguruko «psikosirik» sortzeko arrazoirik ez dagoela adierazi zuen Fancesco Storaro Osasun ministroak. Kutsaturiko hegaztiekin harremanetan izandako 30 basa hegazti hil dituztela nabarmendu zuen Siziliako Osasun Saileko buruak, Giovanni Pistorok. Horrez gain, beltxargetako bat jaso zuten bi carabinieri (polizia paramilitarra) sendagileen zaintzapean jarri zituzten, bada ezpada ere.

«Egin behar den guztia egiten ari gara», esan zuen atzo Europako Batasuneko eledun Ferran Tarradellasek. Europako Batzordeak zabaldu zuenez, halako kasuetan ohikoak diren neurriak ezarriko dituzte Grezian eta Italian.

Babes gunea

Hegazti kutsatuak aurkitu dituzten guneen inguruan hiru kilometroko babes gunea ezarriko dute, eta hamar kilometroko zainketa eremua. Babes gunean etxaldeetako hegaztiak eta kaioletan daudenak leku itxian gorde beharko dituzte. Haragia edo arrautzak saltzea debekaturik egongo da. Zaintza eremuan ere debekatuko dute ehiza, eta kontrol zorrotzak ezarriko dizkiote hildako hegazti orori. Neurriak gutxienez hiru asterako ezarriko dituzte.

Datorren astean, hilaren 16 eta 17an, bilduko da Europako Batasuneko Elikadura Kateko Batzorde Iraunkorra. Batzarrean aztertuko dituzte ezarritako babes neurriak.Hegazti gripea Turkia inguruko herrialdeetan zabalduta egongo zela ohartarazi zuen aste hasieran Animalien Osasunerako Mundu Agentziak (FAO).Bulgariak Errumaniarekin duen mugaldeko Vidin herrian kutsaturiko beltxarga bat aurkitu dutela baieztatu zuten atzo Sofiako agintariek, eta Itsas Beltzeko hainbat gunetan kasu susmagarriak agertu direla gaineratu zuten.

Gaitza zabaltzen Nigerian

Nigeriako iparraldeko etxalde batean H5N1 birusa agertu zela zabaldu zuten asteazkenean Afrikako herrialdeko agintariek. Gaitza beste hiru etxaldetara zabaldu dela gaineratu zuten atzo. Kutsaturiko guneen inguruan berrogeialdia ezarri duela dio Nigeriako Gobernuak, baina Nazio Batuen Erakundeak agintariei eskatu diete hegaztiak hiltzeari ekiteko, salerosketa bertan behera uzteko eta kontrolak areagotzeko.

Gobernuak esan die herritarrei kalte-ordaina emango diela euren hegaztiak hil behar badituzte, baina herritar askok berehala jarri dituzte salgai gaixoturiko edo hildako hegaztiak, erdi prezioan. «Oso kezkatuta gaude Afrikako albaitari sistemak oso ahulak direlako» esan zuen atzo FAOko aditu Samuel Jutzik. Afrikako agintariek gaitza kontrolatzeko baliabiderik ez dutela uste du Jutzik. Ezintasunaren adierazgarri da atzo Nigeriako iparraldeko etxalde batean gertaturikoa. Polizia talde batek etxalde bateko 180 ostruka hiltzeko agindua zuen, baina soilik 120 hil ahal izan zituen, balak bukatu zirelako.Gero eta gehiago zabaldu, orduan eta aukera gehiago du birusak gizakiekin harremanetan egoteko eta mutatzeko. Oraingoz batez ere hegaztiei eragiten die, birusak kostata kutsatzen dituelako gizakiak. Gizakiaren gripe arruntaren birusarekin nahastuz gero, ordea, gizakitik gizakira erraz kutsatzeko ahalmena lor dezake birusak, eta pandemia eragin. Hala gertatzen bada, milioika pertsona hiltzea litekeena dela dio OMEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.