HEGAZTI GRIPEA . Beste bi lagun hil ditu H5N1 birusak, bat Txinan eta bestea Indonesian

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hegazti gripearen H5N1 birusak kutsatuta hil diren beste bi pertsonaren berri eman zuten atzo. Heriotza bat Txinan izan da, eta bestea Indonesian. Txinako Osasun Ministerioak gaitzak jota 20 urteko neska gazte bat hil dela onartu zuen atzo. Antza, urtarrilaren 27an hainbat hegazti akabatu ostean sukar handia eta pneumonia sintomak hasi zitzaizkion. Otsailaren 4an hil zen. Indonesian hildakoa ere emakumezkoa da, 22 urtekoa. Atzo gauean zendu zen, eta osasun agintariek beste emakume bat ere kutsatuta dagoela jakinarazi zuten.

Txinan, halaber, Shanxi probintzian, 35 lagun bakartu egin dituzte, prebentzio neurri moduan. Inguru horretan kutsatutako hegaztiak agertu dira, eta ez dute gaitza zabaltzerik nahi.

OMEko adituak, Nigeriara bidean

Gaur eta bihar Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) hainbat aditu Nigeriara bidean jarriko dira, bertan gaitza zertan den aztertzera. Oso kezkatuta daude adituak. Asteazkenean jakinarazi zuten etxalde batean birusazuten hegaztiak agertu zirela. Atzo aditzera eman zutenez, aurretik Txinan eta Turkian agertutako birusaren «berdin-berdina» da orain Nigerian agertutakoa. Afrikara birusa Asiatik sartu dela pentsatzen dute. Nigeriako agintariei gaitzaren aurka neurriak hartzeko eskatu diete, eta mugak kontrolatzeko.

Neurriak zorrozten ari dira Grezian ere. Ostegunean H5N1 birusak kutsatutako zisneak agertu ziren Salonikan eta Pieiran, eta atzo Europako Batzordeak eskualde horietan hegazti garraio oro galarazi zuen, bai eta hegaztien haragia eta arrautzak saltzea ere. Azerbaijango agintariek ere kutsatutako hegaztiak agertu direla esan zuten atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.