«Azken azterketek ez dute zalantzarik uzten, egoera azkar ari da okertzen», esan zuen atzo OIEko zuzendari nagusiak, Bernard Vallatek. Hegazti batzuei eragiten dien gaitza izatetik mundu osoko izurritea izateko bidean da hegazti gripea, Vallaten arabera. H5N1 Afrikan zabaldu denez, nekazariek «birusaren Damoklesen ezpatarekin» bizi beharko dutela gaineratu zuen. Etxaldeetan hegaztiei txertoa jartzea erabaki dute Frantziak eta Herbehereek, eta Bruselak oniritzia eman dio erabakiari. Vallat, ordea, ez dago ados neurriarekin, hori egitea «azken aukera» delako, soilik abereak ezin direnean itxi edo hil erabiltzeko.
Frantziako Nekazaritza Ministerioak baieztatu zuen atzo Versailleux herriko etxalde batean H5 motako birusa hauteman dutela. 11.000 indioilar zituen haztegi batean aurkitu dute birusa. Dominique Bussereau ministroak «larriturik» zegoela adierazi zuen atzo, kutsaturiko etxaldeaberriki ezarritako segurtasun eremu batean dagoelako. Basahate bat topatu zuten joan zen asteburuan eskualde horretan. Birusa N1 aldaera arriskutsukoa ote den baieztatzerik ez duela esan zuen Bussereau, edonola ere, «ezkor» zela gaineratu zuen.
Indioilarrak nola kutsatu diren ez dakitela esan zuten agintariek. Izan ere, estalpean zeuden eta ez zuten harremanik basa hegaztiekin.H5 birusa aurkitu diote Meurthe-et-Moselle departamenduan hildako basa hegazti bati. Departamenduko Herimenil herrian larrialdi plana abiatu dute.
Ariketa
Hegaztien gripeak gizakien artean izurritea eraginez gero larrialdi zerbitzuak prest egon daitezen ariketa egin zuten atzo Frantziako osasun zerbitzuek Lyonen. Hiriko aireportura Asiatik heldutako hegazkin bat izan zen ariketaren zentroa: bidaiarietako bi kutsaturik zeudela irudikatu, eta nola jokatu aztertu zuten.
Kezka handia zegoen atzo Frantziako hegazti haragi ekoizleen artean. Industriak 6.000 milioi euroko balioa duela kalkulatu da, eta okel salmentak %30 egin du behera azken egunotan. Nekazariei 52 milioi euroko laguntza emango dietela esan zuen lehen ministroak, Dominique de Villepinek.Alemaniako hiru estatutara zabaldu da dagoeneko gaitza. Schleswig Holstein eta Baden-Wuerttembergen H5N1 birusa duten basa hegaztiak aurkitu dituztela baieztatu zuten atzo.Europako Batasuneko osasun agintariek gaitzaren inguruko informazio kanpaina abiatuko dutela iragarri zuten atzo.
Datua
7
Hegazti gripearen giza aldaeraren izurria hasiko balitz, New York estatuko biztanleen %35 zazpi milioi pertsona gaixotuko liratekeela kalkulatu du hango Osasun Departamentuak. Gaitzari aurre egiteko egitasmoa onartu zuen atzo New Yorkeko gobernadoreak, George Patakik. Plana eratu duten adituek diotenez, osasun zerbitzuek ezingo liokete aurre egin izurriteari. Izan ere, sei astean 650.000 pertsona erietxean sartu beharko lituzkete, eta 200.000 ohe beharko lirateke astero. New Yorkeko erietxeetan, ordea, 62.800 ohe daude soilik, eta, asko jota, 12.000 libratuko lirateke. Ia 29 milioi dolar gastatuko dituzte larrialdirako prestakuntzetan.