HERIOTZA. Heriotza ekologikoa, heriotza transgenikoa

Edu Lartzanguren.
2004ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
eriotzak badu alternatiba. Kutxa batean usteltzeko aukerak gero eta zale gutxiago ditu munduan, eta, Kyotoko Protokoloaren aroan, erraustea gero eta itsusiagoa dirudi. Post mortem merkatuan bi aukera berri agertu dira. Lehena Suediatik dator, New Age kutsuarekin: gorpuzkinak konpost bilakatzea, teknika kriogenikoaren bidez, lurrari itzultzeko lurrarena dena. Bigarrena artista-zientzialari bikote austriar-japoniar batek proposatu du, eta David Cronenbergen filma batetik ateratakoa dirudi: norberaren DNA zuhaitz bati txertatu eta harengan jarraitu bizi transgenikoa.

«Gorpua ziklo ekologikora itzultzeko era duina da, Lur biziari ekarpen baligarria egiteko modua», dio Susanne Wiig-Masak 48 urteko biologo suediarrak. Hilobiratze ekologikoaz ari da, eta berak sorturiko enpresak Promessa Organic AB era industrialean merkaturatu nahi du sistema.Prozesua sinplea da: gorpua kontratxapatuzko hilkutxa batean sartzen da, hil ondoren astebete eta erdira, eta -18 gradura izoztu egiten da. Ondoren, nitrogeno likidotan sartzen da. Gorpua ultraizoztu egiten du nitrogenoak, -190 gradura baitago. Ondorioz, kristala bezain hauskorra bihurtzen da, eta aski du soinu uhin bat hauts bihurtzeko. Prozesua gauzatzeko bi ordu eskas behar dira. Hautsa lehortu egiten da, eta, iman batzuen bitartez, metalezko hondakin oro kentzen zaio (hortz enpasteetako merkurioa oso kutsagarria da). Hautsa garbia eta usainik gabekoa da, enpresak dioenez, eta lehor mantenduz gero, ez da usteltzen.

Bi aukera izaten dituzte orduan senideek: 25-30 kilo hondakin hauek ontzi batean gordetzea edo hilobiratze ekologikoaren prozesuarekin aurrera jarraitzea. 30 bat zentimetroko sakoneran lurperatzen da hautsa, eta, gainean, loreak, zuhaixkak edo arbolak landa daitezke, hildako senidearen nahiari jarraiki. 6-12 hilabeteren buruan hondakinak konpost bihurtzen dira eta eta konpost hori landareak hazteko baliatzen da.

«Gure metodoak gutxitu egiten du baliabide garrantzitsuenetako batzuei eginiko kaltea ura, airea eta zoruari », dio Wiig-Masakek. Ekologistatzat du bere burua, eta baita «neopaganotzat» ere;hau da, kristautasuna ezarri aurreko sinesmen eta ohiturak berreskuratzearen aldekoa da. Biologo honek 15 urte eman zituen industria petrokimikoan, elikagai bioen munduan murgildu aurretik.

Ustekabeko arrakasta

2001. urteko maiatzean iragarri zituen enpresak hilobiratze ekologikoa merkaturatzeko asmoak. Eta espero ez zuten erantzuna jaso zuten. Egun, Suediako enpresa handiekin lankidetza akordioak egin dituzte, prozedura 36 estatutan patentatu dute eta 40 pertsona ari dira sistemaren arlo teknikoa eta antolakuntza garatzen.

Suediako Legebiltzarrak erabaki du hilobiratze ekologikoak egiteko ez dela inongo lege aldaketarik egin behar. Eliza protestanteak sostengu morala eman dio egitasmoari, eta zerbait gehiago ere bai: konpainiaren akzioen %5 erosi ditu.Joan zen irailean Londresen zabaldu zuen egoitza enpresak eta Promessa International izena hartu zuen. Suediako erdialdeko Jonkoping hiria da hilobiratze ekologikoa ezarriko duen lehena. Urtebete barru, derrigorrezkoa izango da, 120.000 biztanleko hirian, hildako guztiei hidrogeno likidoaren prozesua ezartzea. Ongarri bihurtu nahi ez dutenek, hondakinak erraustea aukeratu ahal izango dute.«Gure prozedurak ziklo ekologikoa hurbilagotik hausnartzeko aukera ematen digu, eta ulermen zein errespetu gehiago Lurraren gaineko bizi ororekiko», dio Promessako buruak. Historiaurreko tumuluen, harrespilen eta trikuharrien hilobiratze kulturei, «konpostaren gurtza» gehi dakieke XXI. mendean.

Hilarri transgenikoak

«Gure egitasmoak gerezi loreen inguruan Japonian kontatzen den ipuin zahar bat ekartzen dit gogora. Gerezi loreak zuriak dira, gorri puntu batekin. Antza denez, azpian lurperaturiko pertsonaren odolak ematen die kolore gorri hori». Shiho Fukuhara japoniarrak kontatzen du istorioa. Biopresence konpainiaren sortzailea da, Georg Tremmel austriarrarekin batera.

Tremmel eta Fukuhararen asmoak eztabaida sortu du Erresuma Batuan eta mundu osoan. Gizaki baten ADN hartu, eta zuhaitz baten hazian txertatu nahi dute. Hazitik sorturiko landareak gizakiaren kode genetikoa eramango du bere zelula guztietan. Zuhaitzok hilaren oroigarri bezala, hilarri bizi gisa saltzeko asmoa dute.Giza ADN zuhaitzen geneetan sartzeko erabili behar duten metodoa ez dago argi. Erresuma Batuko prentsak «arduragabetzat» jo du bikotea. Bi gazteak artearen mundutik datozela nabarmendu dute, eta, zertan ari diren jakin gabe, zientziaren eremu arriskutsuan sartzea leporatu diete haiei. Enpresaburuok beren egitasmoaren alde teknikoa oker zabaldu izana egotzi diete komunikabideei.Prozesuaren lehen urratsa bezeroaren ahoan hasten da. Bertatik zelulak hartu eta ADN ateratzen dute. «Gizakiaren genoma osoa erabiltzeak arazo larriak ekarriko lituzke, horregatik, soilik ADNren muina erabiliko dugu», diote. Izan ere, proteinarik kodetzen ez duen ADNren zati bat erabiliko dute. ADN hori «isilarazi» egiten dute, beste organismoan txertatu ondoren, harengan eraginik izan ez dezan. Tremmel eta Fukuharak etengabe errepikatzen dute honako hau: «Gure metodoak ez die eragiten sorturiko organismoaren geneei». Diotenez, zuhaitza normaltasun osoz garatuko da, bere zelula guztietan giza ADN eraman arren.Publizitate gosez dabiltzan artista gazteen probokazioa ote?Giza ADN zuhaitz baten geneetan kodetzea posible dela esan du Bernard Lamb Londresko Imperial Collegeko genetika irakasleak. Izan ere, lehenago ere nahastu dira artearen eta zientziaren eremuak. Heraklito filosofoaren testu zati bat euli arruntaren gene batean kodetzea lortu duela aldarrikatzen du Massachusettsko Teknologia Institutuko bioartista Joe Davisek. Iazko abendutik Davisen laguntza izan dute Fukuharak eta Tremmelek.Ideia honetan sinesten duela argi utzi du aurten Erresuma Batuko Zientzia, Teknologia eta Artearen Funtsak. Izan ere,50.000 euroko diru laguntza eman die, egitasmoa enpresa bihurtzeko. Apirilean erakusketa ireki zuten Londresko Zientziaren Museoan. Urrian saria eman zien Biology in Bussiness erakundeak. Haatik, Erresuma Batuan genetikoki eraldaturiko organismoak zaintzen dituen erakundea ez dago oso pozik. Beren produktuak seguruak direlaziurtatzeko exijituko dio Biopresenceri, zuhaitzak landatu aurretik.«Artea da, agian, baina ez dut uste funtzionatuko duenik», esan du Rick Meilan Estatu Batuetako landare genetistak. ADN aldatzeak, landarearentzat ezinbestekoak diren funtzio ezkutuak alda ditzakeela dio: «Giza ADN gehitzeak astindua emango dio makinaria genetikoari».Edonola ere, zuhaitzak hilarri transgeniko bihurtzeko planak aurrera jarraitzen du. Tremmel eta Fukuharak arretaz jarraitzen dituzte erreakzioak: «Zuhaitz mota berri honek harrotzen dituen gai moral, etiko eta sozialak interesatzen zaizkigu». Lehenengo probak egiteko, 30.000 euro ordainduko dituzten 20 pertsonen bila dabiltza. Agintzen dutena erakargarria delako uste dute Tremmel eta Fukuhara: «Zure ADN zuhaitz bati txertatzen badiozu, bizitzen jarraituko duzu arbolaren barruan. Gure egitasmoak itxaropena eta lasaitasuna ekarri dio jende askori».

-

Datua



Zer da nitrogeno likidoa? Airea osatzen duten gasetako bat da giro tenperaturan. Nitrogenoa bereizteko, lehenbizi, airea konprimitu eta hoztu egiten da likido bihurtzeko. Ondoren, destilatu egiten da, nitrogenoa oxigenotik, beste gasetatik eta uretik bereizteko. Azkenik, -196 gradura hozten da, likido bilakatzeko. Nitrogeno likidoa industria kimikoan, elikagaiak tratatzeko (liofilizatzeko, esaterako) eta metalgintzan erabiltzen da. Garestia da gaia sortzea, baina ez du kutsatzen. Isurketa gertatuz gero, lurrindu besterik ez da egiten. Azala edo begiak ukituz gero, izotz erredurak eragin ditzake.



georg tremmel -biopresence enpresaren sortzailea

«Hilezkortasuna eskaintzen dugu, hilobi baten salneurrian»



e. L. - DONOSTIA

Zuhaitzetan norberaren ADN txertatu eta «hilarri transgeniko» gisa saldu nahi duen Biopresence enpresako sortzailea da Georg Tremmel austriarra.

Zein fasetan dago egun enpresa?

Konpainia antolatzeko prozesuan gaude murgilduta. Ez dugu arazo handirik konpondu behar. Cambridgeko espezialista bat dugu alor bioteknologikoa kudeatzeko. Urte hasierarako urrats handia egitea espero dugu.

Biopresence konpainiaren sortzaileak arte mundutik zatozte. Nola jo zenuten artetik zientziara eta hortik enpresa mundura?

Beti izan dugu interesa artea eta zientziaren arteko harremanean eta lankidetzan. Niri, batez ere kodeak interesatzen zaizkit. Informatikatik eta edozein kodetik ADNra oso tarte txikia dago. Negozio bihurtzeko arrazoi sinplea izan dugu: ideia egikaritzea nahi genuen. Benetako munduan zer-nolako eragina izango lukeen ikusi nahi genuen. Edonor guregana etorri eta bere ADNrekin zuhaitzetako bat lortzeko moduan egotea nahi genuen.

Non salduko dituzue zuhaitzak?

Erresuma Batuan ikasi dugu eta bertan lortu ditugu diru laguntzak. Edonola ere, Japonia da guretzat lehen merkaturik aproposena. Alde batetik, jendea izutu egin da Europan, hainbat hedabideetan gure egitasmoari tratamendu sentsazionalista eman diotelako. Bestalde, Asiako kulturan lur egokiagoa aurkituko dugulakoan gaude. Merkatu azterketa egiten ari gara, eta horren emaitzetan oinarrituko gara erabakia hartzeko.

Ez du zerikusirik Erresuma Batuko agintariek ezarri nahi dizueten kontrol zorrotzarekin?

Edozein landare transgeniko sortzeko egin behar diren legezko tramiteak egin beharko ditugu, nahiz eta oraindik ez dakigun gure landareak erabat transgenikoak diren. Izan ere, guk ADN aldatzen dugu, baina ez ditugu landarearen geneak ukitzen. Azterketa asko egingo dizkigute, baina ez dut uste horrek gure egitasmoa galaraziko duenik. Biology in Business taldeak eman digun sariari esker, biologia industriako adituekiko harremanak estutu ditugu.

Nolako erreakzioak jaso dituzue?

Muturrekoak. Batzuek berehala erosi nahi zuten eta beste batzuek gaitzetsi egin dute egitasmoa, batez ere Genetikoki Eraldatutako Organismoen aurkariek. Prentsak gure prozedura-ren xehetasun teknikoak itxuragabetu ondoren gertatu da hori. Guri entzun ondoren, gaitzespenak desagertu egin dira. GEOen industria oso haserre dago gurekin, planak propaganda txarra egiten diela uste dutelako.

Sagarrondoak txertatzen hasiko zarete. Zergatik sagarrondoak?

Kultur inplikazioengatik. Sagarrak esanahi zehatza du Mendebaldeko kulturan. Sagarrondoa ezagumenaren zuhaitza da, paradisuaren erdian dagoena...

Bekatuaren zuhaitza ere bada.

Egitasmoa «barazkijaleentzako kanibalismotzat» jo dute. Sagarrok jatea kanibalismoa bada, sinbolikoa izango da, beti ere.

Industria iraultzan mekanizismoa nagusitu zen zientzietan eta gizakia makina gisa ulertzen zen. Egun informatikaren garaian gaude, eta gizakia informazio gisa (ADN) ulertzen da. Ez al da huts egitea gizakia informazio hutsa dela pentsatzea?

Guk ez dugu esaten bizia=ADN, guk ADN bizia da esaten dugu. Gizakiaren funtsa ADN baino askoz gehiago da. Edonola ere, zuhaitzetatik ADN berreskuratzea eta gizakia klonatzea posible litzateke. ADN biltegi gisa ulertzen ditugu gure zuhaitzak.Espero dugu etorkizunean 8.000-10.000 euro ingurura jaistea kostua. Hilezkortasuna eskaintzen ari gara hilobi arrunt baten salneurrian. Zuhaitzak ez dira betiko bizi, baina oso erraza da kimuak ateratzea.

Sagar horietako baten haziak pertsonaren ADN eramango du?

Bai, baina nahastuta. Polenaren bidez, beste sagarrondo baten ADNrekin nahastuko litzateke. Gure beste zuhaitzetako batekin nahasten bada, beste pertsona baten ADNrekin nahastuko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.