Orain 500 urte inguru, aurreneko europarrek Brasilgo lurrak zapaldu zituztenean, 5 milioi indigena inguru bizi ziren bertan. Bost menderen buruan, baina, indigenen populazioak behera egin du nabarmen. Egun, 350.000 indigena inguru bizi dira Brasilen, Survival Indigenen Eskubideen Aldeko erakundeak emandako datuen arabera.
Brasilgo indigenak Amazoniako oihanean, sabanan, basoetan eta basamortuan bizi dira. Brasilgo txiroenen antzeko bizimodua egiten dute askok eta lehen begiratuan «zaila» da batzuk eta besteak bereiztea. Beste batzuek, berriz, Brasilgo zuriekin harreman estuan bizi izan arren, euren nortasuna mantentzen dute. Badira, era berean, indigenak ez direnekin harremanik izan ez dutenak ere, eta baita artean identifikatu bariko indigena taldeak ere. Survivalen esanetan, Brasil da munduan indigenak ez direnekin harremandu gabeko herri gehien dituen herrialdea.
Brasilen ez ezik, Hego Amerikako beste herrialdeetako indigenen kopuruak ere behera egin du urteen joanean. Brasilgo indigenen kasua, baina berezia da indigenen aldeko taldeen arabera. Lau ezaugarrik egiten ditu berezi Brasilgo indigenak, Survivalen arabera: indigenak ez direnekin harremandu gabeko talde ugari daudela; Estatuak ez diela indigenei lurren jabetza eskubidea onartzen, nahiz nazioarteko eskubideak hala onartua duen; Gobernuak indigenen gaiak aztertzeko sail berezia duela eta urtero diru «asko» jasotzen duelaindigenei laguntzeko; agintariek «ez duteindigenak babesteko ezer egiten», eta haietako asko desagertzear daude.
Azken 50 urteotan Brasilek indigenak babesteko diru «asko» eskuratu du nazioartetik eta Munduko Bankutik. Era berean, Indigenen Aldekoek egindako eskaerei esker ere lortu du dirua Brasilgo Gobernuak, «indigenen lurrak babesteko». Horren harira, 1993anindigenen lurrak zedarrituko zituela zin egin zuen Brasilgo Gobernuak. Hala ere, Survival Internacionalek salatu duenez, indigenen lurren hiru laurdenak zedarritu gabe daude oraindik. Areago, «zedarritu diren lurretan indigenen babesa ez dago bermatuta eta lurrak inbaditzen dituztenak askotan indarrez zigortu gabe gelditzen dira».
Indigenen lurrak zedarritzeari «ezinbestekoa» deritzote haien aldekoek, baina ez horregatik nahikoa. Lurrak zedarritzeak indigenei babesa emango dietela uste dute indigenen aldekoek. Hala ere, eta Survivalen arabera, «erabateko babesa ez da etorriko harik eta Brasilgo Gobernuak herri indigenak bizi diren lurren jabe direla onartu arte». Brasilek indigenen aldekoen eskaera 1965ean onartu zuen arren, laster ahaztu zuen.«Azkeneko 10.000 urtean Brasilgo lurretan bizi izan diren herrietatik bakar batek ere ez du uste inoiz lur horien zati baten jabe izango denik. Justizia naturalaren parodia antzeko bat da», dio Survivalek Los Desheredados: Indigenas del Brasil liburuan.
Brasilgo indigenen egoera munduko beste edozein herrialdetakoarekin alderatuz «negargarria» dela dio Survivalek. «Perurekin alderatuz eta ez pentsa Peru borondate hobekoa denik Brasilek badu lotsatzeko arrazoirik». Peru Brasil baino zatia pobreagoa da per capita errentan bi aldiz txiroagoa da, ez du indigenak babesteko programa laguntzeko Brasilek beste diru jaso, eta Brasilen baino indigena gehiago bizi dira Perun. Brasilen ez bezala, baina, Peruko indigenak euren lurren jabe dira 1974tik. Survivalen arabera, 1974an legea onartu zenetik Perun astean behin bi indigena komunitatek eskuratzen zuten lurren jabetza titulua. «Brasilen, aldiz, gehienez ere erreserbetan lurrak erabiltzeko baimena dute baina ez dira lur horien ja-be sartzen dituzte», salatu du Indigenen Aldeko Erakundeak.
Mehatxupean eta bazter utzita
Indigenak ez direnekin harremanetan diren herrialde indioak «arrisku larrian» daudela salatu du Survival erakundeak. Haren arabera, «mehatxupean» bizi dira indigenak. «Sei milioi lagun hil ziren nazien kontzentrazio eremuetan. Hemen herri indigena osoak desagertu dira; guztira, sei milioi lagunetik gora erraz. Isilean egindako sarraski bat izan da», dio Nailton PataxoSurvivalentzako lanean ari denBrasilgo indigenak. Gaitz ugari zabaldu dira indigenen artean, meatzariak, egurketariak eta lurjabe handiak haien lurretan sartu zirenetik. Orain zazpi urte esaterako yanomamien %20 hil ziren meatzariek zabaldutako malaria gaitzaren ondorioz.
Hala, XX. mende hasieratik, Brasilen urteko tribu bat desagertzen dela gogora ekarri du Survivalek. Irtenbide bat ere proposatu du, «egon daitekeen bakarra»: Gobernuak agindutakoa bete eta indigenei euren lurrak ematea.
Munduan mehatxatuen dauden indigenak
Ayoreo-totobiegosodeek, boskimanoek eta jarawaek ez dute elkarren berri, eta kontinente desberdinetan bizi dira. Hala ere, euren aurkako mehatxuak oso antzekoak dira. Tribu horiek, laguntzarik jaso ezean, aurki desagertuko dira Indigenen Eskubideen Aldeko Taldeek aditzera eman dutenez.
Indioaren Fundazio Nazionala
hiru tribu
AYOREO-TOTOBIEGOSODE: Paraguai mendebaldean bizi dira eta Amazonas ibaiaren inguruan aurki daitezkeen tribuen artean eurak izan dira indigenak ez direnekin harremantzen azkenak. Azken mendean, euren lurren zati handi bat kendu diete egurketari eta abeltzainek.
BOSKIMANOAK: Iaz, bi tribu horiek eta beraien bizilagunak ziren bakgalagadi indigenak Kalahari Erdialdeko Ehiza Erreserban Botswana, Hegoafrika zeuden eta beraien lurretatik bidali zituzten. Indigenak «zibilizatzeko» hartutako erabakia izan zela zehaztu zuen Gobernuak, baina indigenak euren lurretatik bidaltzen hasi zirenetik, eurenak ziren lurrak De Beers eta BHP Billiton enpresek erosi dituzte, Survivalek salatu duenez. Boskimanoak Gobernuaren kanpalekuetan bizi dira egun, «derrigortuta».
JARAWA: 250 eta 300 lagunek osatzen dute jarawa tribua eta Andaman Uharteko basoetan bizi dira, Ozeano Indikoan.Arku eta geziekin ehizatzen dute eta 150 urte ingurun ez dute inolako harremanik izan Indiatik zetozen kolonoekin. Orain euren lurrak galtzeko arriskuan daude. Era berean, inoiz entzun gabe zituzten gaitzak zabaltzen ari dira ajarawarren artean. Asko dira jada, elgorria kutsatuta hil direnak.