Aurrez hitzartu dute herrialde kideetako ordezkariek deklarazioa eta ekintza plana, hutsetik ez hasteko. Berez, irailean ziren bukatzekoak goi bilera prestatzeko saioak, baina hainbat gairen inguruan ordezkariak bat etortzen ez zirela eta, diplomaziak bilera gehiago deitu zituen. Hala, gaur Genevan bilduko diren ordezkariei aurkeztuko dizkieten Deklarazioa eta Ekintza Plana joan den asteburuan egin diren azken bileretan hitzartu dituzte. Deklarazioan, arlo teknologikoari dagozkion arazoez gain, giza eskubideen gaineko oharrak ere jaso dituzte, eztabaida luzeen ostean, Txinak eta Iranek iragan asteburuan, azkenean,«pluraltasunaren, independentziaren eta prentsa askatasunaren» inguruko erreferentziak onartu zituztelako. Hala, Goi Bilerako Deklarazioaren laugarren artikuluak, esate baterako, Giza Eskubideei buruzko Deklarazioaren 19. artikulua jasoko du, informazioaren gizartearen oinarri moduan. Iritziak direla eta, inor mindu edo gogaitzeko eskubiderik ez dagoela dio artikulu horrek eta baita informazioa jaso eta zabaltzeko eskubidea ezin dela mugatu ere. Era berean, deklarazio bereko 29. artikulua ere jasoko dute. Hau da, demokrazietan, legeari men egin beharraz eta moralaren betebeharrez hitz egiten duen artikulua.«Duela 55 urte Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotako moduan, informazioaren iraultza pentsaezina litzateke informazioaren emari askerik ezean», adierazi zuen atzo horren harira Kofi Annanek. Nazio Batuen Erakundeko Koichiro Matsuura Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako zuzendari nagusia ere ildo beretik mintzatu zen. Giza Eskubideen Deklarazioa bera Internet sortu aurrekoa izan arren, bitarteko berrira ondo egokitzen dela esan zuen atzo Koichiro Matsuurak. Mugek ez dutela informazio emaria trabatu behar nabarmendu zuen Nazio Batuen Erakundeko Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako zuzendari nagusiak. Salaketa bat ere egin zuen, hala ere, horren harira:«Historiako komunikazio tresna boteretsuenari kalte egiten, Interneti trabak jartzen saiatzen dira herrialde batzuetako agintariak».
Goi Bileraren erronka «handiaz» berba egin zuen atzo, Koffi Annanek, herrialde aberatsen eta pobreen arteko «leize digitala»gainditu beharraz. Haren esanetan, leize digital bakarra barik bi daude herrialde aberats eta pobreen artean. «Teknologikoa bata, eta edukiari dagokiona, bestea», zehaztu zuen. Internet erabiltzaileen %70 munduko 24 herrialde aberatsenetan bizi direla gogora ekarri zuen Annanek eta horiek munduko biztanleagoren %16a baino ez direla. Bestetik, internet sareko atarien %70 ingelesez direla nabarmendu zuen eta tokian-tokiko edukiak «hutsaren pareko» direla zehaztu zuen.
Bestalde, pobrezia eta gaixotasunak murrizteko Nazio Batuen Erakundeak zehaztutako programa gauzatzeko komunikazioa erraztea «ezinbesteko» dela gogorarazi zuen Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Nagusiak.
-
GAIRIK EZTABAIDATUENAK
Ekintza plana zehaztu dute, baina zeinek finantzatu behar duen erabakitzeke dago
Deklarazioa eta Ekintza Plana joan zen asteburuan hitzartu zituzten herrialdeetako ordezkariek, eztabaida luzeen ostean. Ekintza Planean «herrialde pobreei» azpiegitura digitalak erraztu eta «behar moduko heziketa digitala» eman beharra dagoela jaso dute sinatzaileek. Hori guztia zeinen diruz egin behar den edo nork finantzatu behar duen, hala ere, ez dute horren argi. Horrexek eragin ditu eztabaida sutsuenak; hain zuzen ere, Ekintza Planaren finantzaketak alegia.
Abdulaye Wade Senegalgo presidenteak Nazioarteko Elkartasun Digitalaren Funtsa sortzea proposatu zuen horren harira. Proposamenarekin bat egin zuten munduko herrialde pobreenetako ordezkariek, baina ez zen, hala ere, guztien gustukoa izan. Kontra agertu ziren Ameriketako Estatu Batuetako, Europako, eta Japoniako ordezkariak, zeregin horretara bideratutako nazioarteko funtsak badaudela arrazoituta. Estatu Batuen iritziz, adibidez, «ez da zilegi» horretarako beste funts bat sortzea, eta nahiago ditu alde biko laguntzak. Europako Batasunak eta Japoniak, bestalde, zalantzak dituzte erakunde burukokratiko berriak sortzearen inguruan.Beste zenbait gai, berriz, 2005ean Tunisian egitekoa den goi bilera honen bigarren zatian aztertzeko utzi dituzte. Interneten gobernua zeinen esku egon beharko lukeen, esaterako, Tunisian eztabaidatuko dute, gai polemikoa gertatu baita oso. Egun, egoitza nagusia Kalifornian, Estatu Batuetan, duen ICANN erakundeak du horren ardura«irabazi asmo gabeko erakunde pribatua» . Erakunde hori da, hala,Interneteko domeinuen izenak izendatzen dituena. Estatu Batuetako Gobernuak zuen horren ardura aurretik. Europako herrialde gehienek begi onez ikusten dute Internet ICANNen menpe egotea, baina Txinak eta «garapen bidean diren herrialde» zenbaitek, Internet gobernu arteko erakunde baten menpe egon beharko lukeela adierazi dute. Beste zenbait herrialde «demokratikok», ostera, Interneten gobernua estatuen menpe egotea «arriskutsua» litzatekeela adierazi dute. Herrialde horien aburuz, alde teknikoak kontrolatu ez ezik, estatuek informazio emaria kontrolatzeko tentazioa ere izango lukete askotan, eta hori «kaltegarria litzateke».