Zabaltzen jarraitzen du GIB birusak mugarik gabe. UNAIDSek atzo aurtengo txostena aurkeztu zuen. Agirian jasotzen denez, Asia ekialdean hedatu da batez ere izurritea. Bikoiztu egin da azken bi urteotan, nabarmenki Txinan egin duen aurrerakada dela eta.
Afrika beltza
Edonola ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan zabaldu da gehien. Bertan daude mundu osoan kutsaturiko pertsonen %64. Afrikako gizonezko gazteen %2,2 kutsaturik daude. Emakume gazteen proportzioa %7ra heltzen da. GIBak kutsaturiko 15 eta 24 urteko gazteen artean, %76 neskak dira.
Hainbat faktorek eragiten dute hainbeste emakume kutsatuta egoteko, UNAIDSen arabera: emakumeak, askotan, askatasun gutxi dute sexu harremanetan irizpideak ezartzeko. Dependentzia ekonomikoak eta kulturalak ezinezkoa egiten die askotan gizonezkoak kondoia erabiltzera behartzea. Horrez gain, txirotasunak eragiten du milioika emakumerentzat sexua izatea dirua irabazteko modu bakarra.«Hiesaren aurretik inoiz ez da horren zuzena izan sexuen arteko mundu desberdintasunak heriotzarekin duen lotura», esan zuen atzo Peter Piot UNAIDS egitasmoko zuzendariak. Emakumeen eskubideen eta hiesaren aurkako borrokaren arteko lotura zuzena nabarmendu zuen Piotek: «Ez baditugu emakumeak hiesaren aurkako borrokaren muinean sartzen, ez dut uste gauza izango garenik izurritea kontrolatzeko».Azken bi urteotan kontinente guztietan handitu da GIBak jotako emakumeen kopurua. Izurritea Asian eta Europako ekialdean bizkortu da ikusgarrien. Afrikan eta Asian putetxeetatik sendi arruntetara egin du jauzi. Kenyan eta Zambian, esaterako, arrisku handiagoa dute, egun, ezkonduriko emakume gazteek, sexu harremanak dituzten haien ahizpa ezkongabeek baino, ikerketa baten arabera. Izan ere, pobreziak behartzen ditu beraiek baino askoz zaharragoak diren gizonezkoekin ezkontzera, segurtasun bila, eta horiek GIBdunak izaten dira askotan.Birusaren aurkako botikak jasotzen dituztenen kopurua bikoiztu dela zabaldu zuen atzo UNAIDSek. Hego Amerikan, tratamendua behar duten gehienek, orain, eskuratzen dutela dio. Edonola ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan soilik hamarretik batek jasotzen du laguntza. «Horrela jarraituz gero, datozen bi urteotan bost edo sei milioi pertsona hilko dira», ohartarazi zuen atzo erakundeak. Horisaihesteko 16 mila milioi euro beharko direla gaineratu zuen.
-
HIESA BORROKATZEN
Brasilgo egitasmoak, «eredugarri»
Latinoamerikan hiesa eragiten duen birusa dute 1,7 milioi pertsonak. Horietako herenak baino gehiago brasildarrak dira. Brasilek gaixoei ematen dien tratamendua goraipatu zuen atzo Nazio Batuen Erakundeak, hiesaren egoeraren inguruan zabalduriko txostenean: GIB birusaren aurkako tratamendua jasotzeko aukera dute herritar orok. Botika generikoak saltzen dituzte Brasilen, konpainien izena dutenak baino merkeagoak, eta heriotzak asko gutxitu dira.