Hiesa heroina trafikoaren bide beretik zabaltzen ari dela ohartarazi dute adituek Rio de Janeiron (Brasil) egiten ari diren hiesaren inguruko nazioarteko biltzarrean. Horren harira esan dute Asia erdialdeko herrialdeetan eta Europa ekialdean nabarmen egin duela gora GIB Giza Immuno-eskasiaren Birusa dutenen kopuruak. Batetik, ez dagoelako drogaren kontrako programarik, eta, bestetik, herrialde horietako askotan galarazita dutelako antisorgailuak erabiltzea. Nazioarteko adituek Brasilen eredua jarraitzeko eskatu diete herrialde horietako agintariei.
Izan ere, azken hamarkadotan Brasilek hiesaren inguruan izan duen politika eredugarritzat jo du Nazio Batuen Erakundearen hiesaren kontrako programak. Urteetan baztertuta egon diren taldeekin egiten du lan Brasilgo Gobernuak, eta antisorgailuak doan banatzen ditu sexuaren alorreko langileen artean. Ondorioz, urtean-urtean, gero eta jende gutxiago kutsatzen da GIB birusaz. Gaur egun, 600.000 lagun inguruk dute hiesa eragiten duen birusa, Brasilen populazioa 183 milioikoa da, eta denek jasotzen dute tratamendua. Latinoamerika osoan, berriz, 1,7 milioi lagun daude kutsatuta, NBEren arabera. Iragarpen txarrenei aurre egiten jakin du Brasilek. Izan ere, 1992. urtean, hiesa aise zabalduko zela iragarri zuten adituek. Zentzu horretan, 2002. urtean GIB birusa 1,2 milioi lagunek izango zutela esan zuten. «Nazioarteko zenbait laguntzari uko egin arren, izurria saihesten jakin du Brasilek, hiesaren kontrako prebentzio neurriak hartuta eta gaixoei lagunduz», esan du Helene Gayle Hiesaren Kontrako Nazioarteko Erakundeko zuzendariak. Joan zen maiatzean, Ameriketako Estatu Batuek eskainitako 40 milioi dolarri muzin egin zien Brasilek, Washingtonek prostituzioa gaitzestea exijitu ziolako ordainetan. Estatu Batuetako talde kontserbadoreek estu hartu dituzte garatzeko bidean diren herrialdeak eta laguntza taldeak, abstinentziaren aldeko politika ezar dezaten. Herrialde horiek abortuaren, kondoiaren eta prostituzioaren kontrako jarrera har dezaten nahi dute Estatu Batuek. «Herri subiranoa gara», esan zuen joan zen maiatzean Brasilgo Osasun ministroak, AEBen diru laguntzei uko egiteagatik jasotako kritikei erantzunez. Prostituzioa legezkoa da Brasilen.Dirutza hari uko egiteak, gainera, ez dio Brasilek hiesaren kontra hasitako borrokari kalterik egin. Izan ere, egitasmo horren %90 Brasilgo Gobernuak ordaintzen du, eta, %8 inguru Munduko Bankuak jartzen du. Brasilgo Gobernuaren jarrera hori txalotzeko, eta azken urteotan egin duten lana saritzeko,Rio de Janeiron bildu dira aurten hiesaren inguruko adituak, gaitzaren inguruko datuen eta berrikuntzen inguruan gogoeta egiteko. Igandean hasi zen bilera eta etzi amaituko da. Mundu osoko zientzialariak eta ordezkari politikoak ari dira parte hartzen. Guztira, 114 herrialdetan egindako 2.060 ikerketa lan aztertuko dituzte egunotan, bilera horietan. Atzo, hiesak hartu duen indarraz jardun zuten adituek. Hiesak minik gehien Saharaz hegoaldeko Afrikan egin duela gogorarazi zuten. Izan ere, egun, 25 milioi lagunetik gora dira han GIB birusa dutenak. Iaz, esaterako, hiru milioi lagunetik gora kutxatu ziren eta 2,3 milioi hil ziren, hiesak jota. Gaixoen hamarretik batek baino ez du tratamendua jasotzen.
Hala ere, adituek ohartarazi dute hiesak beste eragin-gune handi bat izango duela datozen urteotan: Asia erdialdea eta Europa ekialdea. Izan ere, heroina trafikoaren bidez, gaur arte eragin gutxi izan duen herrialdeetan asko zabaldu da hiesa. Adituen esanetan, Tadjikistan, Uzbekistan, Iran, Ukraina eta Moldavian asko ari da zabaltzen, bereziki drogazaleen artean. Herrialde horietan ez dago xiringa garbiak banatzeko egitasmorik eta antisorgailuak debekatuta daude. Gainera, gaixoen %10ek jasotzen dute oinarrizko tratamendua.
GAIXOTASUNAK. HIESA
Hiesa heroina trafikoaren bidetik ari da hedatzen
Afganistandik Europa ekialdera ari da zabaltzen izurria, «aise», herrialde askotanez dutelako drogaren aurkako politikarik eta antisorgailuak debekatuta daudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu