Txinako agintarien arabera, 800.000 inguruk dute hiesa. Baina, adituen esanetan, askoz ere gehiago dira. 2010erako, bestalde, gaixoak hamar milioi inguru izan daitezkeela uste du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Gaur egun, oro har, 40 milioi gaixo daude munduan eta hirutik bi Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi dira. Iaz bakarrik hiru milioi pertsona hil ziren gaitzaren eraginez.Nazio Batuen Erakundeko iturrien arabera, Txinan ez ezik, Indonesian, Papua Ginea Berrian, Vietnamen, Asia erdialdeko zenbait herritan, Afrika iparraldean eta Baltikoko estatuetan ere arazo larria bihurtu da hiesa. Horretaz gain, hies kasuak hirukoiztu egin dira 1999 eta 2002. urteen artean Asia erdialdean eta Europa ekialdean.Adituen arabera, Txinak SARSarekin gertatutakoa saihestu nahi du. Pneumonia atipikoa agertu zenean Txinako Gobernua «hura ezkutatzen» saiatu zen denbora batez. Ondorioz, egoera okertu egin zen. Orain, Osasun ministroaren esanetan, aurrerantzean gaitzari buruzko informazioa ezkutatzen saiatzen den guztia «gogor» zigortuko dute. Era berean, Shanghain gaixotasuna ikertzeko lehen zentroa ezarriko dutela ere iragarri zuten atzo agintariek.
«Gizarte osoaren arazoa da gaixotasuna»
Yan Shaogang hiesa aztertzeko Shanghain irekiko duten zentroko arduradun izango denak adierazi zuenez, urtero %40 gehiago izaten dira gaitza dutenak. Bere esanetan, hiesa ez da gaixoen arazoa bakarrik, «gizarte osoaren arazoa» baizik. Horri aurre egiteko hezkuntzaz gain, kondoien erabilera bultzatzea eta legezkoak ez diren odol salmenten aurka egitea «oinarrizkoa» dela nabarmendu zuen Shaogangek.
Iaz egindako zenbait inkesten arabera, bestalde, landa eremuetan bizi diren lau txinatarretatik batek ez du inoiz entzun ezer hiesaz edo GIBazGiza Inmuno-eskasiaren Birusa; eta bost pertsonatik batek soilik daki GIBa sexu harremanen bitartez kutsa daitekeela.Erabilitako xiringak berriz erabiltzea da hiesaz kutsatzeko erarik zabalduena Txinan. Iaz, gaixoen %62k hartu zuten gaitza era horretan. Arazo gehien, bestalde, hiru probintziatan daude: Guangxi Zhung, Yunnan eta Xinjiang Uyghurren. Hiru eskualde horietan xiringak erabiltzen dituzten drogazaleen %80k dute GIB birusa. 2002ko abenduan egindako ikerketa baten arabera, Txinan milioi bat pertsona inguruk erabiltzen dituzte xiringak droga hartzeko. Adituen esanetan, baina, askoz gehiago izan daitezke.Kutsatutako odola jaso izanagatik gaixotu direnak ere milaka izan dira herrialde horretan. Horietako gehienek 1990eko hamarkadan hartu zuten gaitza, baina asko orain gutxi arte ez dira ohartu.
Horietaz gain, babesik gabe sexu harremanak izateagatik kutsatu direnak ere ugari dira. Gehienek prostitutekin izandako harremanen eraginez hartu zuten gaixotasuna. Kontuan hartu behar da 1980ko hamarkadan prostituzioak indar handia hartu zuela Txinan. Ondorioz, sexu bidez zabaltzen diren gaitzak ere asko ugaritu ziren hamarkada hartan. 2002an, esaterako, 740.000 lagunek hartu zuten sexu harremanen bitartez kutsatzen den gaixotasunen bat.
Ugari dira Giza Inmuno-eskasiaren Birusa izan eta haurdun geratu direnean gaitza haurrari kutsatu dioten amak ere. Adituen esanetan, baina, kopuru hori handi daiteke, gero eta gehiago direlako kutsatutako emakumeak. 1995ean agertu zen GIB birusarekin jaiotako lehen haurra. Duela bi urte, aldiz, 112 izan ziren birusarekin jaio zirenak.
-
KUTSATUTAKO ODOLA
Gaixotasuna zabaldu izanaren arrazoietako bat
1990eko hamarkadan Henango probintziako (Txina) agintariek odola ematera joateko eskatu zieten hango herrialde txiroetako nekazariei. Milioika herritarrek deiari erantzun eta anbulantzietara jo zuten odola ematera. Horietan lan egiten zuten erizainek, ordea, ez zituzten oinarrizko garbitasun neurriak jarraitu eta xiringa berak erabili zituzten behin eta berriz. Era berean, erizainek ez zituzten odol emaileen datuak jaso. Ondorioz, garai hartan 500.000 pertsona inguru kutsatuzirela uste dute. Baina gaur egun ez dago datu zehatzik. Odol emaileak gaixo zeudela konturatu eta tratamendua jasotzen hasi ziren arte, bestalde, urte ugari igaro dira.