Hiesaren aurkako borrokak «ahaztu» egin ditu haurrak

Unicefeko zuzendari Ann M. Venemanek laguntza handiagoa eskatu du GIB birusak kalte egin dien haurrentzat; egun, zerbitzu publikoak %10ek soilik jasotzen dituztela azaldu du

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Haurrak ahaztuta daude GIB birusari munduan ematen ari gatzaizkion erantzunean. GIB birusak kutsatuta edo GIB birusaren ondorioz umezurtz geratu diren umeen artean soilik %10ek dute zerbitzu publikoen babesa edo horietara heltzeko aukera». Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Futseko zuzendari Ann M. Venemanek agertu du errealitatearen gordina. Londresen GIB birusak eta hiesak kalte egindako umeak Laguntzeko Munduko Aliatuen Foroa egiten ari den biltzarraren harira egin ditu adierazpenak. Eta laguntza eskatu du, premia dagoelako. Eta egongo delako. Aurreikuspenen arabera, 2010. urtean gaitzaren ondorioz umezurtz geratutako 18 milioi ume egongo dira Saharaz hegoaldeko Afrikan.

Horregatik, Londresen egiten ari diren biltzarrean bereziki umezurtzei laguntzeko neurriak bultzatu nahi dituzte. Umezurtzak beren ardurapean dituzten familiei laguntza ekonomikoak emateko zer aukera dauden aztertzen ari dira , bai eta zer-nolako mailegu mota bereziak eskain dakizkiekeen ere. Era berean, GIB birusaren prebentzioa eta kutsatuta daudenen tratamendua unibertsal bihurtzeko proposamenak egin nahi dituzte.

Londresko biltzarra aurten Unicefek antolatu du, Erresuma Batuko Nazioarteko Garapenerako Sailarekin batera. 90 gobernuz kanpoko erakunde ere ari dira parte hartzen biltzarrean, eta hainbat gobernutako ordezkariak. 2003an osatu zuten GIBak kalte egindako umeak babesteko foroa, eta munduko agintariek ahotan hartutako konpromisoak gauzatzen direla bermatu nahi dute.

Hezkuntza haurguztientzat

Gaitzari aurre egiteko hezkuntza ezinbesteko gakoa dela gogorarazi dute. Hezkuntza mailan aurrera egin ahala, gaitzaren prebentzioari buruzko informazio gehiago izaten dute gazteek, eta zailagoa izaten da kutsatzea.

Umeen eta gazteen eskolatzea lortzeko, neskatoen kasuanbatez ere, oraindik ere egiteko bide luzea dagoela gogorarazi dute. Eskoletako ateak itxita dituzte leku askotan. Baina zabaldu egin behar zaizkie. «GIBa kutsatzeko zikloa apurtu nahi badugu, neska-mutilek ez kutsatzeko zer egin behar duten jakin behar dute», adierazi du Peter Piot Unaids erakundeko zuzendariak. Iazko urrian Unicefek eta Unaidsek propio umeen artean GIBaren eta hiesaren ondorioak arintzen laguntzeko kanpaina hasi zuten.

LEGE ALDAKETAK



Erregistro hobeak nahi dira jaiotzak eta heriotzak kontrolatzeko



Munduko leku askotan oraindik heriotzak eta jaiotzak erregistratzeko sistemak ez dira behar bezain taxuzkoak, eta horrek arazo handiak ekartzen dizkie umezurtzei. Ezin izaten dute legez umezurtzak direla erakutsi, eta, ondorioz, doaneko hainbat laguntza Ðjanaria, edo osasun zerbitzuak, esaterakoÐ jaso ezinik geratzen dira. Horregatik, erregistro horiek hobetzeko ahalegina egin behar dela gogorarazi dute Londresen elkartu diren eragileek.

Lege aldetik ere aldaketak proposatu nahi dituzte GIB birusak kutsatutako edo GIB birusaren ondorioz umezurtz geratutako umeen babeserako. Herrialde askotan oraindik ere norbait baztertzeko motiboa izaten da gaixotasuna, eta hori gaitzesteko eta saihesteko legeak egitea proposatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.