HIESAREN ZABALKUNTZA. Hiesa emakumeena dela dio NBEk

Giza Immuno-Eskasiaren Birusak kutsaturikoak ia 40 milioi dira jada munduan; erdiak emakumezkoak, eta asko neskatoak

ERREDAKZIOA
2004ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hiesaren aurkako gerra galdu egingo da munduan, emakumezkoek ez badute beren etorkizuna beren eskuetan hartzeko modurik eta garapen bidean diren herrialdeetan haien oinarrizko eskubideak aintzat hartzen ez badira. Hona Nazio Batuen Erakundeak gaixotasuna- ren aurka borrokatzeko duen egitasmoak, UNAIDS asteartean egin zuen ohartarazpena. Izan ere, izurriteak eragindako biktima kopuruak gora egin du munduko eskualde guztietan. Giza Immuno-eskasiaren Birusak (GIB) kutsaturikoak 39,4 milioi izatera heldu dira 2004an eta horien erdia emakumezkoak dira.

Zabaltzen jarraitzen du GIB birusak mugarik gabe. UNAIDSek asteartean 2004ko txostena aurkeztu zuen. Agirian jasotzen denez, Asia ekialdean hedatu da, batez ere, izurritea. Bikoiztu da azken bi urteotan, nabarmenki Txinan egin duen aurrerakada handiak bultzatuta.

Afrika beltza

Edonola ere, Saharaz hegoaldeko Afrika da gehien kolpaturiko eskualdea. Bertan daude mundu osoan kutsaturiko pertsonen %64. Afrikako gizonezko gazteen %2,2 kutsaturik daude. Emakume gazteen proportzioa %7ra heltzen da. GIBak kutsaturiko 15 eta 24 urteko gazteen artean %76 neskak dira.

Hainbat faktorek eragiten dute emakumeak horrela egotea, UNAIDSen arabera: emakumeak, askotan, askatasun gutxi dute sexu harremanetan irizpideak ezartzeko. Menpekotasun ekonomikoak eta kulturalak ezinezkoa egiten die, askotan, gizonezkoak kondoia erabiltzera behartzea. Horrez gain, txirotasunak eragiten du milioika emakumerentzat sexua izatea dirua irabazteko modu bakarra.«Hiesaren aurretik inoiz ez da horren zuzena izan sexuen arteko munduko desberdintasunak heriotzarekin duen lotura», esan zuen asteartean Peter Piot UNAIDS egitasmoko zuzendariak. Emakumeen eskubideen eta hiesaren aurkako borrokaren arteko lotura zuzena nabarmendu zuen Piotek: «Ez baditugu emakumeak hiesaren aurkako borrokaren muinean sartzen, ez dut uste gauza izango garenik izurritea kontrolatzeko».Azken bi urteotan kontinente guztietan handitu da GIBak jota dauden emakume kopurua. Izurritea Asian eta Ekialdeko Europan bizkortu da ikusgarrien. Afrikan eta Asian prostituzio etxeetatik familietara egin du jauzi. Kenyan eta Zambian, esaterako, arrisku handiagoa dute, egun, ezkonduriko emakume gazteek, sexu harremanak dituzten haien ahizpa ezkongabeek baino, ikerketa baten arabera. Izan ere, pobreziak behartzen ditu beraiek baino askoz zaharragoak diren gizonezkoekin ezkontzera, segurtasun bila, eta hauek GIBa izaten dute askotan.Birusaren aurkako botikak jasotzen dituztenen kopurua bikoiztu egin dela zabaldu du UNAIDSek. Hego Amerikan, tratamendua behar duten gehienek, orain, eskuratzen dutela dio. Edonola ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan soilik hamarretik batek jasotzen du laguntza. «Horrela jarraituz gero, datozen bi urteotan bost edo sei milioi pertsona hilko dira», ohartarazi du erakundeak. Hori saihesteko 16 mila milioi euro beharko direla gaineratu du.

-

HIESA BORROKATZEN



Brasilgo egitasmoak, «eredugarri»



Latinoamerikan hiesa eragiten duen birusa dute 1,7 milioi pertsonak. Horietako herena baino gehiago brasildarrak dira. Brasilek gaixoei ematen dien tratamendua goraipatu du Nazio Batuen Erakundeak, hiesaren egoeraren inguruan zabalduriko txostenean: GIB birusaren aurkako tratamendua jasotzeko aukera dute herritar orok. Botika generikoak saltzen dituzte Brasilen. Konpainien izena daramatenak baino merkeagoak dira, eta heriotzak asko gutxitzea lortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.