HIESAREN ZABALKUNTZA. KAREN STANECKI. «Ez dago hies izurrite bakarra, baizik eta tokian tokiko izurriteak»

Edu Lartzanguren.
2004ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen Errolda Bulegoko osasun ikerketen buru gisa jorratu zuen Karen Staneckik, lehen aldiz, izurritea. Egun, Nazio Batuen Erakundearen hies programako (UNAIDS) epidemiologoa da. Era sinple eta laburrean laburbildu digu izurriteak azken urteotan izan duen garapena: «Goraka joan da kutsatu kopurua, urtez urte, eta aurten heldu da kopururik handienera, ia 40 milioi kutsatu». Berehala zehaztu du, ordea, ezin dela esan hiesa izurrite bakarra denik. «Herrialde eta eskualde askok pairaturiko hainbat izurritek osaturiko konplexu osoa da egun hiesa munduan». Izurriteotako batzuk oraindik hasierako urratsetan daude, epidemiologoaren arabera. Droga injektatuta hartzeko joera gora egiten ari da leku askotan eta horrek lagundu du infekzioa zabaltzen, bereziki izurritea agertzen hasi den herrialdeetan. «Afrikan, esaterako, izurrite mota bat dago herrialde bakoitzean eta baita hainbat mota ezberdin ere herrialdeen barnean», dio.

Zergatik daude izurrite ezberdinak, ordea, birusa eta horrek sorturiko gaixotasuna bera izanda? Hainbat arrazoi aipatzen ditu Staneckik: herrialde bakoitzeko arrisku populazio kopurua eta, batez ere, populazio horren portaera. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen hiesa gizonezko homosexualen gaixotasun gisa. Gero, Afrikan, batez ere emakumeak zigortzen dituen gaixotasuna izatera heldu da, hor transmisioa sexu harreman heterosexualen bidez egiten delako. «Arrazoi biologikoak ere badaude emakumea birusaren biktima nagusi bihurtzeko. Emakumeen ugalketa organoak bereziki erasogarriak dira birusarentzat», dio adituak.Jada munduan 23 milioi pertsona hil ditu gaixotasunak. Etorkizunean izango duen garapena aurreikusterik ez dago, Staneckiren arabera: «Eragile asko daude jokoan. Egun errazagoa da jendeak tratamendua eskuratzea, eta estatuek gaitzaren kontrako kanpainak antolatu dituzte. Horrek zer eragin izango duen ezin da esan. Ez dago iragarpenak egiterik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.