OME Osasunerako Mundu Erakundeak Haurren Osasunari eta Ingurumenari buruzko Atlasa izeneko txostena aurkeztu zuen atzo. Bertan, kutsadurak adingabeen osasunean duen eragina aztertu du erakundeak. Urtero, bost urtetik beherako hiru milioi haur hiltzen dira kutsaduraren ondorioz. Lee Jong-wook OMEko zuzendariaren esanetan, haurrak dira kutsaduraren eragina gehien nabaritzen dutenak. Kutsadura ez ezik, baina, adituek bestelako arriskuak ere aztertu dituzte, errepide istripuak, besteak beste.Egun, oraindik, pobrezia da haurren osasunerako mehatxu nagusia. Aberats eta pobreen arteko desberdintasunen ondorioz, milioika dira osasun zerbitzu egokirik jaso ezin duten haurrak. Hala ere, errepide istripuen ondorioz hiltzen dira haur gehienak. 2002an 15 urtez azpiko 111.559 mutil eta 71.261 neska hil edo zauritu ziren errepide istripuetan.
Edateko ura
Gaur egun, 1,1 milioi lagunek ibaietako, lakuetako edo estali gabeko putzuetako ura edaten dute. Ondorioz, askok beherakoa edo disenteria bezalako gaitzak harrapatzen dituzte. Urtero bi milioi haur hiltzen dira gaixotasun horien eraginez. Indiako Ganges ibaian, esaterako, minuturo 1,1 milioi litro hondakin-ur isurtzen dira. Era berean, gorotz gramo bakar batean 10 milioi birus, milioi bat bakterio eta 1.000 parasito inguru daude.
Malaria eta eltxoek zabaldutako bestelako gaitzak
Afrikan bakarrik 978.661 milioi haur hil ziren 2002an, malariak jota. Haurren heziketan ere badu eragina gaixotasun horrek, askok eskolara joateari utzi behar izaten baitiote osasun arazoak direla eta. Afrikan 10.000 milioi euro inguru bideratzen dira eltxoek zabaltzen dituzten gaitzen tratamendurako. Adituen arabera, ordea, prebentzio kanpaina egokiak bultzatzea merkeagoa litzateke. Intsektizidak eta ohearen inguruan jartzen diren eltxoen aurkako sareak nahikoak dira, maiz, horrelako gaitzak ekiditeko.
Fluorudoa eta artsenikoa
Aurtengo datuen arabera, Txinan bi milioi pertsonek hezurretako fluorosia dute. Era berean, Bangladeshen minbiziarekin hiltzen diren 270.000 lagunetatik 200.000 artsenikoz kutsatutako ura edateagatik gaixotzen dira. Normalean, urak duen fluorudo eta artseniko kopurua oso txikia da eta ez du inolako arazorik eragiten. Zenbait lekutan, baina, industriaren ondorioz, sustantzia horiek gora egiten dute. Fluorudoak hezurretako arazoak eragiten ditu eta artsenikoak, berriz, azaleko, biriketako, maskuriko eta giltzurruneko minbizia eragiten ditu.@:
Etxe barruko kutsadura
Urtero bi milioi haur baino gehiago hiltzen dira etxe barruko kutsadurak eragindako arnasketa arazoak direla eta. Sukaldean erabili ohi diren erregai solidoek sortzen dute kutsadura. Mundu osoko biztanleen erdiak, simaurra, ikatza edo egurra erabiltzen dute energia iturri gisa. Horrek sortzen duen keak haurrei eragiten die bereziki. Aireztatze egokiak eta gasa erabiltzetik elektrizitatera igarotzeak arazoak murriztuko lituzke.
Tabakoa
Tabakoak osasun arazo ugari eragin ditzake erretzetzaile pasiboengan. 700 milioi haur inguruk arnasten dute egunero tabakoaren kea. 1999 eta 2003 urteen artean Europako eta Asia hego-ekialdeko haurren %58ek tabakoaren kea arnastu zuten etxean. Ke horrek 4.000 gai kimiko inguru ditu. Komunikabideetan egiten diren tabakoaren aurkako kanpainek eta lekuan-lekuko agintariek hartzen dituzten neurriek haurren bizi-baldintzak hobetzen dituzte, adituen arabera.
Hirietako kutsadura
Industriak eta ibilgailuek karbono-dioxidoa eta haurren biriketan sar daitezkeen partikulak sortzen dituzte. Beroa egiten duenean, bestalde, gas horiek geruza bat sortzen dute eta horrek asma-krisiak eragin ditzake. Kutsadurak, baina, ez ditu herrialdeetako mugak errespetatzen. Haizeak sorlekutik urrun eramaten ditu aireko metal astunak eta kutsatzaile organikoak. Era horretan, beste herrialde batzuetako ura eta lurrak ere kutsatzen dira. Hirietako kutsadurak ehunka haurren heriotza eragiten du Europan. Munduan, urtero 24.000 ume hiltzen dira hirietako kutsadurak eragindako gaixotasunen eraginez.
Saihets daitezkeen gertaerak
Itomena da haurren heriotzen eta zaurien eragile nagusia. Gazteei dagokienez, berriz, errepide istripuetan hiltzen edo zauritzen dira gehienak. Horietan 15 urtez azpiko 150.000 gazte hiltzen dira urtero. Normalean, ez dira beraiek izaten istripua eragiten dutenak. Bai, ordea, haren ondorioak jasan behar izaten dituztenak. Horiek saihestea erraza da. Autoan doazenek segurtasun-uhala jartzen badute, eta bizikletan doazenek kaskoa jantziz gero, ondorioak ez lirateke hain larriak izango. Errepide istripuek eragindako lesioek 53.768 milioi euroko gastuak sortzen dituzte «herrialde aberatsetan».
Lan egitera behartutako adingabeak:
Bost eta 14 urte arteko 200 milioi haurrek lan egin behar dute, euren senideek jateko zerbait edukiko badute. Adingabe horien erdiak lantegi arriskutsuetan aritzen dira. Neka-zaritzan, eraikuntzan edo meatzaritzan, esaterako. Nekazaritzan aritzen diren haurrek osasun arazoak izan ohi dituzte, pestizida, tenperatura altuak eta intsektuen ziztadak direla eta. Meatzaritzan eta eraikuntzan aritzen direnek, berriz, pisu astunak altxa behar izaten dituzte eta baldintza arriskutsuetan egiten dute lan. Urtero 17 urtez beherako 25.000 haur hiltzen dira lanean izandako istripuen eraginez.
ADINGABEEN OSASUN ARAZOEN ZERGATIAK
Hiru milioi haur hiltzen dira urtero kutsaduraren ondorioz
OMEk dioenez, osasun zerbitzu txarrak eta errepide istripuak dira umeen osasun arazoen eragile nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu