Hegaztien gripearen aurkako hiru milioi txerto bidali dituzte Pekingo agintariek Txinako Qinghai eskualdera, dozenaka txori migratzaile gaitz kutsakorrak hilda aurkitu ondoren. Zientzialariek baieztatu dute hegaztien gripearen H5N1 birusak hil dituelaanimaliok. Pekinen arabera, oraindik ez da gizakirik kutsatu, baina, zientzialari askoren arabera, mutazio bat baino ez du beharko birusak pandemia bihurtzeko eta gutxienez milioi bat pertsona hiltzeko. Osasunerako Mundu Erakundeak uste duenez, edozein unetan gertatuko da izurritea. Oraingoz, 58 pertsona hil ditu birusak.
Txina osorako larrialdia ezarri zuen Pekinek igandean. Nekazaritza ministroaren arabera, hegazti migratzaileek Asiako hego-ekialdetik Txinara eramandako N5H1 birusaren aldaera hau hilgarriagoa da iaz herrialdean agertu zena baino. «Aldaerak gizakiak kutsatzeko gene bat izatea litekeena da», gaineratu zuen ministerioak. Iaz 50 abere kutsatu ziren gaitzaz; gizakirik ez, ordea. Gobernuak Txina osoko natur parkeak itxi ditu eta derrigorrezko txertaketa kanpaina ezarri du Qinghai eskualdeko abere guztientzat.
Basa hegaztiak
Qinghai aintziran 519 basa hegazti aurkitu dituzte birusak hilda. Tartean dira antzarak, Asia erdialdeko kaioak eta ubarroi handiak. Zientzialariek uste dutenez, animaliok Indiatik heldu ziren Txinako eskualdera, Himalaya zeharkatuta, birus hilgarriaz Asiako hegoaldean kutsatu ondoren. Negua Indian igarotzen dute hegaztiok, eta udaberrian Txinara joaten dira ugaltzera.
Animaliok migratzeko erabiltzen dituzten bideak aztertzeko agindu du Pekinek, hildako hegazti gehiago dauden jakiteko. Horretaz gain, hegazti etxaldeak garbitzeko agindu dute. «Etxe abereek eta basa animaliek ur eta jan iturri berak erabiltzen dutenez, oso litekeena da Txinako etxaldeetako hegaztiak arriskuan egotea», esan zuen atzo Malik Peiris Hong Kongeko Unibertsitateko mikrobiologoak. Txina munduko hegazti ekoizlerik handiena da, Ameriketako Estatu Batuen ondoren.«Birusa eremu berrietara zabaltzen bada eta hau eremu berria da, gero eta zailago izango da ingurumenetik desagerraraztea», esan zuen atzo Dick Thompson-ek, OMEko Gaixotasun Kutsakorren Ataleko eledunak.Azken bi urteotan 58 pertsona hil ditu hegaztien gripeak Asiako hegoaldean. Heriotza gehienak Vietnamen gertatu dira; azkena, joan zen astean. Thailandian eta Kanputxean ere izan dira hildakoak. Vietnamgo kasuarekin oso kezkaturik daude nazioarteko erakundeak. Izan ere, han gaitza pertsona batetik bestera kutsatu dela uste dute adituek.Gripe hilgarrien pandemiak mendean hirutan gertatzen dira batez beste. OMEko Thompsonen arabera, birus hau hurrengo izurritearen eragilea izateko arrisku handia dago.
OSASUNA
Hiru milioi txerto banatu ditu Txinak, hegaztien gripea dela eta
Pekingo gobernuak natur parkeak itxi ditu, dozenaka basa txori gaitz kutsakorrak hilda agertu ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu