Hiru milioi zauri urtean

Urtean hiru milioi neskatori genitalak mozten dizkiete, eta etzi hori salatzeko eguna izango da

arantxa iraola
DONOSTIA
2006ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Aurkako Mundu Eguna izango da etzi. Laugarren urtez egingo da,Tolerantziarik ez lemapean. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondo Unicefekdatu bat gogorarazi nahi izan du dataren harira: urtean hiru milioi neskatori ablazioa egiten diete Afrikan eta Yemenen; alegia, genitalak mozten dizkiete. Europa, Ipar Amerika eta Australiako zenbait etorkin familiatan ere egiten dira ablazioak. Milaka. Unicefen datuen arabera, gaur egun munduan 100-140 mila emakume eta nerabek dituzte genitalakerauzita edo moztuta.

Normalean nerabezarora heldu aurretik mozten dizkiete genitalak haurrei. Tradizioa da leku askotan, oso aspaldikoa, eta ezkondu aurretik egin beharreko pausotzat dute leku askotan. Jarduera horren kontra egin behar dela gogorarazi zuen atzo Genevan(Suitza) Unicefeko zuzendari Ann Venemanek. Ablazioa giza eskubideen kontrako jarduera «isil eta iraunkorra» dela gaitzetsi zuen, eta desagerrarazi egin behar dela.Horretarako urteotan urrats eraginkorrak egiten ari direla esan zuen: «Benetako urrats kolektibo positiboa lortzeko bidegurutzean gaude orain». Egipton eta Sudanen, esaterako, ablazioa saiheste aldera egiten ari diren ahaleginen fruitua jasotzen ari direla azaldu zuen.Ablazioa tradizioan eta lekuan lekuko bizimoduan oso txertatuta dagoenez, kontzientziazio lana bertako jendearen bidez egiten saiatzen dira. Sudanen, esaterako, buruzagi erlijiosoen bidez zabaltzen dute ablazioaren kontrako mezua. Venemanek atzo gogora ekarri zuen Maputuko Protokoloa ere lagungarria izango dela Afrikan ablazioa saihesteko. Emakumeen eskubideen alde egiten du itunak, eta azaroan jarri zuten indarrean, 15 herrialdek berretsi ondoren.

Errealitate ugari

Ablazioa Egipton, Sudanen, Eritrean, Etiopian, Malin eta Ginean dago errotuen. Emakumeen %80k dute ablazioa eginda herrialde horietan. Geografikoki eta maila ekonomikoaren arabera apenas dago ezberdintasunik; herrialde horietako lurralde gehienetan eta maila sozial ia guztietan da ohikoa neskei genitalak moztea. Herrialde guztietan, ordea, ez da horrela gertatzen. Beste herrialde askotan etnia jakin batzuek baino ez dituzte egiten ablazioak, eta herrialdearen osotasunera begira, oso jarduera mugatua da.

Herrialde gehienetan osasun eta garbitasun neurri egokirik gabe egiten dira genital mozteak; inguruko emagin eta antzekoen esku lagatzen da egitekoa. Azken urteotan, ordea, zenbait herrialdetan ÐKenya, Ginea, Nigeria, Sudan...Ðablazioak egiteko osasun zerbitzu arautuak hautatzen hasi dira guraso asko. Garbitasun eta osasun neurriak askoz ere egokiagoak dira, noski, leku horietan, eta neskatoen sufrimendua ere askoz txikiagoa. Nolanahi ere, Unicefek lehengo urtearen amaieran publiko egin zuen txostenean argi utzi zuen helburua ez dela ablazioak medikuarenean egitea. Harago joan behar da. Desagerraraztera.

Ablazio motak



Ablazioak egiteko era ezberdinak daude. Lekuaren arabera maiz aldatu egiten da hautatzen den modua:

Zirkunzisioa edo erdainkuntza: Klitoriaren prepuzioa kendu egiten da. Normalean, baina, ebakuntza hori egitearekin batera klitoriaren zati bat edo klitori osoa ere kentzen da.

Klitoria eta beheko ezpainak moztea: Kasu honetan klitoriaren prepuzioa eta klitoria bera kentzeaz gain genitaletako beheko ezpainak ere kentzen dira. Goikoak baino ez dira lagatzen.

Infibulazioa: Hirugarren modu hau are gordinagoa da. Klitoria eta goiko eta beheko ezpainak kendu eta bulbaren bi aldeak lotzen dira; gernua eta hilekoa irteteko zulo txiki bat baino ez da uzten.

Bestelakoak: Unescok zerrendatu izan ditu genitalen mutilazioak egiteko beste hainbat modu ere.Zenbait tokitan, esate baterako, substantzia korrosiboakbotatzen dira baginara, estutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.