KOBEKO GOI BILERA

Hondamendiei aurre egiteko estrategiak bat datoz garapen iraunkorrarekin

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hondamendi naturalek urtero eragiten dituzten heriotzak eta galera ekonomikoei aurre egiteko estrategiak garapen iraunkorrerako ahaleginekin bateratu behar dira. Horra atzo Koben (Japonia), Hondamendiak Gutxitzeko Goi Bileran batzarturiko ordezkariek hitzarturikoa. Nazio Batuen Erakundeak antolaturiko lau eguneko bilera atzo amaitu zen.

«Populazioa handitu ahala, gero eta jende gehiagori eragiten diete hondamendi naturalek», esan zuen atzo Salvano Briceño NBEko ordezkariak. «Ezbehar hauen inguruan gero eta ardura handiagoa badugu ere, kalte arriskua ere asko handitu da», gaineratu zuen. Izan ere, hondamendi naturalak orain arte giza laguntzaren atalean sartu direla esan zuten ordezkariek. Horrek eragin du, orain arte, ezbeharrak aurreikusteko diru gutxi erabili izana. Aurrerantzean, kalteak gutxitzeko ahaleginak garapen iraunkorra bultzatzeko saioekin lotu behar direla nabarmendu zuten. Asiako hegoaldeko tsunami-aren itzalpean egin da Kobeko bilera. 120 herrialdetako 3.000 parte-hartzaile bildu dira. Bi urte zeramaten bilera prestatzen eta, itsasikara gertatu aurretik, pentsatzen zuten oso jende gutxik parte hartuko zuela. Hondamendi naturalen inguruan inoiz eginiko bilerarik handiena izan da, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.