ESPAZIOA. CASSINI EGITASMOA

Huygens zunda Titanen lurreratu da, zazpi urteko bidaiaren ostean

Europako Espazio Agentziak «zientziaren arrakastatzat» jo du; Lurretik urrunen lurreratu den espaziontzia da

Imanol Magro Eizmendi.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Haurra bizirik dago», esan zuen atzo Europako Espazio Agentziako (ESA), zientzia zuzendari David Southwoodek, Darmstadteko (Alemania) kontrol zentroan, Huygens zundaren lehen seinaleak jaso berri zituztenean. Lehen seinaleok AEBetako Virginia estatuan dagoen Green Bank irrati-teleskopioak jaso zituen, atzo goizeko 10:30ean Euskal Herriko ordua. Zazpi urteko bidaiaren ondoren, Huygens zundak bere helburua betezuen: Titan sateliteko atmosferaren eta lurrazalaren ezaugarrien inguruko informazioa igortzea.

Eguberri egunean Cassini espaziontzitik askatu zenetik, Huygens espazio zunda Saturnoren Titan ilargirantz gerturatuz joan da. Atzo goizeko bederatzietan, aldiz, zunda sateliteko atmosferan barneratu zen, orduko 1.400 kilometroko abiaduran. Behin atmosferan sartuta, abiada galduz joan zen. 10:34an, Titango lurretik 160 kilometrora zegoenean, lehen jausgailua ireki eta bi ordu baino gehiago iraun zuen jaitsierari ekin zion. Huygens 12:34an lurreratu zen; halere, aurretik, jaitsieran, zundak zeramatzan gailuek azterketa ugari egin zituzten Titango atmosferaren eta lurraren ezaugarrien inguruan. Huygens zunda Lurretik urrunen lurreratu den espaziontzia da.

«Zientziaren arrakasta»

Lehen seinaleak Huygens zundak berak bidali bazituen ere, gailuek eginiko azterketen emaitzak Cassini espaziontziaren laguntzarekin iritsi ziren lurrera. Zundaren lehen seinaleak jaso orduko proiektuak bere helburua lortuko zuen itxaropenzabaldu zen Europako Espazio Agentziako kontrol gunean. Eguerdian, ESAren bozeramaile Roberto Lo Verdak lehen informazioak zabaldu zituen: «Huygens zunda atmosferan sartu da, bateriak piztu ditu eta jausgailuak ireki dira».

Dena den, proiektuaren arrakastaren baieztapena ez zen arratsalde arte iritsi. David Southwood izan zen prentsaren aurrean agertu zen ESAko lehen ordezkaria. «Huygens Titanen lurreratu da, oraindik, ordea, ez dakigu azterketen datuak Cassiniren bidez iristen ari ote zaizkigun». Bi ordu geroago, ESAko zuzendari nagusi Jean Jacques Dordain-ek eman zuen helburuaren berri. «Huygens zundaren misioa zientziaren arrakasta izan da, Cassini satelitea datuak igortzen hasi da». Agerpenean atzoko egitasmoaren pauso guztiak arrakasta osoz egin zirela esan zuen Dourdaik.Horrezaz gain, ESAko zuzendari nagusiak proiektuan parte hartu duten langile guztiak zoriondu zituen, eta Huygensen lurreratzea «Europako industriarentzat arrakasta izugarria» dela nabarmendu zuen. «Titango sekretuak azaleratuko dituen, eta oso ingurune gogor batean sei gailu zientifikoren jardun egokia ziurtatu duen tresna sortu duelako». Datuen emaitzen inguruan galdetu ziotenean, lehen datuak eta ilargiaren lehen irudiak ordu batzuen buruan jasoko zituztela esan zuen.

«Denboraren makina»

Huygens proiektuko zuzendari Jean-Pierre Lebretonek, berriz, «denboraren makinarekin» parekatu zuen zunda. Egun, Titanen, «Lurrean duela 3,8 milioi urte zeuden antzeko baldintzak aurkitu beharko genituzkeelako» zehaztu zuen. Izan ere, Titango nitrogenozko atmosferak metano ugari dauka, eta bere lurzoruan «Lur gazte hartan» aurki zitezkeen elementu ugari egon daitezke. Lebretonen hitzetan, Huygensek bidalitako datu eta argazkiekin «eguraldi laburpen» zehaztua egin ahal izango dute.

Cassini-Huygens ESAren, NASAren eta Italiako Espazio Agentziaren artean bideraturiko egitasmoa da, eta 2.460 milioi euroko aurrekontua izan du. Hala satelitea nola zunda garraiatu zituen kohetea 1997ko urriaren 15ean irten zen, Cañaveral lurmuturretik.

Espaziontziak zazpi urte behar izan ditu Saturnora iristeko. Bere bidaian Lurra, Artizarraeta Jupiterren grabitateak erabili behar izan ditu bultzada hartzeko. Cassini-Huygens modulua 2004ko uztailaren 1ean iritsi zen Saturnoren orbitara. Bere lehen egunetan Saturnorenilargiak aztertu zituen, lau urtez luzatuko den beste proiektu baterako.

Cassini-Huygens ez da Europako Espazio Agentziak epe motzera esku artean duen egitasmo handi bakarra. Izan ere, ESAk datorren otsailaren 11n beste kohete bat jaurtitzeko asmoa du. Kohete honek satelite astun bat baino gehiago orbitan jarri ahal izango du.

-

Odisea espazioan





1997ko urriak 15: Cassini espaziontzia eta honek zeraman Huygens zunda jaurti zituzten: Saturno zuten helburu.

1998ko apirilak 26: Cassini Artizarraren ondotik igaro zen.

1999ko ekainak 24: Artizarretik igaro zen bigarrenez, azaletik 598 kilometrora.

2000ko urtarrilak 23: Masurskin asteroidearen ondotik igaro zen, Lurretik 1,5 milioi kilometrora.

2000ko abenduak 30: Jupiterren aldamenetik igaro zen, Lurretik 7,7 milioi kilometrora.

2004ko uztailak 1: Saturnoren orbitara heldu zen. Eraztunen lehen irudia bidali zuen.

2004ko uztailak 5: Titanen hego poloan metanozko lainoa atzeman zuen, baita geologia jardueren arrastoak ere.

2004ko uztailak 23: Tximistak atzeman zituen Saturnon, lehen aldiz.

2004ko irailak 9: Beste eraztun bat aurkitu zuen Saturnon.

2004ko urriak 26: Titandik inoiz baino gehiago gerturatu zen, eta ilargiaren azalari argazkiak egin zizkion. Titanen hidrokarburo likidozko itsasoak daudela esan zuten ESAko zientzialariek.

2004ko abenduak 25: Cassinik Huygens zunda askatu zuen, Titanera bidaltzeko.

2005eko urtarrilaren 14a: Huygens zunda ilargian lurreratu eta datuak bidaltzen hasi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.