Gaur egun 78 herritan dago indarrean heriotza zigorra. Baina horietako batzuetan ez dute inor exekutatu azken urteetan. 1990az geroztik, bestalde, 35 herrialdetan indargabetu dute zigor mota hori. Beste lau estatu, aldiz, heriotza zigorra atzera bota ostean, berriz ere indarrean jartzen saiatu dira. Heriotza zigorra indarrean dagoen lekuetan delinkuentzia murriztu egin dela diote haren aldekoek. Oraingoz, baina, «ez dago hori frogatuko duen ikerketa zientifikorik». Nazio Batuen Erakundeak duela bi urte egindako azterketaren arabera, bestalde, «ez da zentzuzkoa» heriotza zigorra bizi osorako kartzela zigorra baino eraginkorragoa dela esatea. Kanadan, esaterako, 1975ean debekatu zen heriotza zigorra eta geroztik «behera egin du delinkuentziak». AIk, bestalde, errugabeak exekutatzeko dagoen arriskua ere gogoratzen du txostenean.
Adingabeen eta buruko gaitzen bat dutenen kasua
Nazioarteko giza eskubideen hitzarmenek adingabeak exekutatzea debekatzen duten arren, badira hori egiten duten estatuak ere. 1990az geroztik zortzi estatuk exekutatu dute adingabekoren bat. Txina, Kongo, Iran, Nigeria, Pakistan, Saudi Arabia, AEB eta Yemen dira horiek. Baina Ameriketako Estatu Batuak izan dira adingabeko gehien exekutatu dituztenak: 19 azken hamalau urteetan. Iaz, bi adingabeko exekutatu zituzten, bat Ameriketako Estatu Batuetan eta bestea Txinan.
Txinak 1997an indargabetu zuen delitua egin zuten unean adingabeak ziren pertsonak hiltzera zigortzeko baimena. Hala ere, geroztik adingabe ugari exekutatu dituzte herrialde horretan epaileak datu horri garrantzirik eman ez diolako. AEBetan ere badira antzeko kasuak, nahiz eta zenbaitetan Auzitegi Nagusiak edo estatu bakoitzeko gobernadoreak zigorrak atzera bota izan dituen adina kontuan hartuz. Iazko abenduan, adibidez, Paul Patton Kentuckyko gobernadoreak atzera bota zuen adingabe bati ezarritako heriotza zigorra eta haren lekuan bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten. Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena kontuan hartuz gero, baina, adingabeei ezin zaie bizi osorako kartzela zigorra ezarri.Dokumentuak, bestalde, buruko gaitzen bat dutenen kasua ere nabarmendu du. James Colburn, esaterako, iaz exekutatu zuten Texasen, AEBetan, aditu batek eskizofrenia zuela frogatu zuen arren.Era berean, Amnesty Internationalen arabera, zenbait kasutan «homosexualitatea ere kontuan hartu izan da» heriotza zigorra ezarri ahal izateko. 2003ko urriaren hasieran fiskalak gizon baten exekuzioa geldiarazteko eskatu zion Ipar Karolinako gobernadoreari heriotza zigorra ezartzerakoan homosexualitatea kontuan hartu zuelako epaileak. Gobernadoreak, ordea, ez zuen zigorra atzera bota nahi izan.Kasu batzuetan akusatuen errugabetasuna frogatu ahal izaten dela dio AIk. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, 1973az geroztik 112 kasutan ezarri diete heriotza zigorra pertsona errugabeei. Kasu horietan akusatuak exekutatu aurretik frogatu ahal izan zen haien errugabetasuna. Azkena iazko abenduan gertatu zen. Akusatua hogei urte egon zen heriotza zigorraren zainNazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen batzordeak heriotza zigorra ez legeztatzeko eskatu zien lehendik lege hori indargabetu duten herrialdeei. Era berean, delitua egin zuten unean adingabeak ziren pertsonei ezin zaiela heriotza zigorra ezarri gogorarazi zuen. Europako Batzordearen arabera, bestalde, Ameriketako Estatu Batuek eta Japoniak heriotza zigorra indargabetu behar dute nazioarteko behatzaile lanetan jarraitu nahi badute.
-
Datua
2.756
Iaz 2.756 pertsona zigortu zituzten hiltzera munduko 63 herrialdetan.