Iaz polemikaren eta jakin-minaren hautsa harrotu zuen Hwang Woo-suk zientzialari hegokorearrak; aurten, lotsarena. Klonatutako enbrioietatik zelula amak lortu zituela azalduz iazko maiatzean Science aldizkariak argitara eman zuen artikulua faltsututa zegoela erakutsi dute azken hilabeteotan zientzialariek, eta, atzo aditzera eman zutenez, 2004an lehen aldiz klonatutako giza enbrioiak lortu zituela esanez argitara emandakoak ere informazio faltsua zekarren.
Batzorde berezi bat Hwang Woo-suken lana ikertzen ari da, eta bihar emango dute jakitera beren azterketaren emaitza zehatza. Itxura guztien arabera, ikertzaile hegokorearraren trapu zikin ugari utziko dituzte agerian. Atzo Yonhap agentziak zabaldutako informazioaren arabera, Hwang Woo-suken lan bat baino gehiago jarriko dituzte auzitan. Batzordeko ikertzaileek aditzera eman dutenez, ikertzaile hegokorearrak egindako zenbait ikerketa errepikatzeko lanik ere ez dute hartuko jada. «Dirua eta denbora alferrik galtzea litzateke hori», azaldu diote Yonhap agentziari. Izan ere, publiko egin zituen lorpenak egiteko adina teknologiarik ez dute aurkitu haren laborategietan.
Barkamena eskatu du
Hilabeteak egin ditu Hwang Woo-sukek bere lana defendatzen. Azkenaldian, ordea, barkamena eskatu du, eta egindako akatsak bere gain hartuko dituela esan du. Behin eta berriro errepikatu du, ordea, zelula amak lortzeko adina teknologia bazuela berak eskura.
Albiste hauen guztien harira, auzitan jarri dute adituek Hwang Woo-suken beste ikerketa bat ere. 2005. urtearen hasieran lehen aldiz txakur bat klonatzea lortu zuela jakinarazi zuen, eta Snuppy izeneko Aftanistango erbi-txakurra aurkeztu zuen.
IKERKUNTZA. Enbrioi klonatuen ikerketan ere gezurra esan zuen Hwang Woo-suk zientzialariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu