Hedabideetan oihartzun txikia izan du isuriak, itsasoan izan ez denez irudi ikusgarririk eragin ez duelako. Martxoaren 2an hauteman zuten isuria lehen aldiz. Ordurako, milioi bat litro petroliok estaltzen zuten tundrako hektarea bat. Agintarien arabera, oliobidea barrutik herdoilduta sortu zen zuloa. Ez dakite noiz hasi zen petrolioa hoditik ateratzen.«Hondamendi honek agerian uzten ditu petrolio eta gasa garraiatzeko kontrol gabe egiten ari diren azpiegiturak», salatu du Alaskako Naturaren Ligak. Ekologistek Washingtongo Legebiltzarrari eskatu diote geldi ditzan Bushen alderdiak Alaskako baliabide naturalak gehiago ustiatzeko dituen egitasmoak. Alaskako Artikoko Natur Babesgunean petrolioa ateratzeko zulaketak egiteko baimena eman nahi du Bushen gobernuak. Ekologisten arabera, horrek arriskuan jarriko ditu hegazti migratzaileak, hartz zuriak, karibuak eta beste animaliak.Datozen urteotan kalte gehien jasango duten munduko eskualdeak identifikatu ditu aste honetan zabalduriko ikerketa batek. Guneon artean Alaska nabarmendu dute. Egun ugari izan arren aurki galtzeko zorian egongo diren ugaztun espezie gehienak Alaska bezalako lekuetan daudela ondorioztatu dute zientzialariok. Orain arte ukitu gabeko guneotan gizakia gero eta gehiago sartzeak eragingo du hondamendia.
'Exxon Valdez' gogoan
Alaskako naturak ez ditu oraindik gainditu inoiz izan duen isuririk larrienaren ondorioak. 1989ko martxoaren 24an Exxon Valdez petroliontziak hondoa jo zuen Anchorage hiritik gertu. 42 milioi litro erregai isuri zituen ontziak eta 2.080 kilometroko kosta kutsatu zuen. 250.000 hegazti, 2.800 itsas igaraba, 300 itsas zakur, 250 arrano burusoil eta 22 orka hil zituen, besteak beste.
Exxon Valdez petroliontzia, garraio lanetarako erabiltzen dute oraindik, Ekialde Hurbilean eta Asiako hego-ekialdean, izena aldatuta: Mediterranean da orain.
-
Isurketak
Hona azken hamarkadotan gertatu diren erregai isurketa larrienak, gehienak petroliontziek eragindakoak.
1975eko ekaina: Showa Maru Japoniako petroliontzia Malakako Itsasartean hondoratu zen, eta 237.000 tona erregai isuri zuen Indiar Ozeanora.
1976ko urtarrila: Olimpyc Braveary Frantziako ontzia bitan hautsi zen, eta 250.000 tona erregai isuri zuen. Hiru hilabete behar izan zituzten Frantziako kosta garbitzeko.
1976ko maiatza: Galiziako kostaldearen parean Urquiola petroliontziak su hartu zuen, eta 100.000 tona erregai isuri zuen.
1978ko martxoa: Amoco Cadiz Liberiako petroliontzia hondoratu zen Bretainiako kostaldean; 223.000 tona erregai isuri zuen.
1979ko ekaina: Ixtoc One Mexikoko plataforma ontzia Campecheko badian 420.000 tona erregai isuri zuen, bitan puskatu ondoren. 1.600 kilometroko kostaldean zehar eragin zuen marea beltza.
1983ko abuztua: Castillo de Bellver hondoratu zen Lurmutur Hiriaren parean, 250.000 tona petrolio zituela barruan. 1994an, ontzi barruan geratu ziren 100.000 tona inguru azaleratu ziren, eta triskantza ekologiko handia eragin zuen.
1989ko otsaila: Bahía del Paraíso izotza hausteko ontziak arrezife bat jo zuen Antartidan, eta marea beltz handia eragin zuen. Greenpeaceren ustez, ehun urte igaro beharko dute erabat garbitzeko.
1989ko martxoa: AEBetakoExxon Valdez ontziak hondoa jo zuen Alaskan, eta 42 milioi litro petrolio isuri zuen. AEBetako hondamendi handiena izan zen.
1992ko abendua: Mar Egeo Greziako ontziak 79.300 tona erregai isuri zuen Galizian.
1993ko urtarrila: Maerks Navigator Danimarkako petroliontziak beste bat jo zuen Sumatrako badian (Indonesia). 56 kilometroko marea beltzak triskantza handia eragin zuen munduko koral eta arrezife gunerik aberatsenetakoan.
1994ko martxoa : Bi petroliontzik elkar jo eta 500.000 tona erregai heldu zen Pattaya herri turistikora (Thailandia).
1996ko otsaila: Sea Empress Liberiako ontziak lurra jo zuen Galesen, eta 70.000 tona erregai isuri zuen.
1999ko abendua: Erika ontziak 10.000 tona erregai isuri zuen Bretainiako kostaldean.
2002ko otsaila: Prestige petroliontzia erdibitu egin zen Galiziako kostaldean eta 63.000 tona erregai isuri zuen.
2004ko abendua: Malaysiako ontzi batek 500.000 litro erregai isuri zuen Alaskako Aleutiar Uharteetako kostaldean.
2006ko martxoa: Alaskako iparraldeko oliobide batek milioi bat litro erregai isuri zuen.