INGURUMENA. Erraldoi zikinak erretiratu ezinik

Astearterako itsasoetatik at behar zuten 'Prestige' bezalako ehunka petroliontzik, baina askok legea saihestu dute, antza

Edu Lartzanguren.
2005eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Erika petroliontziak Bretainiako kostak erregaiz estali zituenean ireki zitzaizkien begiak Europa eta nazioarteko egintariei: «Krosko bakarreko ontziek desagertu behar dute munduko itsasoetatik», esan zuten orduan. Erabaki zutenez, 2010erako ez zen mota horretako petroliontzirik egon behar. Prestige-k Galiziako eta Bizkaiko Itsasoko kostaldea zikindu zuenean, erretiratze eguna aurreratu behar zela erabaki zuten Bruselak eta Nazioarteko Itsas Erakundeak. Aurtengo apirilaren 5ean zen eguna. Ordurako 20.000 tonako eta 1982. urtean baino lehen eraikitako ontzi guztiek lehorrean behar zuten betiko. Greenpeace erakunde ekologistaren arabera, ordea, ontziotako gehienak uretan dira oraindik, bandera, izena edo jabea aldatuta.

Krosko bikoitza

Ontziaren barrualdea eta itsasoa banantzen dituen altzairuzko pareta da kroskoa. Krosko bakarrekoek edukia itsasora botatzen hasten dira hautsi bezain pronto. Hala gertatu zen Exxon Valdez, Erika eta Prestige-rekin, besteak beste. Etorkizunean ontzi guztiak krosko bikoitza izatea proposatu zuten, konponbide gisa.

Ontzion erretiratzea urratsez urrats zen egitekoa, tamaina eta adinaren arabera. 3.500 dira egun lanean ari diren ontziak, eta horietako 1.700 krosko bakarrekoak dira. 1.119 suntsitu behar dituzte urtea bukatu baino lehen, eta gainerakoak 2010erako desagerrarazi.Haatik, garbiketa lan hori egiteko, arazo handiak ditu Europako Batasunak. Krosko bakarreko ontzien %29 EBko herrialdeen jabetzakoak edo banderapekoak dira. EBk 334 ontzi erretiratu behar ditu urtea amaitu baino lehen. Nora eraman, ordea?Greenpeacek salatu duenez, gai toxikoz beteriko ontziak Asia, Afrika eta Turkiako hondartzetan abandonatzen dituzte askotan. Han lehorreratzen dituzte jabeek, eta hango herritarrek desegiten dituzte, oinarrizko segurtasun neurririk hartu gabe gehienetan. India ekialdeko Kakinada hondartza zabortegi bihurtu dute, hango arrantzale eta biztanleek ozen protestatu arren. Izan ere, amiantoa, beruna eta TBT gai pozoitsua askatzen dute ontzion hondakinek ingurumenera. Itsasoko oskoldunak itsats ez daitezen gehitzen diote TBTa ontzion margoari. Aurten desagertu beharreko EBko ontziek ondare hori utziko diete herrialde pobreetako biztanleei: zortzi tona berun, ia lau tona amianto, 1.000 tona TBT eta 130 milioi litro olio hondakinak, besteak beste.

'Exxon Valdez', orain 'Mediterranean'

Herrialde txiroetako hondartzetan abandonatzen ez dituzten ontziek bigarren bizialdia dute, mozorropean. Alaskako kostaldeetan 1989an hondamendia eragin zuen ontzia, Exxon Valdez, garraio lanetarako erabiltzen dute oraindik, Asiako hego-ekialdean, Mediterranean izenaren pean.

Kasu horrek argitzen du desagertu beharreko ontziekin egun gertatzen ari dena. Asteazkenean bertan, krosko bakarreko 40 ontzi hauteman zituzten ekologistek Algecirasko badian, Espainiako hegoaldean. Herenegun legez kanpo geratzekoak ziren lau ontzi lanean ari ziren martxoan Gibraltarren. Haietako hiruk debekatua dute EBko kaietan sartzea 2003tik.

-

PETROLIONTZIAK



Azken istripu eta isurketa, astelehenean



Krosko bakarreko ontzien aurkako legedia indarrean sartu bezperan, istripua izan zuen Arteaga Portugalgo petroliontziak Txina ipar-ekialdeko kostaldean. Hondoko harri batek zulatu zuen kroskoa, eta petrolioa isuri zuen ontziak. 119.574 tona petrolio zeramatzan ontziak eta Yemendik zetorren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.