INTERNET

Interneteko jendarmeak izaten jarraituko dutela diote AEBek

Sareko domeinu izenak kudeatzen dituen erakundea Nazio Batuen Erakundearen esku uzteko eskatzen diote Washingtoni

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek argi utzi dute: ez dute, inolaz ere, Nazio Batuen Eskuetan utziko Interneten gaineko kontrola, garatzeko bidean diren herrialdeak eta Europako Batasunak mundu osoan ezinbestekoa bihurtu den sarearen kudeaketa sistema «bidezkoagoa» eskatu arren. Informazioaren Gizartearen goi bileran eztabaidatuko dute gai hori, urrian. Hura prestatzeko aste honetan eginiko bileran, berriz, Interneteko helbide sistema ez duela beste inoren esku utziko esan du Washingtonek.

«Ez dugu onartuko NBEk Interneten kudeaketa bere gain hartzea», esan zuen ostegunean AEBetako Gobernuko Nazioarteko Komunikazio Koordinatzaileak, David Gross enbaxadoreak. «Herrialde batzuek hala nahi dute, baina, gure ustez, onartezina da».Egun, Washingtonek kontrolatzen du Interneteko helbide sistema. Icann erakunde pribatuak ematen ditu domeinu izenak, besteak beste, estatuei dagozkienak. Talde horrek onartu zien katalanei joan zen astean .cat izena. Aldaketak egiteko, AEBetako Merkataritza Departamentuaren onespena behar du Icannek.Herrialde asko kezkatuta daude, horrek Interneteko trafikoa AEBen kontrolpean jartzen duelako. Argudiatzen dutenez, aski litzateke Washingtonek erabaki bat hartzea herrialde osoak Internetetik «desagerrarazteko». Munduko ekonomian horren garrantzitsua den tresna herrialde baten kontrolpean egotea ez dela bidezkoa deritzote. AEBek argudiatzen dutenez, beraiei dagokie kontrola, Internet sortzen eta sarearen lehen urratsak finantzatzen izan zuten eginkizunarengatik. Horrez gain, kontrola NBEri emateak sarearen kudeaketa alor pribatuari kendu eta gobernuei emango liekeela dio Washingtonek.

«Beste eredu bat» nahi du Bruselak

«Elkarlanerako beste eredu bat nahi dugu. Eredu horren bidez, herrialde guztien artean erabakiko da Interneten kudeaketa eta politika. Internet baliabide globala da», esan zuen Europako Batasunaren eledun Martin Selmayrek, asteazkenean Genevan (Suitza) eginiko bileran. EBren proposamenarekin «etsita» dagoela erantzun zuen Gross estatubatuarrak, eta AEBen kontrolaren gaia negoziatzerik ez dagoela ohartarazi zuen: «Politika nazionaleko kontua da hau», esan zuen.

1998. urtean Icann erakundeari eman zion Washingtonek Interneteko direktorio nagusiak kontrolatzeko ardura. Horiek ematen diete bilatzaileei edo posta programei guneak aurkitzeko helbideak. Nazioarteko kideek osatzen dute Icann, baina Washingtonek beto eskubidea du. Urrian bilera egingo du Nazio Batuen Erakundeak Tunisian. Litekeena da gai hau izatea korapilatsuena.

Interneten kontrol berria





Hona hemen Nazio Batuen Erakundeak sarearen kudeaketa berritzeko estatuei egin dizkien lau proposamenak:

Lehena: Interneteko Batzorde Globala sortzea, NBEren barruan, gobernuek eta beste zenbait eragilek osatuta. AEBek kontrola galduko lukete.

Bigarrena: Ez da aldaketarik egingo, baina eztabaida foroa indartuko da Icann kontrol erakundean.

Hirugarrena: Interneteko Nazioarteko Batzordea sortzea, NBEtik kanpo. AEBek kontrola galduko lukete.

Laugarrena: Hiru erakunde sortzea. Batek Icannen lana hartuko luke. Beste bat eztabaida foro bihurtuko litzateke. hirugarrenak politika publikoa koordinatuko luke.

ETEN DIGITALA



 

Hirugarren munduko haur orori ordenagailu eramangarria emateko egitasmoak, aurrera





Brasil, Txina, Egipto, Thailandia eta Hegoafrikako haurrak izango dira lehenak. Hala iragarri du Nicholas Negroponte Massachusettsko Teknologia Institutuko adituak. Negroponte 85 euro baino gutxiago kostatuko duten ordenagailu eramangarriak diseinatzen ari da. Helburua hau da: aberatsen eta pobreen arteko eten digitala murrizteko, haurrei ordenagailu bana ematea.Diseinatzen ari diren makinak gomazko estaldura izango du, haurren eskuetan iraun dezan. Linux sistema eragilearekin funtzionatuko du. Ez du disko gogorrik izango, baina memoria txartelak erabili ahalko dira.

Herrialde askotan argindarra bermatuta ez dagoenez, ordenagailuak biradera bat izango du, bateriak betetzeko. Interneten telefono kablerik gabe sartzeko ahalmena izango dute. Datorren urtearen amaierarako edo 2007. urtearen hasierarako hasiko dira ordenagailuok zabaltzen. Urtero 100-150 milioi gailu egitea espero dute. Ordenagailua ezingo da, ordea, merkatuan erosi. Soilik hezkuntza agintariek eskatu ahalko dituzte, eta fabrikazio kostuan emango zaizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.