HARRIKATZEA NIGERIAN

Irailaren 25era arte atzeratu dute Amina Lawalen epaia

Nigeriako epaitegiak bosgarrengoz atzeratu du ezkontzatik kanpo haur bat izateagatik harrikaturik hiltzera zigortu zuten emakumearen epaia, haren abokatuaren argudioak entzun ostean

DONOSTIA
2003ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Katsinako Apelazio Auzitegiakirailaren 25era arte atzeratu zuen atzo Amina Lawal emakume nigeriarraren epaia, defentsaren argudioak entzun ostean. Amina Lawalek ezkontzaz kanpo haur bat izan zuen, eta horregatik besapetaraino lurperatu eta harrikaturik hiltzeko zigorra ezarri zioten, xaria islamaren legeak hala agintzen duela eta.

Amina Lawalen abokatu Aliju Musak haren errugabetasuna berretsi zuen atzo. Amina Lawali zigorra ezarri zion Auzitegiak ez zuela bere garaian behar besteko azalpenik eman adierazi zuen defentsak. Abokatuaren esanetan, Auzitegi horrek ez zion Lawali zer leporatzen zioten azaldu eta era berean, ez zioten deklaratuko zuenak izan zezakeen ondorioren berri eman.

Amina Lawal xaria legea Katsina estatuan indarrean jarri aurretik haurdun gelditu zela berretsi zuen atzo defentsak. Haren esanetan, «enbrioia Amina senarrarengandik banandu orduko eta xaria indarrean jarri aurretik sortu zen». Auzitegiak orduan epaia 29 egunez atzeratzeko erabakia hartu zuen. Hala ere, epaia gehiago atzeratzerik ez dagoela nabarmendu zuen, «auzia oso delako garrantzitsua». Jendez gainezka eta segurtasun neurri zorrotzak zeuden salan egin zituen adierazpenok epaileak. Amina Lawal bera ere bertan zen Wasila alaba besoetan zuela.

Nigeria iparraldean emakume askori ezarri diote harrika hiltzeko zigorra, ezkontzaz kanpoko harreman sexualak izanagatik. Hala ere, zigor horietako bat bera ere ez da bete gaur artean. Horrek asko mikaztu du Nigeriako egoera. Olusegun Obasanjo Nigeriako presidenteak, esaterako, alde bateko eta besteko kritikak jaso ditu. Nazioartetik harrikatze zigorrak bertan behera uzteko eskatu diote Obasanjori behin eta berriz; beste aldetik, musulmanen presioa du Nigeriako populazioaren zati handi bat, 120 milioi inguru, musulmanak dira

Xaria legea

1999tik indarrean dago xaria legea Nigeriako bederatzi estatutan Sokoton, Zamfaran, Katsinan, Kanon, Jigawan, Yoben, Bornon, Kebbin, Nigerren, Kadunan, Bauchin, eta Gomben. Adulterioa, hilketak, lapurretak eta alkohola edatea zigortzen du xariak. Legea urratzeagatik ezartzen dituen zigorrak, berriz, flagelazioa, harrikatzea eta gorputzeko atalen bat ebakitzea dira, besteak beste.

Zigorrak «iraingarriak, ankerrak, jasangaitzak, krudelak, eta neurriz kanpokoak» direla salatu dute behin eta berriz giza eskubideen aldeko erakundeek,ez dutela nazioarteko Torturaren Aurkako Hitzarmena errespetatzen. Xaria legea Zamfara estatuan jarri zuten indarrean aurrenekoz, eta egun, Nigeria iparralde osoan populazioaren gehiengoa musulmana da dago indarrean.

Epaileen ikuspuntutik haurdunaldia izan zen Amina eta beste hamaika emakume zigortzeko proba erabakigarria. Izan ere, Maliki pentsamendu teologikoaren arabera Nigeria iparraldean oso hedatua dagoen Islama interpretatzeko modu bat da haurdunaldia nahikoa da emakume batek adulterioa egin duela frogatu, eta ondorioz, zigortzeko. Gizonezko batek nahikoa du sexu harremanik izan ez duela zin egitea epaileek errugabetzat jotzeko. Gizonezkoen kasuan, akusatuaren hitza gezurtatuko duten lau lekuko daudenetan bakarrik ezartzen da zigorra.

 

HARRIKATZEA MUNDUAN



 

Harrika hiltzera zigortutako emakumeak





Azken bost urteetan gutxienez hamabi emakume zigortu dituzte harrikaturik hiltzera sei herrialde musulmanetan, xariak hala agintzen duela eta. Adulterioa egin izanaz ezkontzaz kanpo sexu harremanak izatea akusatu zituzten emakume horiek guztiak. Kasu horietako bakar batek ere ez du Amina Lawalenarenak besteko oihartzunik izan, baina denetan eragin du nazioarteko presioak. Pakistanek eta Iranek, esaterako, harrikatzea galarazi dute aurten, nazioarteko kritika gogorren ondorioz. Iazko uztailean, bestalde, bertan behera utzi zuen Nigeriako Xariako Korteak Safija Huseini ezarritako heriotza zigorra. Husein, 35 urteko emakumea, harrikadaz hiltzera zigortu zuten, adulterioa egin izana leporatuta. Bortxatu egin zutela argudiatu zuen Huseinek, eta Sokotoko Auzitegiak hark ezarritako helegitea onartu eta bertan behera utzi zuen zigorra. Abok Alfa Akok Sudango emakumearen kasuan zigorra leuntzeko balio izan zuen nazioarteak egindako presioak. Guztiek, baina, ez dute zorte bera izan. Barija Ibrahim 18 urteko nigeriarrak, esaterako, 100 zartadatik gora jaso zituen, ustez ezkontzaz kanpo haurdun gelditzeagatik. 2000n, berriz, gutxienez lau emakume hil zituzten harrikaturik Iranen, eta urte berean, talibanak boterean zirela, Afganistango bi emakume hil zituzten modu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.