ESPAZIOA

ISSa, bost urtez espazioko aterpe

Nazioarteko Espazio Estazioaren etorkizuna ez dago ziurtatuta, kritikei, atzerapenei eta istripuei aurre egin badie ere

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Apartamentu baten tamaina zuen hasieran, baina bost urteren buruan eta obrak apurka eginda, hiru logelako etxe tipi bat baino handiagoa izatera heldu da; ez dago gaizki, haurrik gabeko bikote batentzat. Bill McArthur eta Valery Tokarev astronauta bikoteak Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS)urteurrena ospatu zuten atzo. 2000. urteko azaroaren 2an sartu ziren lehen astronautak ISSan, eta harez geroztik beti izan da norbaitespazio estazioan, nazioarteko lankidetza egitasmorik handienean.

Markak albora utzita, ISSaren historia aski gorabeheratsua da,eta egun ere estazioaren etorkizuna ez dago ziurtatuta. Askok zalantzan jartzen dute haren balio zientifikoa, eta ISSan dirutzak xahutzeak misio interesgarriagoak galarazten dituela deritzote.

«Nazioarteko Espazio Estazioak gizakiaren historia aldatuko du», esan zuten NASAko buruek 2000. urtean. Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarri zuen 1980ko hamarkadaren hasieran AEBek espazio estazio iraunkor bat eraikiko zutela. Freedom (Askatasuna) izango zuen izena. Gerra Hotzaren azken urteak ziren, eta espazioan misil sistema bat antolatzearekin egiten zuen amets Reaganek. Egitasmoek ez zuten aurrera egin, dirutza handiak lortu ezinik. Sobiet Batasuna desegin zenean, egitasmoa berreskuratu zuen Clintonen gobernuak. Estazioari izena aldatu, eta ISSa nazioarteko bake eta elkarlanaren sinbolo izango zela adierazi zuen Clintonek.

Atzerapenak eta istripua

ISSan bizitzen lehenak Bill Shepherd eta Sergei Krikalev astronautak izan ziren. Gerra Hotzaren ondorengo euforia espazialak eraginda, estazioa 2006 edo 2007rako bukatuta egongo zela aurreikusi zuten egitasmoan parte hartu zuten 16 herrialdeek. Lehen egitasmoaren arabera, ikerketarako sei laborategi izan behar zituen honez gero estazioak (bakarra du). Horretarako, gutxienez 45 bidaia egin behar ziren Lurretik estaziora. Misioak, ordea, atzeratu egin dira. Zvezda zerbitzu modulua, esaterako, urte eta erdi berandu heldu zen ISSra. Horrez gain, arazo tekniko ugari izan ditu estazioak. Oxigenoa sortzeko sistemak huts egin zuen hasieran, eta zaborra arazo bilakatu zen estazioan pilatzen hasi zenean.

Edonola ere, kolpe gogorrena Columbiaren leherketa izan zen, 2003ko otsailaren 1ean. Garraio misio gehienak AEBen transbordadoreen bidez egin behar ziren, baina istripuaren ondorioz bertan behera utzi zituen NASAk. Geroztik, Soyuz koheteek hartu zuten transbordadoreen lekukoa. Errusiako ontziak, ordea, txikiegiak dira eraikuntzarako behar ziren gaiak garraiatzeko.Hainbatetan egon da estazioa bertan behera gelditzeko zorian.1993an boto bakar batengatik lortu zuen argi berdea AEBetako Kongresuan. Politikari batzuen arabera, Gerra Hotzaren erlikia da estazioa. Argudiatzen dutenez, Washingtonek aurrera jarraitu zuen egitasmoarekin Errusiako puntako zientzialariak «herrialde etsai» batera joan ez zitezen.Bultzatzaileen arabera, ISSa ezinbestekoa da, gizakiak Martera bidali nahi badira. Estazioan dagoeneko 89 esperimentu egin direla argudiatzen dute, gehienak grabitate ezak gizakien gorputzean duen eraginaren ingurukoak. Saiook, adibidez, osteoporosiaren ikerketan lagunduko dutela dio NASAk. Dagoeneko 12 astronauta talde eta hiru «turista» izan dira espazioko aterpean.

ISSaren abentura







1984: AEBek espazio estazio iraunkorra eraikiko zutela iragarri zuen Ronald Reagan presidenteak. 1994. urterako egina behar zuen.

1994: Bill Clintonek ideia berreskuratu zuen, baina nazioarteko egitasmo bihurtu zuen, Gerra Hotza amaitua zela baliatuta.

1998: Zaria modulua espazioratu zuten errusiarrek. Estazioaren bihotza izango zen modulua. Bi asteren buruan Unity modulua gehitu zioten estatubatuarrek.
2000: Zvezda modulua gehitu zioten ISSri. Azaroaren 2an heldu ziren estaziora lehenengo astronautak.
2001: Japoniako modulu esperimentala eraikitzeko lehen piezak heltzen hasi ziren. Lehen espazioko turista hartu zuten estazioan, Dennis Tito AEBetako enpresaburu aberatsa.

2002: Europako Espazio Agentziaren Columbus modulua espazioratu zuten. Bigarren turista Mark Shuttleworth hegoafrikarra izan zen.

2003: Columbia lehertu zen.Transbordadoreen bidaiak bertan behera utzi zituen NASAk.
2004: ISSko astronautek soilik hilabete baterako elikagaiak zituztela iragarri zuten abenduaren hasieran. Progress ontzia heldu zen gutxira.

2005: Discovery transbordadorearen bidaia, lehena istriputik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.