KLIMA ALDAKETA

Janari eskasia sei estatutik batean

Azken urteotako lehortea behin betiko joera bihurtzea litekeena dela esan dute Nazio Batuen Erakundeko zientzialariek

Erredakzioa
2005eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Sei herrialdetik batean elikagai faltan ibiliko dira aurten, azken urteotan ia lehorte etengabea jasan ondoren. Ez da lehen aldia, aurreko hamarkadetan ere izan direlako halako krisialdiak, batez ere Afrikan. Egungo krisia desberdina eta kezkagarriagoa dela esan dute, ordea, Nazio Batuen Erakundeko zientzialariek. Izan ere, klima aldaketaren ondorioz, lehortea ia behin betikoa izatea litekeena dela ondorioztatu dute. Horrez gain, Lurra berotu ahala Afrikako egungo alor emankor asko hondarraren azpian geratuko direla zabaldu zuen atzo beste ikertzaile talde batek.

Okerren dauden herrialdeetan Etiopia, Zimbawe, Malawi, Eritrea, Zambia 15 milioi pertsona goseak egongo dira aurki, laguntzarik eman ezean. Hala iragarri du Wulf Killmanek FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundean klima aldaketaz arduratzen den taldeko buruak. Horrez gain, egoera nabarmen okertzen ari da Niger, Djibuti eta Sudanen. Azken 10 urteotako uztarik txarrena izan dute herrialdeotan, eta azken urteotako hirugarren edo laugarren lehortea pairatzen ari dira.«Eredu bat ezartzen ari dela ikusi dugu: Afrikako hegoaldea gero eta lehorragoa da, eta jende guztiak dio han klima aldatzen ari dela. Dagoeneko lehorterako joera duten guneak gero eta lehorragoak izango dira, klima aldaketa dela eta», esan du Killmanek.Eskozian biltzekoak dira datorren astean munduko zortzi estaturik aberatsenak klima aldaketaren erronkaz mintzatzeko. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak egoeraren larriaz ohartarazi die G8koei: 34 herrialdetan lehorte larriak eta behar baino elikagai gutxiago dituzte, eta gero eta estatu gehiago egongo dira egoera horretan. Aurten 30 milioi pertsonak laguntza beharko dute, lehortea edo bestelako hondamendien eraginez, FAOk gaineratu duenez.

Dunak, aurrera

Klima aldaketaren eraginen inguruan orain arte eginiko ikerketa gehienetan, Europa eta Amerikako iparraldeko kostaldeetako aldaketak aurreikusi dituzte. Nature aldizkariak atzo argitaraturiko ikerketan, ordea, klima aldaketak Afrikako paisaian zer eragin izango duen aztertu dute. Ondorioztatu dutenez, litekeena da kontinentean egun emankorrak diren hainbat eskualde hondarren azpian geratzea, basamortuetako dunek aurrera eginda.

Kalahariko hareak, esaterako, 35 urte barru hasiko dira mugitzen Botswana eta Namibiako erdialderantz, zientzialarien eredu informatikoaren arabera. Izan ere, gehiegizko ustiaketak lurra babesten duen landare geruza suntsituko du, eta giro lehorrak are eta mugikorrago bihurtuko ditu dunak. Angolan, Zimbawen eta Zambian dunak 2070. urterako hasiko dira mugitzen.

Europako Batasunak han bultzaturiko abeltzaintzak eskualde horiek basamortu bilakatzea litekeena dela esan dute ikertzaileek. «Afrikako hegoaldean bereziki, ez dago zalantzarik: lehortea askoz maizago gertatzen ari da azken urteotan», esan du Henri Josserand NBEko goseteak aurreikusteko sistemako buruak: «Eredua behin eta berriz gertatzen ari da. Hori da harrigarriena». Afrikako muturreko kasuak ez dira bakarrak munduan. Lehorte gorriak pairatu dituzte Kuban, Guatemalan, Hondurasen, Nikaraguan, Vietnamen, Kanputxean, Australian, Afganistanen, eta Morokon. Azken herrialdean kalte handia eragin du nekazaritzan, eta, agintariek uste dutenez, jende askok hirietara joko du, edo atzerrira.

-

EUROPAKO BATASUNA

Berlin: «Europa ez dago lehorterako prestaturik»




Orain arteko lehorterik larriena pairatzen ari da Europako hegoaldea, eta EB horretarako prestaturik ez dagoela esan zuen atzo Alemaniako Ingurumena Babesteko Departamenduak. Urtegiak eta ubideak egitea ez dela konponbidea gaineratu zuen, eta padurak eta erreka bazterrak babesteko eskatu zuen. Portugal eta Espainian, uzta asko galdu dira eta urtegietan pilaturiko ura minimo historikoetara jaitsi da. Bi herrialdeok laguntza eskatu diote Bruselari, elikagai urritasunari aurre egiteko. Bruselak Frantzian lugorri utzitako soroak abereak elikatzeko baimena zabaltzea lortu du Parisek. Apirilean, EBk 36 departamentuetarako eman zuen baimena, eta atzo beste 41erako:lurraldearen %80n ezarri da dagoeneko neurria.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.