ERLIJIOA. ELIZA KATOLIKOA

Joan Paulo II.a santu egiteko prozesua aurkiabiatuko du Benedikto XVI.ak

Erredakzioa
2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Joan Paulo II.a ahalik eta azkarren kanonizatu (santu izendatu) nahi du Benedikto XVI.a aita santuak. Izan ere,Vatikanoko azken burua dohatsu egiteko edo beatifikatzeko prozesua hastea erabaki zuela jakinarazi zuen atzo, Letrango San Juan basilikan (Erroma) eman zuen mezan. Aurrerantzean, Joan Paulo II.ak zabaldu zuen bidetik jarraituko duela esan zuen Eliza katolikoko buruak, atzo.

Zuzenbide Kanonikoko Kodeak dio hil eta bost urtera abiarazi behar dela santutu gura den pertsona beatifikatzeko prozesua, ez aurretik. Edozelan ere, aita santuak epe hori laburtzeko agin dezake, nahi izanez gero. Joan Paulo II.ak horixe egin zuen Calcuttako (India) ama Teresarekin. Calcuttako ama hil eta bi urtera beatifikatu zuten. Hala ere, Zuzenbide Kanonikoko Kodean zehazten diren pauso guztiak errespetatu zituzten orduan. Badago beste aukera bat ere, baina: aita santuak herriaren aklamazioa onartzea. Garai batean egiten zen, baina aspaldian ez da egin. Eliza katolikoko buruzagi berriak aklamazioa onesten duen kasuetan, urtebeteko epean egiten dute santu pertsona hori.

Doktrinaren zaintzailea

William Joseph Levada San Frantziskoko artzapezpikua da atzotik Fedearen Doktrinarako Kongregazioko prefektua. Joan Paulo II.aren agintaldian Joseph Ratzinger kardinalak bete zuen kargua beteko du orain San Frantziskoko artzapezpikuak.

William Joseph Levada Long Beachen (Los Angeles, AEB) jaio zen 1936. urteko ekainaren 15ean. 1958. urtean teologian lizentziatu zen, Erroman. Vatikanoko San Petri basilikan izendatu zuten apaiz, 1961. urtean. 1976. urtean Fedearen Doktrinarako Kongregazioko buru izendatu zuten eta sei urte egin zituen kargu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.